'Chemsex'-a: alde eta ondorio anitzeko praktika

'Chemsex'-aren praktika goititu da COVID-19aren pandemiaz geroztik. Gizonen arteko sexu harremanetan gertatzen da gehienetan, eta praktika horri buruzko hainbat definizio egin dira. Eremu publikoan, toxikofobia eta homofobia nabari dira gaiaz aritzean.

IRATI PELUAGA
IRATI PELUAGA
Xalbat Alzugaray
2026ko apirilaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Estigmara eta erraztasunera jotzeko parada ematen du chemsex-ak, eta halaxe egin dute hedabide frankok: gaia errazegi landu, eta, gainera, gay komunitatea estigmatizatu. Hori nabarmendu du Lorea Gurutxarri Sare elkarteko sexologoak chemsex fenomenoaz solastatzean. «Diskurtso publikoak bakarrik kasu larrienen gainean jartzen du fokua. Estigma funtsezkoa da chemsex-az aritzen garelarik. Gizon homosexualei eta bisexualei etiketa oso negatiboak ematen zaizkie gaia eremu publikora ateratzen delarik». Horrekin bat dator Bizia adiktologiarako arreta, laguntza eta prebentzio zentroko langile Pierre Labadie ere. Chemsex-ari buruzko aurreiritzi franko entzuten dituela nabarmendu du, bertzeak bertze homofobiak eta toxikofobiak eraginik.

OFDT Frantziako Drogen eta Mendekotasunen Behatokiaren arabera, chemsex-a sexu jarduera eta produktu psikoaktiboen erabilera batzen dituen praktika multzoa da. Definizio horri Labadiek gehitu dio praktika hori sexu harremanak errazteko tresna dela, eta gehien baliatu drogak katinonak direla, hots, 3MMCa eta 4MMCa. Haren ustez, GHBa ere zabaldua da praktikatzen dutenen artean. David Stuartek eman zion definizioan, chemsex-a gizonen arteko sexu harremanetan gertatzen da nagusiki, eta hurbilpen komunitarioak ere definizio hori berretsi duela erran du Labadiek, baina oroitarazi du chemsex-a zabaltzen ari dela gizonen arteko harremanez harago ere. OFDTk praktika definitzeko bertze bide bat ere ireki du. Haren arabera, gizonen arteko harremanetarik haragoko komunitateak ere hunkitzen ditu chemsex-ak; hurbilpen eta analisi komunitarioa egiten dutenek, berriz, hitza zentzuz «husteko» arriskuaz ohartarazi dute.

Muga lausoa dela kontatu du Labadiek, baina hurbilpen komunitarioak gizonen arteko sexu harremanen esparruan sartzen du chemsex-a. Eremu libertinoetan, desira, eszitazioa eta sexu performancea igaiteko eta iraunarazteko praktika ere bada, baina hortik aparteko testuingurua drogen erabilpen sexualizatua litzateke, haren ustez. Justuki, bien arteko muga lausoa izan daitekeenez, ontzen ari den ikerketa lanean chemsex-a eta drogen erabilpen sexualizatua analizatzea erabaki du. «Gogoeta hauek interesgarriak dira oro har harreman sexualetan drogen erabilpena zer heinetarakoa den ikusteko. Izan ere, drogen erabilpena biziki estigmatizatua da, baina alkoholaren presentziak alimaleko lekua du lehen sexu harremanak gertatzerakoan eta hori ez da askotan zalantzan ematen».

Goitikako joera

Gurutxarriren eta Labadieren erranetan, 2000ko hamarkadan hasi zen chemsex-a zabaltzen Europako hiri handietan, Parisen, Madrilen eta Bartzelonan, errate baterako. Praktika horren joera analizatzea zaila zaie, nahiz eta geroz eta datu gehiago izan eskura. Ziurtzat jo dute COVID-19aren pandemiaren ondotik praktika igan dela: landa eremuetara arribatu da, eta hirietarik kanpora joan. «Eremu anitz hetsi ziren pandemia garaian, eta jendea biltzen zen etxeetan —Parisen, adibidez— besta egiteko, eta hortik zabaldu zen joera berri hau, pandemian gertatu itxierak azeleraturik», erran du Labadiek.

Chemsex-a emendatzen ari dela segurtatu du Gurutxarrik ere, eta Iruñetik kanpoko landa eremuetan agertu dela baieztatu. Gainera, Tinder eta antzeko aplikazioek chemsex saioak lokalizatzeko aukera ematen dute, praktika duela urte zenbait baino eskuragarriagoa bihurtu baita, eta hartara batzeko erraztasun handiagoa agerian eman du Gurutxarrik. «Etxe pribatuetan, landetxeetan edo cruising guneetan gertatzen da gehienetan, eta asteburu osoko saioak izaten dira batzuetan».

