Festarako ez ezik, aldarrikatzeko plaza ere bada Bilboko Aste Nagusia. Eta Palestinaren aldekoak izaten dira aldarri horietako asko. Aurten, konpartsek beste urrats bat egin dute: haietako hamahiruk ez dute Coca-Cola konpainiaren produkturik eskainiko jaietan. Izan ere, enpresak «Israelgo estatu genozida zilegitzen» duela uste dute Eunate Dalmau Mekauen konpartsa internazionalistako kideak (Bilbo, 1987) eta Idoia Ugalde Hau Pittu Hau konpartsa euskaltzaleko kideak (Bilbo, 1993). Bi konpartsa horiez gain, boikotera batu dira Altxaporrue, Bizizaleak, Eguzkizaleak, Kaskagorri, Kranba, Txinparta Feminista, Piztiak, Txinbotarrak, Txori Barrote, Uribarri eta Sinkuartel.
Aurtengo Aste Nagusirako abiatu duzue boikot kanpaina bateratua, baina aurreko urteetan ere izan duzue Coca-Colaren inguruko kezka, ezta?
EUNATE DALMAU: Beti egon izan dira Coca-Cola marka ez erabiltzea erabaki duten konpartsak, badakigu-eta zer motatako enpresa den.
IDOIA UGALDE: Iaz, Palestinarekiko elkartasuna ikusgarria izan zen jaietan, baina aurten erabaki dugu maila ekonomikoan ere eragitea.
Zuen konpartsek erabili izan dute?
DALMAU: Mekauenek aspaldi ez du coca-colarik eskaini, ezta pepsirik ere; beste marka batzuekin egiten dugu lan. Gainera, gero eta alternatiba gehiago daude.
UGALDE: Guk urte batzuetan erabili dugu, eta, beste batzuetan, ez; segun eta zer aukera zeuden.
Logistikoki, zer ondorio dakar produktu horiei uko egiteak? Hornidura zailtzen al du?
DALMAU: Aldaketa guztiak dira zailak. Eta beldur ginen ea txosnak hornitzeko gai izango ginen. Baina, aurten konpartsa askok bat egin dugunez, horrek logistika erraztu du. Lortu dugu, eta uste dut benetan ez dela hain zaila Coca-Colari boikot egitea.
UGALDE: Eta indartuta atera gara. Atzeko sukalde lan handia egon da, ez baita freskagarria bera bakarrik: hozkailuak ere badaude, eguzkitakoak...
«Erreakzioak jaso nahi ditugu. Galde diezagutela ea zergatik ez dugun coca-colarik zerbitzatzen, eta guk arrazoiak azalduko dizkiegu»
EUNATE DALMAUBilboko Mekauen konpartsa internazionalistako kidea
Zergatik egin behar zaie boikot Coca-Cola konpainiaren produktuei?
DALMAU: Gaur egun, Coca-Colak dirua irabazten du Palestinako genozidioaren bidez. Izan ere, fabrika bat dute Israelek ilegalki okupatutako eremu batean, Atarot industriagunean. Horrek esan nahi du Coca-Colak okupazioa babesten duela, bertoko herritarrak mugiarazten dituela, baliabide naturalak lapurtu... Besteak beste, NBEren ebazpenek eta Nazioarteko Gorte Penalak salatu eta baieztatu dute hori.
Israelekin duen harremanaz gain, zer beste ezaugarrik bihurtzen du Coca-Cola gatazkatsu?
DALMAU: Zaila da zerrendatzea. Sekulako salaketak jaso ditu Mexikon, Indian, Brasilen, Kolonbian eta beste leku batzuetan, baliabide naturalak lapurtzeagatik, ura kutsatzeagatik eta sindikalistei jazartzegatik. Eta enpresaren barruan ere, arrazismo kasuak izan dituzte, besteak beste.
UGALDE: Ematen du horrelako enpresa munstroek edozer egin dezaketela. Baina polita iruditzen zaigu urrats bat egitea: oso txikiak gara, baina hemen gaude, eta ez gaude haiekin.
Coca-colarik zerbitzatu ez duzuen urteetan, bezeroek zelako jarrera izan dute?
