Jokin Etxeberria

«'Chiloé' egin dudanetik oporrak hemen inguruan pasatzen ditut»

Hasi zen Myjok enpresarekin, Maiana Agorrodirekin batera. Hortik, 'Burp' asmatu, eta bideo batekin telebistara jauzi egin zuen. 'Chiloé' bidaia programa aurkeztu zuen lau urtez, munduan gaindi ibiliz. Bilbon bizi da, baina ez da geldirik egoten.

Joanes Etxebarria.
2013ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Gidoigile, telebistako aurkezle eta komertziala ikasketaz. Jokin Etxeberriak (Donibane Lohizune, 1979) bere kontura lan egin izan du, kasketa anitz jantzirik. ETBrekin lan egin ondoan, J.O.K films ekoiztetxea sortu du, zeinekin Nire Argazkia dokumentala plazaratu duen, Benito Duinatekin batera.

Elkarrizketa hau marrazki batek ilustratzen duenez, egizu zure argazkia, otoi.

Uste dut litzatekeela argazki bat non mugan agertzen naizen, Lapurdi idatzia den tokian. Baina beharbada Bilbora joaten, zentzu honetan.

Bilbon bizi den lapurtarra zara. Gustuz soilik ala zure lana ezin zelako ber gisara Lapurdin egin?

Bilbok aukera eman dit nire gogo profesionalak bultzatzeko eta egiteko. Egia da etorri naizela lanarentzat, eta gero gustatu zait hiria; hemen ongi bizi naiz nire lan arloan. Baditut lagun asko joan direnak Parisera edo beste nonbaitera; ni Bilbora joan naiz, eta aukera gehiago ukan ditut.

Muga anitz zeharkatu dituzu bidaiekin. Non harrapatu zaitu BERRIAk, kanpoan?

Ez, bidaiak amaitu ditut. Orain, Bilbon nago. Chiloé [ETBko bidaia programa] egin nuen lau urtez, eta geroztik muntatu dut nire firma berria, J.O.K Films deitzen dena. Orain ari naiz lan desberdinak egiten, nire ekoizpenak eta komunikazio edota sorkuntza lanak.

Zuk komertzioa ikasi zenuen. Segur baliagarria zaizula mundu horretarako.

Bai, noski. Nik komertzioa eta gero antzerki eskola bat egin nuen hiru urtez, eta bada hamar urte kontzeptu horretan naizela. Hasi nintzenetik lanean, beti mugitu naiz nire enpresarekin. Laguntzen du jarraitzeko gauzak egiten sorkuntza mailan.

Chiloé programak asko mugitzera eraman zaitu: Jamaika, Kroazia, Quebec eta Marseillara joan zinen lau hilabetean. Hain presaka ibiliz herriak ezagut al daitezke?

Bai. Denbora ematen zuen ukaiteko halako argazki orokor bat, jakinez idazten nituela gidoiak. Ez ziren ikusten dokumentaletan, baina egoten ginen bertako jendearekin, gure laguntzaile zirenekin. Segur da herri bat ondo ezagutzeko; ez dut uste bidaia bakarrarekin egiten ahal duzun.

Chiloé-rekin, nonbait, ametsak saltzen zenituen...

Chiloé zen saio kultural eta turistiko bat. Egiten genuen saio bat Jamaikan, Kingstonen, eta ez genituen aipatzen bortizkeria eta herriaren arazoak. Saio turistiko bat zen gehiago, eta horretan nire rola zen erakustea ondo pasatzen nuela. Pixka bat fikzionatzen nuen, umorea ematen, jakinez ez genuela egiten inbestigazio saio bat.

Korrika ibiltzea telebistak ekartzen duen erritmoa da ala horrelakoa zara zu ere?

Hori uste dut telebistaren erritmoa dela: presaka eta korrika. Gauza asko baditugu egiteko epe laburrean. Hori batzuetan pixka bat problematikoa da, baina tira... Horixe da telebistaren erritmoa. Niri gustatzen zait denbora gehiago hartzea, jendea eta tokiak hobeki ezagutzeko.

Erraten da bidaiatuz hobeki ezagutzen dela norberaren herria ere...

Egia da. Ukan dut sekulako xantza mundua ezagutzeko lau urtez. Hastapenean oporrak pentsatzen nituen urrun joanez... Gogoa eman dit Euskal Herria eta hurbil diren guneak hobeki ezagutzeko. Chiloé egin dudanetik oporrak eta asteburuak hemen inguruan pasatzen ditut, Baigorrin [Lapurdi] adibidez. Bidaiak eginda beste begirada bat dut orain.

Burp saioan ere agertu zinen. Zertan sentitu duzu zeure burua gusturago?

Uste dut berdinketa badela. Alde batetik, Chiloé izan da kristoren aukera mundua ezagutzeko eta ideiak zabaltzeko, irekia izateko munduari benetan, etnozentrismoari stop errateko... Bestaldetik, Burp erokeria zen gehiago, eta alde hori daukat. Uste dut bietan armonia pertsonal bat lortu nuela.

EITBren zuzendaritza aldatzen ari diren honetan, zer ikuspuntu duzu telebistaren geroaz?

Euskal Herrian badira profesional asko, ideia askorekin, eta ni arlo honetan naiz. Gu, independenteak, ez gara telebistakoak, telebistarekin lan egiten dugu. Espero dugu aukerak izanen direla kalitatea egiteko, euskarazko gauzak, eta eroso izanen garela gure lanean gaiak ondo aipatzeko. Espero dut hori izanen dela joera, egiazki parte hartzeko euskal kulturan. Horretarako, behar dira denbora eta baldintza onak.

Zure tonuan bada etsipen zerbait...

Anitzetan aipatzen dira aurrekontuak, eta orekan denbora gutxi bada. Uste dut gauzak kalitatezko egiteko badela telebista publiko baten beharra.

Aipaturikoaz gain, gehiago ere egin izan duzu. Jendeak, karrikan, zer aipatzen dizu gehienik?

Hemen, Bilbon, Chiloé aipatzen didate anitzetan. Bidaiak. Normala da, euskaraz eta gaztelaniaz egiten bainuen; beraz, audientzia gehiago bazuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.