Cristobaldik Balenciagara

Balentziagak egindako jantziek ba al dute zerikusirik Balenciaga etxeak egun egiten dituenekin? Elkarrizketa bat badago, baina sotila, Balentziaga museoko erakusketa batean ikus daitekeenez. «Kontzeptualki lotura handiak daude», Igor Uriaren arabera.

Cristobal Balentziagak egindako txaketa, 'hourglass' gerriduna. MAIALEN ANDRES / FOKU
Cristobal Balentziagak egindako txaketa, 'hourglass' gerriduna. MAIALEN ANDRES / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Getaria
2025eko azaroaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hil ziren Christian Dior, Coco Chanel, Yves Saint Laurent. Hil berri da Giorgio Armani. Eta hil zen Cristobal Balentziaga. Bizirik diraute, baina, moda diseinatzaile handi haien abizenek: Dior, Chanel, YSL, Armani eta Balenciaga etxeak dira oraindik ere nagusi moda munduan —eta mundu osoan—. Bat egiten al dute, ordea, gizon-emakume haien lanek beren izena daramaten arropa garaikideekin? Errepikaezinak ziren, edo errepikatu dute haien lana?

Galdera horri erantzun bat emateko saiakera egin dute, hain zuzen ere, Getariako Balentziaga museoan (Gipuzkoa). Elkarrizketa baten sotiltasunak erakusketa zabalik dute maiatzetik datorren urteko urtarrilera arte: «elkarrizketan» jarri dituzte Cristobal Balentziagak egindako jantzi batzuk Demna Gvasaliak ondutako beste batzuekin. Gvasalia izan da, hain justu ere, Balenciaga etxearen sormen zuzendaria uda honetara arte. Hamar urteko ibilbidean, hark itzuli du Balentziagaren izena goi joskintzara, Balentziaga hil zenetik lehen aldiz.

Eta Balenciaga etxeak egin du erakusketa; Getarian dagoena da marka horrek museo batean egin duen lehen erakusketa. Haren bildumako jantziak dira ia denak —jantzi bat baino ez da Balentziaga museoaren bildumakoa—, eta, Euskal Herrian egon aurretik, Parisen izan zituzten erakusgai. Ez museo batean, baizik eta Kering enpresa taldearen egoitzan; harena da Balenciaga, eta baita Gucci eta Yves Saint Laurent ere.

«Balentziagak nahi zuen emakumea ondo joatea. Ez zuen pentsatzen artean, eta Demnak, adibidez, artelantzat dauzka soinekoak»

IGOR URIA Balentziaga museoko bildumen zuzendaria

Getarian, baina, Balenciaga etxeak du protagonismo osoa: Balentziagak, eta haren izenean diseinatu duen Gvasaliak. Ilunpean daude erakusketa osatzen duten 31 jantziak: haiek dute protagonismoa. Ez du argi adierazten zer arropa den zeinena; askotan, baina, erraza da antzematen. Izan ere, Balentziaga museoko bildumen zuzendari Igor Uriak zehaztu du bien arteko zerikusia ez dela bereziki estetikoa: «Estetikoki Cristobal Balentziaga modu batean ikusten da, eta Demnak orain arte egin dituen bildumetan estetikoki beste momentu batean geunden. Orduan, ez da lotura bat nabarmentzen mundu guztiak Balentziagaz pentsatzen duenarekin».

Erdiko jantzi laranja Demna Gvasaliak egindakoa da, Balentziagaren desfile batean inspiratuta. MAIALEN ANDRES / FOKU
Erdiko jantzi laranja Demna Gvasaliak egindakoa da, Balentziagarengan inspiratuta. MAIALEN ANDRES / FOKU

Zein da, bada, elkarren arteko antzekotasuna? «Nik gauza askotan estetikoki ez diot loturarik hartzen, baina kontzeptualki lotura handiak ditu», azaldu du Uriak. Hain zuzen ere, Balenciaga etxeak diseinatzailearen artxibo zabala dauka, eta hura sakon ikertu du Gvasaliak bere bildumak diseinatu aurretik. Adibide bat eman du Uriak: «Adibidez, erakusketan dagoen traje laranja egiteko Demnak izan duen inspirazioa Cristobal Balentziagaren desfile batean izan du: manikiak momentu batean bere sorbaldetatik berokia kentzen duenean. Filma ikusten: ‘Hor gelditu, hori nahi dut’. Hori oso gauza zehatza da».

Edozein kasutan, inspirazio iturri horren emaria zenbait ataletan banatu dute erakusketan, bien jantzien elementu komun batzuetan: lepoa, hiru laurdeneko mahuka, hourglass gerria eta cocoon bizkarra, besteak beste. Horietan, nola edo hala, bat egiten dute Cristobal Balentziagak eta egungo Balenciaga etxeak.

Lepoa marko

Cristobal Balentziagak jantzien lepoari garrantzi berezia ematen zion, hau da, hura janzten ari denaren aurpegiari ezartzen zaion markoari. «Lepoa deitzen diogu, baina batez ere aurpegiari begira egiten dion markoa da Cristobalena. Pertsona batek soinekoa eramaten duenean, zer da lepokoa? Pertsona bati begira zaudenean, zer begiratzen duzu? Aurpegia. Hortik dator lepoaren garrantzia, eta Demnak islatu du hori gaur egungo beste modeloetan», azaldu du Uriak.

Balentziagaren soineko bat, lepo nabarmenarekin. MAIALEN ANDRES / FOKU
Balentziagaren soineko bat, lepo nabarmenarekin. MAIALEN ANDRES / FOKU

Gvasaliak egindako beroki beltz bat nabarmentzen da erakusketan, alde horretatik. Ez du txano bat, baina bai lepotik gora altxatzen den oihal festa: burua inguratzen du berokiaren goiko aldeak, otarrainak perla inguratzen duen gisara ia-ia. Perla, noski, aurpegia da. Balentziagaren soineko berde batean, berriz, bestelako harribitxiak daude paparrean, eta Demnak islatu duen lepoaren tankera igartzen zaio kapari: pauma batek hegalak nola, halaxe altxatzen da oihala buruaren atzeko aldean.

Beroki eta soineko haien arteko antza nabarmena da lepoan, eta halako gehiago ere badaude. «Batzuek pentsatzen dute lepoek atzetik egon behar dutela, baina batzuetan lepoa aurretik ere nabarmenagoa izan daiteke. Lepoak ardatza ematen du, eta horrek asko laguntzen dio siluetari», esan du Uriak. Gorputza, adibidez, tentetu egiten dute nolabait: lehen inpresio bat bada, behintzat.

Demna Gvasaliaren berokiko lepoak Balentziaga ekartzen du gogora. MAIALEN ANDRES / FOKU
Demna Gvasaliaren berokiko lepoak Balentziaga ekartzen du gogora. MAIALEN ANDRES / FOKU

Hiru laurdeneko mahukak

Eraikuntza, geometria, arkitektura, eskultura... Hitz potolo horiek erabili ohi dira Balentziagaz jardutean. Ebaketaz ari dira: josturaz, jantzi bat osatzen duten zatiez, haiek josteko moduez. Horretaz, eta horrek emakumeen silueta aldatzeko izan zuen protagonismoaz. Lepoak badira ebaketaren garrantziaren adibide bat, eta baita lepotik behera dagoena ere: sorbaldak, mahukak. Mahukak izan omen ziren Balentziagaren obsesioa: haiek josten izan zuen perfekzionismoa nabarmendu izan dute.

Ildo horretan, hiru laurdeneko mahuka da getariarraren bereizgarri bat: besoaren hiru laurden biltzen dituen mahuka, ukondoaren eta eskumuturraren artean amaitzen edo hasten dena. «Hiru laurdeneko mahukak silueta luzatu egiten du Cristobalen modeloetan. Horrek gorputza estilizatu egiten du», kontatu du Uriak. Berrikuntza izan zen bere garaian mahuka hori, eta Gvasaliak berak ere printzipio horri segituta erreparatu die mahukei: hiru laurdenekoak ere egin ditu.

Hiru laurdeneko mahukak eskumuturra agerian uzten du. MAIALEN ANDRES / FOKU
Hiru laurdeneko mahukak eskumuturra agerian uzten du. MAIALEN ANDRES / FOKU

Hourglass gerria

Diego Velazquezen menina bat izaten hasi... eta ez bukatu. Hori dirudi hourglass gerriak. Gerrialdea estua da, eta oso era biribilean zabaltzen da behera. Txaketa batean, baina. Bolumen horri gonak segitu izan balio, menina baten erreplika bat eman lezake, baina azpitik Balentziagak josten zituen gonak estuagoak ziren. Hau da, gerriaren eta aldakaren artean gertatzen da dena. «Silueta aldatu egiten du horretan: ez du pentsatzen gorputzean, baizik eta silueta deformatzean», azaldu du Uriak.

Gvasaliak 2015ean gerri horri erreferentzia eginez hasi zuen Balenciaga etxearentzat egin zuen estreinako aurkezpena: izena eta izana azpimarratzeko modu gisara ulertu izan da hautu hori. Hala ere, askotan Christian Diorrekin lotu izan da gerri hori, ez hainbeste Balentziagarekin. Horrek badu azalpena: «Gerri estuak eta mahuka hain biribilak izatea Balentziagak 1940ko hamarkadan modan ipini zuen silueta bat da, gerra denboran. Baina 1947an Christian Diorrek atera zuenean, ia-ia garai horretan nabarmenagoa egin zen; Christian Diorren marketin kanpaina dela eta, ematen du Christian Diorrek egindako silueta bat dela».

Gainera, gerora Balentziaga gerri zuzen eta erosoengatik nabarmendu zen gehiago. «Gerriak izugarrizko garrantzia dauka, silueta asko markatzen duelako. Balentziagarentzat izugarrizko garrantzia zuen erosotasun horrek», adierazi du Uriak.

Cocoon bizkarra

Erosotasun horrek izan zuen eragina Balentziagak jositako bizkarretan ere. 1947an, Diorrek New look aroa hasi zuen: liztor gerriak, gona zabalak eta gorputz estuak ziren haren jantzi berrien ezaugarriak. Hori ikusirik, Balentziagak cocoon bizkarra aurkeztu zuen: sorbaldatik ateratzen den borobiltasuna. «Bi ikuspuntu oso desberdin dira emakumearekiko. Nabaria da Balentziagaren erosotasuna eta siluetaren ezberdintasuna», nabarmendu du Uriak.

Haren adibide batzuk badaude erakusketan. Bizkar horren bidez, gorputzek forma konikoa hartzen dute nolabait. Antza dute Balentziagak egindako beroki beltz batek eta Gvasaliak ondutako urdin batek. Zertan bereizten dira? «Demnaren kasuan, egia da gainjartze bat dagoela: piezak, piezak eta piezak jarri, eta horrek gorputzera baino dimentsio askoz handiagoa egitea ekartzen du. Balentziagak oihalekin jokatuz ateratzen du bolumena. Ez dago beste pieza bat azpitik indarra emateko, baizik eta materiak berak ematen dio bolumena», kontatu du Uriak.

Izan ere, Balentziagak bezalaxe, arreta handia jarri du Gvasaliak materian, oihaletan. Horretan, baina, garaiak aldatu dira: neoprenoak erabili ditu, gastatutako belusak... Hori ez zuen Balentziagak egingo.

'Cocoon' bizkarra landu dute Balentziagak eta Gvasaliak, nork bere erara. MAIALEN ANDRES / FOKU
'Cocoon' bizkarra landu dute Balentziagak eta Gvasaliak, nork bere erara. MAIALEN ANDRES / FOKU

Beste garai bat da. «Balentziagak nahi zuen emakumea ondo joatea. Ez zuen pentsatzen artean, baizik eta bere bezeroak ondo joatean. Beste garai batean bizi gara, eta bilduma bakoitzak diskurtso bat dauka: gaur egun diskurtsoak izugarrizko indarra dauka. Demnak, adibidez, artelantzat dauzka soinekoak. Egiten dituen bolumenak oso zabalak eta arkitektonikoak dira, eta ez da beharbada pertsonarekiko hain erraza. Berak modelo bat egiten du, eta besteak eraman egiten du. Ez dago elkarren sinbiosi bat».

Horretan datza, beharbada, elkarrizketaren sotiltasuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.