UGALDE: Jendeak ez du bereziki igartzen. Agian egongo da mokofinen bat... Baina Aste Nagusian ez gara ibiltzen produktuen kalitateagatik, baizik eta giroagatik, konpartsok kalea hartzen dugulako: herriak herriarentzako hartzen du kalea.
DALMAU: Gainera, aurten erreakzioak jaso nahi ditugu. Galde diezagutela ea zergatik ez dugun coca-colarik zerbitzatzen, eta guk arrazoiak azalduko dizkiegu. Eta, agian, hortik aurrera haiek ere ez dute gehiago kontsumituko, ez etxean, ez tabernetan.
UGALDE: Kalkoak nahi ditugu. Guk ere beste batzuengandik hartu dugu-eta ideia: San Frantzisko auzoko Sarean gunean ere ez dute zerbitzatzen, adibidez.
«Konpartsa guztiekin hitz egin dugu, eta boikot kanpainara ez batzeko arrazoiak ez dira ideologikoak izan, baizik eta teknikoak, logistikoak»
IDOIA UGALDEBilboko Hau Pittu Hau konpartsa euskaltzaleko kidea
Erreakzio hori sustatzeko antolatu duzue Agur kanpaina?
DALMAU: Hori da. Eta hasiera baino ez da. Mekauen konpartsak gauza gehiago egingo ditu aurrerantzean. Kontsumoaren bidez, Coca-Colak Israelekin daukan konplizitatea salatu dezakegu, gutxienez: nire diruarekin hori ez da finantzatuko. Eta ez da bakarrik Coca-Colari egindako deia, baizik eta Israelen ondoan dauden marka guztiei. Baina nonbaitetik hasi behar da: txosnak ditugu, eta freskagarriak oinarrizko produktuak dira. Dena den, izozmendiaren punta da. Gainera, kanpaina baikorra da: erakutsi nahi dugu egin daitekeela.
UGALDE: Argi geratu da boikota efektiboa dela. BDSk urteotan egindako kanpainari esker, enpresa batzuek atzera egin dute.
DALMAU: Atarot industriagunean beste enpresa bat zegoen, General Mills, eta boikotaren eta desinbertsioaren bitartez, Palestina okupatutik joan zedila lortu zuten.
Coca-Colaz aparte, txosnetan erabiltzen diren beste marka batzuen inguruko kezka ere baduzue?
DALMAU: Coca-Cola aipatzen dugunean, kolazko freskagarria datorkigu burura; baina zer ez du Coca-Cola konpainiak? Likoreak ere baditu, beste freskagarri mota batzuk... Ataroteko fabrikan ardoak egiten ditu Palestinako mahastietako mahatsarekin.
Hamahiru konpartsa batu dira kanpainara. Erantzun hori espero zenuten?
UGALDE: Bilboko Konpartsak federazioa aho batez dago boikotaren alde: jada ez du dirurik jasotzen Coca-Cola enpresatik, federazioa dagoen lekuetan ez dago haren produkturik ez propagandarik... Baina, gero, konpartsa bakoitzak bere egoera dauka: guztiekin hitz egin dugu, eta kanpainara ez batzeko arrazoiak ez dira ideologikoak izan, baizik eta teknikoak, logistikoak.
DALMAU: Baina hausnarketa bat egin dute, ea hurrengo urtean nola egin dezaketen. Lehenengo urratsean konpartsen erdia batu badira, zenbat izango gara bigarrenenean? Hamahiru konpartsak erabateko boikota egitea erabaki izana oso arrakastatsua iruditu zaigu, eta, gainontzekoen artean, gehienek marka alternatiboak ere eskainiko dituzte, eta beste aukera batzuk jorratzen ari dira.
lotsabako
Aste Nagusirako edari bat?
DALMAU: Goizean muztioa, eta gauean pika. UGALDE: Kalimotxoa.Egunik gustukoena?
DALMAU: Igandetik asteazkenera bitarteko egunak. UGALDE: Niretzat ere horiek dira berezienak; eta, horiez gain, txosnen muntaketa.