Gauerdian hasi da festa Donostian. Oihartzun egin dute Raimundo Sarriegiren San Sebastian martxa-ren doinu eta danbor hotsek hiriko Konstituzio plazan, Eneko Goia alkateak Donostiako bandera igotzearekin batera. Urtero bezala, Gaztelubide elkarteko kideek eta gainontzeko danborradetako ordezkariek jo dituzte Sarriegiren obrak.
Gaurko egunean, berriz, hiriko txoko guztietara zabalduko da danborren dardara, auzo guztietako kaletan barrena ariko diren 141 danborradekin. Iaz baino sei gehiago izango dira. Presentacion de Maria danborrada aurten egon ez arren, zazpi elkarte gehituko dira burrunba artera: Santa Teresa ikastetxea, Ur Tantta elkartea, Aldapetako Summa eskolako guraso elkartea, Londres hotela, Gipuzkoako Industria Ingeniaritza Eskola, Eiztari Etxea eta La Vaca aisialdi elkartea.
Haurren danborradek ere zeharkatuko dituzte hiriko kaleak, eguerdian Alderdi Ederren lehen saioa egin ondotik. 5.000 haur inguruk parte hartuko dute, eta, aurten, lehen aldiz, neska eta mutil kopurua parekatua izango da karrozan. Danbor Nagusia Oihane Bruña (Anunciata ikastetxea) izango da; Easo Ederra,berriz, Maria Soliño, eta jenerala, Unai Sanchez, biak Claret ikastetxekoak.
Azken danbor kolpeak gauerdian izango dira, Konstituzio plazan, festa hasieran bezala, Sarriegiren San Sebastian martxa-ren doinuekin. Alkateak hiriko bandera jaitsiko du orduan.
Danborrik ez, dominak bai
Hiritar Merezimendu dominak banatuko ditu udalak 12:30ean, udaletxeko batzar aretoan. Atzo ematekoak ziren hasieran, baina San Sebastian egunera aldatu dute banaketa, aurten ez baita Urrezko Danborra emateko ekitaldirik izango. Angels Barcelo kazetari kataluniarra Urrezko Danborrerako hautagai aurkezteak eztabaida eragin du, eta hautagaitzak «babes nahikoa» ez duela ebatzi zuen udaleko osoko bilkurak.
Hiritarren Merezimendu dominak Urrezko Danborraren hutsunea beteko du egitarauan. Bost pertsona edo elkarte sarituko dituzte, hiritarrek proposatuta: Kemen urritasun fisikoren bat duten pertsonen kirol elkartea, Aspanogi haur minbizidunen guraso elkartea, Uliako Gimnastika elkartea, Jakintza ikastolako bost emakumezko ikasle ohi eta Javier Hernaez Altzako parrokoa.
Sansebastianak. Donostian
Danborra dator burrunban
Haur eta nagusien danborradek hartuko dituzte Donostiako kaleak. Hiritar Merezimendu dominak banatuko ditu udalak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu