Aiko taldeko kidea

Sabin Bikandi: «Dantza da gure berbarik bako hizkuntza, eta analfabeto asko dago»

Aikok hamarkada parea bete du plazak dantzaz eta musikaz janzten. Urteurrena girotzeko, ‘Zeu’ diskoa aurkeztuko du bihar, Urkiolan, dantzazaleak eta kantuzaleak tripa truk gonbidatuz jaialdira.

Sabin Bikandi, Aiko taldeko kidea. ARITZ LOIOLA / FOKU
ARITZ LOIOLA / FOKU
Maddalen Omaetxebarria
Zaratamo
2026ko ekainaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Orpo, punta, orpo, punta... Horrela, pausoz pauso ekin zion bideari Aiko taldeak duela hogei urte. Bihar Urkiolan (Abadiño, Bizkaia) ospatuko dute doinuz eta dantzaz jositako ibilbidea Sabin Bikandik (Galdakao, Bizkaia, 1965) eta kideek, disko berriarekin girotuz erromeria.

Baserri giro honetan... Zer dator arinago, dantza ala musika? 

Batera doaz; olgatu egin behar dute elkarregaz. Gaur egungo dantzariek mugimenduaz bai, baina musikaz eta erritmoaz... batere ez! Eta musikariek dantzaz berdin. Horregatik sortu genuen Aiko, duela hogei urte lagunartean jabetu ginelako musikaren eta dantzaren arteko dibortzioa ez zela mesedegarria.

Bitartekari lanetan hasi zineten, orduan.

Eskarmentu handiko musikariak eta dantzariak batu ginen, eta gauza biak uztartu genituen: eskolak eman, plazetako jendea armairu koreografikotik irtetera animatu... Gure maisu zahar batek esaten zuen legez: gorputzak badaki dantzan; utzi egin behar zaio.

«Herrian galduta dago dantza! Eta dantza da gure sozializaziorako izan dugun erremintarik potenteena» 

Berez jakinez gero, ez legoke dantzari gehiago?

Sarritan esaten dut dantza dela gure berbarik bako hizkuntza, eta analfabeto asko dago, hori da problema. Euskararekin gertatzen den gauza berbera. Politikariei azaltzeaz nekatua nago... Ulertzen dugu euskarak behar duela izan komunikatzeko eta bizitzeko modu bat, eta dantzak ere horrela beharko luke.

Zein da bidea?

Pentsa ezazu gobernuaren euskarazko politikak liratekeela herri bakoitzean euskarazko talde bat sortzea, zeina astean birritan biltzen den euskaraz egiteko, eta, noizbehinka, ikuskizun bat antolatzen dutela euskaldunez mozorrotuta —sekula santan inork erabili ez dituen jantziekin—. Baina entsegu gelatik eta aretotik kanpo... tururu, Mambru! Denak erdaraz! Hori bera egiten dugu dantzarekin. Herrian galduta dago dantza! Eta dantza da gure sozializaziorako izan dugun erremintarik potenteena. 

Sabin Bikandi, Aiko taldeko kidea. ARITZ LOIOLA / FOKU
Sabin Bikandi, Aiko taldeko kidea. ARITZ LOIOLA / FOKU
Berezko transmisioa eten bada, nola asmatu dituzue erakusteko modu berriak?

Gune berriak sortu ditugu, euskararekin egin den antzera. Pandemian, esaterako, konfinatu eta astebetera dantza eskolak ematen hasi ginen egunero, Internet bidez. Uda hartan muntatu genuen online eskola; sekula ez dut egin horrenbeste behar! Arrastioro 2.000 lagun batzen ginen, bakoitza bere etxetik dantzan. Baina teknika bezain garrantzitsua da dantzan egitea eta elkarregaz egitea.

Eta nola heldu horri?

Normalizaziorako bidean, gu prest gaude egindako lana eta egingo duguna doan uzteko, euskarazko hiztegien legez. Hainbat amu bota ditugu dagoeneko, eta zain gaude ea Wikidantza moduko zerbait sor dezakegun, dantzan ikasi gura duenak sarean izan ditzan beharrezko baliabideak.

Euskal dantzak eszenatokietara igo ahala, plazatik desagertuz joan dira.

Lehen aipatutako dantza talde folklorikoen eredua hedatu zenean, dantzaren funtzio behinena, sozializazioa, baztertu egin genuen, espektakuluari harrera egiteko. Eta formetan ere, unibertsaltasun handiagoa lortu guran —euskaldunok sarritan ditugun konplexuengatik—, gure berezko dantzaera tradizionala alboratu genuen, eredu klasikora jotzeko. 

Balleta?

Horixe. Funtzioa eta formak kentzen badizkiogu, zer gelditzen zaigu? Bada, asmakizun berri bat: dantza taldeak. Bada horrelako ekuazio triste bat, ia beti betetzen dena: dantzariak jada ez dira dantzazale. Dantzak oholtza gainekoa dirudi orain, foku azpikoa. Baina, ikuskizun legez ulertu beharrean, dantzarako zaletasuna bultzatu gurako genuke guk.

«Dantzariak jada ez dira dantzazale. Dantzak oholtza gainekoa dirudi orain, foku azpikoa».

Behin eta berriz aipatzen duzu tradizioa, baina nahiko hizkera transgresorea darabilzu.

Hizkuntza garrantzitsua da, baita hizkuntza horrekin esaten dena ere. Guk hizkuntza jakin badakigu; beste kontu bat da zer kontatu gura dugun. Kultura tradizionalean, banakakoaren rola ukatu egiten da. Dantza taldeetako artaburuok pentsatzen dugu dantza tradizionalak denon artean sortu zirela, baina Maritxu nora zoaz baten batek asmatu zuen, eta pauso gehienak ere artistaren batek sortutakoak dira. Halere, badaukagu joera hori banakakoen sorkuntza eta sormena ukatzeko. Txilibrinek sortu bazuen, guk zergatik ez?

Sormena librea da?

Asmatu gura beste, baina hizkuntzari errespetuz. Gure hizkera hau zeharo markatzen du erritmoak; oso gurea da, oso berezia. Eta erritmo hori belaunaldietan zehar itxuratu da, musikaren eta dantzaren arteko harremanean. Ez da neurri matematiko bat, lotura horrek denboran hartu duen forma baizik. Baina, hasieran aipatutako dibortzioaren ondorioz, erritmoa ere galdu dugu bidean. Zaharrentzat ni danborraria nintzen! Baina XIX. mendean perkusioaz lotsatu ginen, eta tristulari edo txistularri bilakatu.

Tristurak alde batera lagata, nolakoa litzateke hogei urte barruko erromeria ideala?

Jendeak dantzan egingo balu, gozatuz, eta gurea izango balitz, poztuko nintzateke. Horretan apur bat nostalgikoak gara; egoera petraletan bizi garen herriok atzera begiratu behar dugu indarra batu eta aurrera ekiteko. Horregatik gustatuko litzaidake baten batek Dantzari dantza garboz dantzatzea, beste batek Erregela bat fundamentuz jotzea...

LOTSABAKO

Ikasteko pausorik zailena?
Ez dakizuna.

 Plaza maiteena?
Urkiola.

 Instrumentu gustukoena?
Danbolina.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA