Haur eta gazte motxiladunak izan ziren protagonista astearteko Ur handitan saioan —hainbat euskal presoren seme-alabak azaldu ziren, beren bizipenak kontatzen—. Ikusmin handia piztu zuen, programak inoizko datu onenak bereganatu baitzituen. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %7,8ko ikusle kuota lortu zuen —euskaldunen artean, %16,5—.
70.000 lagunek ikusi zuten erreportajea osorik —107.000 herritarrek uneren batean bat egin zuten ETB1eko emankizunarekin—. Bestetik, ETB1ek astearte osoan izan zuen audientziari %44,4ko ekarpena egin zion Xabier Madariagak aurkeztutako saioak. ETB1en batez besteko kuota %2ko ikusle kuota izan zen 2017. urtean.
Erreportajea osorik ikus daiteke EITBren nahieran zerbitzuan.
Kexu azaldu da, ordea, Covite biktimen elkartea. EITBri egotzi dio "ETA zuritzearen zerbitzura" egotea saioa egiteagatik baina haurren guraso presoen izen-abizenak edo horiek espetxean egoteko arrazoiak ez azaltzeagatik. Saioak "bere egiten ditu ezker abertzalearen postulatuak, inolako kritikarik gabe, eta terrorismoaren deslegitimazioa oztopatzen du".
Sare sozialetan ere oihartzun handia izan zuen erreportajeak, eta erabiltzaile askok haur eta gazte motxiladunen jarrera txalotu zuten. Xabier Madariaga aurkezleak ere eskerrak eman zizkien.
Horrez gain, euskal presoen sakabanaketa salatzeko akuilu izan zen atzo gauean saioa. Asko izan ziren hasieratik negarrez aritu zirela aitortu zutenak ere.