Arreta eta prebentzio beharra

2020an hasi ziren drogaren erabilpenari lotu nahasmenduak zituzten pertsonak arribatzen Bizia zentrora. Adiktologia zentroan chemsex-ari lotu kasu aski guti ikusten dituela zehaztu du Labadiek, eta, haren harridurarako, Ipar Euskal Herriko datuak ez datoz bat Frantziako datuekin, ezta hedabideetan zabaldutakoarekin ere. «Momentuz Ipar Euskal Herrian aski kasu guti direla erran nezake. Nik behintzat Frantziako joerari konparaturik ez dut kopuru handia ikusten hemen».

Hala ere, Gurutxarrik chemsex-ak eragin ditzakeen hainbat ondorio zerrendatu ditu: nahasmendu emozionala, antsietatea eta, batzuetan, sexua substantziarik gabe egiteko zailtasunak ere gara daitezkeela ohartarazi du. Labadiek azpimarratu duenez, drogen erabilpenak buru osasuna, osasun adiktologikoa, sexu bidezko infekzioen arriskua eta osasun sexuala hunki ditzake chemsex-aren testuinguruan.

«Eremu anitz hetsi ziren pandemia garaian, eta jendea biltzen zen etxeetan —Parisen, adibidez— besta egiteko, eta hortik zabaldu zen joera berri hau, pandemian gertatu itxierak azeleraturik»

PIERRE LABADIE Bizia zentroko langilea

Arta eta arreta eskaintzeko tenorean, lau arlo horiek kontuan hartu behar direla nabarmendu du, «azterketa sakon bat» egin ahal izateko. Bizia zentroan ez dute «abstinentzia politikarik» egiten, baizik eta laguntza eske datorrenaren helburuak segitu eta pausoak finkatzen dituzte, Labadieren hitzetan. Beraz, kasuan-kasuan, droga kontsumitzeko manera seguruak proposatzen dituzte, eta, pertsonak behar balu, droga hartzeko material segurua ere ematen diote. Horrez gain, «aholkularitza eta akonpainamendua» ezinbertzeko ekintzatzat jo ditu laguntza emateko tenorean.

Bertzalde, chemsex-ak zaurgarritasun kimikoa pitz dezake, eta horren ondorioz sexu harremanetan onespena lanjerean izan daitekeela adierazi dute Gurutxarrik eta Labadiek. «Onespenaren mugak lausotzen ditu drogak, eta onespenik gabeko egoerak gertatu izan dira. Halakoetan, pertsonek kontatzen digutenetik eta behar dutenetik abiaturik laguntzen diegu kontrola berriz hartzen», erran du Gurutxarrik. Labadiek ere bide beretik jo du, eta norberaren mugak noraino atxikitzen diren jakiteko eta bertzearekiko mugak onartzeko zailtasunak sor daitezkeela erran du.

«Onespenaren mugak lausotzen ditu drogak, eta onespenik gabeko egoerak gertatu izan dira. Halakoetan, pertsonek kontatzen digutenetik eta behar dutenetik abiaturik laguntzen diegu kontrola berriz hartzen»

LOREA GURUTXARRI Sexologoa

Arretaz gain, Gurutxarrik agerian eman du «prebentzio konbinatua» plantan ematea beharrezkoa dela, detekzioan eta sexu heziketan fokua emanez. «Nafarroan lanean ari gara arreta integral bat lantzeko: duela urte batzuk komite bat sortu zen hainbat eragileren artean, eta prozesu horretan hainbat gaude. Detekzioa da gure erronkarik handiena. Errate baterako, orain tailerretan chemsex-a lantzen dugu, ahalik eta osoena izan dadin gaiarekiko hurbilpena».

Esperientzia «onak»

Chemsex-ean dena ez da mendekotasun edo esperientzia txar Gurutxarriren eta Labadieren arabera. Talde bateko kide sentitzeko baliagarria izan daiteke, baita lotsa galtzeko ere. «Baliteke batzuk lotsatiak izatea sexu harremanetan, eta, beraz, nolazpait lotsa galtzen dute horrelakoetan, eta talde baten parte sentitu».

Esperientzia positiboak ere aditu izan dituela gehitu du. Sozializatzeko topaketak izan daitezke, haren ustez, eta halakoetan jendeari bere burua babesteko tresnak eskaini behar zaizkiola nabarmendu du. «Jende anitzek kontatzen digu esperientzia onak izan dituztela. Dena ez da droga eta sexua. Topaketa horiek lagungarriak dira pertsona frankorentzat». Labadiek kontatu duenez, gainera, chemsex-a praktikatzen dutenen gehienek ez dute droga kontsumoarekin lotu nahasmendurik, eta Ipar Euskal Herrian behintzat ez du zertan osasun publikoko arazo bat izan, kopuruan ez baita bereziki «esanguratsua».

Nolanahi ere, estigmatizazio kanpaina eta epaiketarako joera nabarmendu dute biek, eta gaiaz sanoki mintzatzeko hainbat traba xehatu dituzte. Labadiek homofobia eta toxikofobia «anitz» sentitzen du inguruan, eta horrek jendea lasaiki mintzarazteko zailtasunak sortzen ditu batzuetan. Baina, horrez gain, Gurutxarriren ustez, osasun arloan oraino tabu handia da droga substantziez eta heteroarauaz aparteko sexualitateez mintzatzea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA