Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Jose Maria Agirre Xabier Lizardi Zarautzen jaio zen (Gipuzkoa), 1896an. Lehen ikasketak Kantauri itsasoaren begiradapean eman zituen, baga eskerga handietan gogo-jolasean. Kostaldeko bazterrak utzi zituen hamar urte bete zituela, familiaren beharrak zirela eta. Uzturre mendiaren magalera joan zen bizitzera, Tolosara (Gipuzkoa). Zarautzen hasitako ikasketek Tolosan eta Madrilen jarraipena izan zuten, eta Perot metalurgia lantegiko kudeatzailea izan zen gero, bizitza osoan.

Diktadurapean zaila izan zen abertzaletasunaren ideologia zabaltzea, baina Lizardi gazteak kultura hautatu zuen aberriaren aldeko lana egiteko. Garai hartan Euskaltzaleak elkartea sortu zen Jose Ariztimuño Aitzol idazle eta kultur eragilearen eskutik. Parte handia hartu zuen idazle zarauztarrak, Euskal Herria eraberritu eta berpiztu beharrean zegoen eta. Euskaraz eta euskararen aldeko artikulu dezente idatzi zituen Lizardik: «Baina nik, hizkuntza larrekoa, nahi haunat ere noranahikoa: jakite-hegoek igoa; soina zahar, berri gogoa; azal horizta, muin betirakoa».
Aitzolek, Orixek, Lauaxetak eta Lizardik laukote irmoa osatu zuten, eta euskal poesiaren eta literaturaren loraldi berriari buru-belarri ekin zioten laurok. Lauaxeta olerkariak lehen saria irabazi zuen 1930ean Euskaltzaleak-ek Errenterian paratutako Olerti Egunean. Urte bat geroago, ordea, Lizardiren aldera makurtu zen zortea, Urte-giroak ene begian poemari esker. Horren harira, Antton Valverde musikagileak lan monografiko bat kaleratu zuen 1991n, Lizardiri eskainitako disko apaina maisuki jantzarazi zuela.

Koldo Mitxelenaren iritziz, Lizardi izan da euskal poesian olerkaririk gailenena. Bihotz-Begietan izeneko liburua plazaratu zuen hil baino urtebete lehenago. Euskal hizkuntza landua eta sakona gidari hartu zituen olerkariak, baina aldi berean hizkuntza ulerkorraz baliatu zen euskara bultzatzearen kariaz. Kosta lain kosta, egitasmo horri heldu zion poesiarik onena eskaintzeko, herria bera berpizteko. Natura arakatu zuen begi zoliaz. Karlos Otegiren hitzetan, «Lizardiren poemetako mamirik oinarrizkoena zentzumenen bidez jaso, ondotik arretaz behatu eta kontenplatu, eta barru-muinean hausnartutako errealitatea da». Beste era batean esanda, poetak ezin hobeto asmatu zuen paisaiak, ibarrak eta mendiak bertso eta hitz-lauzkoekin irakurle otzanak hunkitzen. «Maite ditut gailurrak, argiak ez beste… Ai, hegaztia banintz, gainik gain nenbilke!».
Horren kariaz, zaila izaten da euskal abeslariek musikaturiko poemak ez gomutatzea. «Oi, lur, oi lur! Oi, ene lur nerea!... Oi, goiz eme, barre gozoz ernea!». Benito Lertxundi, Imanol, Maddi Oihenart eta Antton Valverde, besteak beste, euskal poesia lehen lerrora ekartzen lagundu duten konpositore ezagunak dira. Guztietan, baina, Valverde izan da euskal tradizioa berreskuratzeko eta gaurkotzeko lan eskerga egin duena. Intimismoak, fintasunak eta dotorezia klasikoak igurtzitako estilo pertsonala aitortu zaizkio sarritan musikagile donostiarrari. Azkena, Viktoria Eugenia antzokian musikariak jasotako Adarra sarien bidez. Tere Irastortza eta Miren Agur Meabe idazleen eta hainbat musikariren laguntzaz makina bat poemaz bete zuen auditoriuma.
Lizardirentzat ederra baita bizitza, bizitzari gorazarre egiten dio lerroz lerro, bertsoz bertso. Haatik, arrangura eta mina askatzeko poema ezin hunkigarriagoak bildu zituen Bihotz-Begietan liburuan. Otxartxo hutsa eta Xabiertxoren heriotza olerkiak idatzi zituen bere seme-alaben gomutan. Bihotzean min dut olerkia, ordea, amonari eskaini zion: «Gero bat-batean: Hots! Hots!, bizion oinok…».
Musikak hegiak leuntzen omen dizkigu, Itxaro Borda idazle baionarrak dioenez, eta Lizardiri bertute hori aitortu beharra dago; izan ere, haren poemei musikaltasuna darie, eta izadiaren aurrean jartzen ditu irakurleak, naturaren parean. Finean, poesia bihotzean eta begietan jaiotzen zaio Lizardiri. Tolosatik Urkizura igotzen den zidorrean zehar, Lizardik idatzitako hainbat eta hainbat poema irakurtzeko parada izango du ibiltariak.
Damaiturriko bidea
Tolosako San Esteban aparkaleku zabalean hasiko da Damaiturriraino lagunduko duen ibilbidea. Illibi izena daraman baserriaren ondotik igaro eta berehala, bidaztiak ezkerrera egingo du Torretxiki baserri aldera eginez. Sigi-saga jarraituko du baserrien artetik, patxada handiz. Hala, goratasuna hartuta, abiadura handiko trenbidearen gainetik igaro ostean, eskuinera hartu eta Pikoaga baserrirantz abiatuko da arin-arin.
Bideak ezkerrera jotzean, asfaltoa laga eta eskuinetik jarraituko du desnibela hartzen. Belazean gora, beraz, hari elektrikoaren azpitik igaro eta basora joko du zuzen-zuzen. Ur biltegi ttipi bat agertuko zaio han, basoaren atarian. Hurritzak, lizarrak, pinuak eta intxaurrondoak bidaide, begi zoliaz jarraituko du ibiltariak, parajeotako ñabardura ttipienak txundidura ekarriko baitio, zalantzarik gabe. Xendak banantzen direnean, ezkerrera hartu eta Mutitegi baserri multzora igotzen den errepide estura helduko da. Baserri nagusiaren atzetik jarraituko du orduan, eta, baserriaren atzeko iturri edanlekua bazterrean lagata, basoaren gerizpearekin bat egingo du. Ez bat eta ez bi, zuhaitzen artean egingo ditu urratsak. Aldatsean gora, harbide zaharraren arrastoak ikusiko ditu, baita landaretza oparoaz beztitutako paraje bikaina ere.
Bide sarda batera iristen denean, urkiak eta haritz gorriak elkartzen diren lekuan, behera egiten duen basabideari muzin egin eta zehar-zehar aurrera egingo du. Lizardiri eskainitako monumentua berehala bistaratuko zaio, non eta pagoak hazten diren zoko-moko ederrean. Monumentuaren ezkerretik doan PR zidorraren arrastoak jarraituko ditu ibiltariak. Lizardiren lehen aipamenak ziztuan agertuko dira xendaren altzoan. Ez da hura izango poema bakarra; izan ere, Damaiturrirainoko tartean makina bat olerkiz gozatzeko parada izango du bidekariak. Oaska errekak irekitako ibarrera begira jarriko da berehala, Lizardiren poemak gidari eta bidari dituela.
Urkizuko ingurubira
Damaiturri edo Legiñenaiturriko parkera iritsiko da bizkor-bizkor. Noranzkoa aldatu gabe, iturria atzean utzi eta basoarekin bat egingo du segidan, ehunka metro tipi-tapa egin ostean. Atarian ikusiko duen barrera igaro eta eskuinera egingo du Urkizurantz. Magalean gora hasita, Uzturre handia nagusituko da Tolosa gainean, hots, ibarraz bestaldean agertuko da harrizko erraldoi baten antzo. Bidea harriztatuko zaio gorago, magaleko pago zaindarien babesean. Urkizu auzoa eta San Zipriao baseliza lotzen dituen basabidera iritsiko gara gero. Orduan, GR 285 Mendibai ibilbideari jaramon eginda, ezkerrera hartu eta Urkizura hurreratuko da. Eguzkitza baserriak egingo dio ongietorria ibiltariari. Eguraldi onez talaia ederra baita, soseguz hartuko du bisita, zinez ederrak baitira auzo honetako bazterrak. Auzoan bisita egin ondoren, bide beretik egingo du behera, eta, Damaiturrira jaitsi gabe, zehar-zehar jarraituko du basabide nagusitik. Zipirio iturritik igaro ostean, ermita zaharraren harriekin bat egingo du. Gorosabel historialariak idatzi zuen XIX. mendean sute batek eragin zuela bete-betean tenpluan, eta eraikina behera etorri zela.

Hormaren ertzetik igaro, eta, bide zabala utzi gabe, goratasuna galtzen hasiko da bidaztia. Pagadian ikusiko duen bidebanatzean ez du zalantzarik egingo, eta eskuinetik jarraituko du bide harritsuan barrena. Basoa atzean utzita, Makala baserritik hurren, Tolosa eta inguruko ibarren gaineko ikuspegi ederraz gozatuko du. Elorria baserritik hurbil samar, muinoa janzten duen pagadi eder bat ikusiko du ezkerraldean. Enbor liraineko hostozabaleko pagoak atzean uztean, asfaltoa bazter egin, eta ezkerretik doan zidorrari ekingo zaio. Lubaki baten antzera egokitutako xenda gogaide, Tolosarako bideari eutsiko dio bidaiariak. Harrizko galtzada batek ederragotuko du bidea. Haren eskutik, Tolosa eta Monteskueaundi baserria lotzen dituen errepidetxora iritsiko da. Bihurgunera iritsita, asfaltoa utzi eta ezkerretik jarraitzen duen zidorrari men egingo dio, Floreaga baserri aldera. Metro batzuk porlan bidetik eginda, eskuinetik jarraituko du, eta, gero, ezkerretik. Galtzada eder batek gidatuko du maldan behera, Elosegi parkera iritsi arte.
Parkean sartu gabe, kalean behera abiatu, eta, trenbide gainetik igaro ostean, Tolosara helduko da.