Bilboko Salsoraya akademiako saltsa irakaslea eta kaleko ekitaldien antolatzailea

Soraya Arauzo: «Dantza internazionala da: eskua luzatze hutsarekin ulertzen dugu elkar»

Dantza Bilboko kalera ateratzeko lanean aritu da urte luzez Soraya Arauzo. «Pozik» dago, egunero dantza egiteko aukera izango baitu aurtengo Aste Nagusian.

Soraya Arauzo dantzaria Bilboko Aste Nagusian, igandean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Soraya Arauzo dantzaria Bilboko Aste Nagusian, igandean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
2025eko abuztuaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Soraya Arauzo Mate (Bilbo, 1972) dantza irakaslea da Bilboko Salsoraya akademian. 30 urteko ibilbidea du dantzan, eta «harro» dago urte luzez dantza kalera ateratzeko eginiko lanagatik. Saltsa da bere berezitasuna, baina, orokorrean, dantza sozial afro-amerikarrak zabaltzeko ekintzak antolatu izan ditu. Bilboko Aste Nagusia ez da salbuespena: SBK (Saltsa, Bachata eta Kizomba) puntu bat izango da Gay and Less txosnan, eta Salseroen topaketan parte hartuko du bihar, Kulturgunean. Arauzok azpimarratu du borroka baten emaitza dela.

Beraz, Bilboko jaietan dantzak badu bere tokia, ezta?

Bai, baina ez da beti hala izan. Hasieran, ez zen dantzarekin lotutako ia ezer programatzen; erakustaldi gutxi batzuk, besterik ez. Ez zegoen dantza sozialarekin lotutako ezer, oso zabalduta baitago dantza eskolek erakustaldiak baino egiten ez dituztelako ideia okerra. Asko tematu behar izan dut dantza soziala zabaltzeko, eta gutxinakako prozesua izaten ari da. Sozialak, izenak iradokitzen duen bezala, eskoletako dantza sozializatzeko lekuak dira; edonon egin daitezke, eta edonorentzako daude irekita. Arrakasta handia izaten dute Bilbon, eta baita Bizkaian ere, dantza egiten duen jende asko baitago. Izugarria da dantza gogoko duen jendearentzat Aste Nagusian egunero horretarako toki bat izango duela bermatzea; zoriontsu gara horrekin. 

Toki horren atzean borroka prozesu bat al dago?

Bai, baina ondo legoke aurrerantzean horren beharrik ez izatea. Udalak dantza sozialerako toki bat utzi beharko liguke. Dantzak ez dio inori kalterik egiten. Are gehiago, onuragarria ere bada: jendeak kirola egin dezala sustatzen du, kulturari dagokionez leku pluralak sortzen dira, askotariko jendea ezagutzeko aukera ematen du... Guztiontzako izan daiteke mesedegarri, eta ez da nahikoa aprobetxatzen. Kontzertuekin ere, beste horrenbeste. Ez da guretzako ezer programatzen, eta publiko oso zabal bat alde batera uzten ari dira.

Eta txosnetatik kanpo bada dantzatzeko aukerarik?

Txosnetan lan handia egin da dantza normalizatzeko, baina kalean lan handia dago egiteko oraindik. Horrela sortu nuen, beste batzuekin batera, bafle saltseroa delakoa. Bozgorailu bat ateratzen dugu kalera, eta dantzan dakien edonor batu daiteke. Pentsatu genuen era polita izan zitekeela dantza ikusarazteko, eta baita beste jende batekin batzeko ere. Azken finean, kalean jarrita, pasatzen den edonori luzatzen diozu gonbita. Denetariko erreakzioak izaten dira: batzuk begira geratzen dira, beste batzuek grabatu egiten dute, animatuenak batu egiten dira...  Gainera, berdin du nongoa zaren edo zein den zure hizkuntza, hori ez baita sekula guregana batzeko muga izango. Dantza internazionala da: eskua luzatze hutsarekin ulertzen dugu elkar. Denetariko jendea elkartzen dela ikusteak asko betetzen nau.

«Izugarria da dantza gogoko duen jendearentzat Aste Nagusian egunero horretarako toki bat izango duela bermatzea; zoriontsu gara horrekin»

Denetariko jendea egon arren, soslai jakinen bat nabarmentzen da?

Batez ere, 30 eta 60 urte bitarteko jendea batzen da, klase sozial guztietakoa: ezer ez daukan migrante iritsi berriak eta klase altuko jendea. Gainera, adin tartea ere zabaltzen ari da aspalditik. Geroz eta jende gazte gehiago hurbiltzen da Romeo Santos eta antzekoak entzuten direnetik. Bachata ere modan jarri da. Ez da betiko bachata dominikarra, ordea, aldaera espainiar bat baino. Itxuraz, gazteei gehiago gustatzen zaie. 

Zein da jendea dantzatik urruntzen duen oztopo nagusia?

Niretzat, lotsa izan zen, eta esango nuke gauza orokortua dela. Pixkanaka, lortzen ari gara beldur hori deseraikitzen, baina emakumeetan errazagoa da gizonetan baino: gizonek aurreiritzi gehiago dituzte dantzaren inguruan. Horiek deseraikitzeko borroka egin beharra dago, baina, tira, talde dezente plurala batu ohi garela ikusita, ez gaude kexatzeko moduan. Beldurrik ohikoena ezagun batek dantzan ikustea izaten da, baina hori ere aldatzen ari da. Gehienetan, guztiaren gainetik gailentzen da jendearen dantza egiteko gogoa; esaten dutena esaten dutela, guk dantzan segituko dugu. Jarrera horrek kanpotik begira dagoen jendea erakartzen du. Soilik horrela ikus dezakete dantzan ari den jendea haiek bezalakoa dela, eta ondo pasatzen ari direla.

Dantza gutxi egiten al da?

Bai, gutxiegi dantzatzen gara dakartzan onura guztiak kontuan izanda. Hasi arte, jendea ez da konturatzen dantzak zenbat eman diezaiokeen: lagunak ematen dizkizu, mugimendua, poza... Hainbat arrazoirengatik etortzen da jendea dantza klaseetara: dibortziatu delako, denbora-pasa moduan, lagunak egiteko edo psikologoak aginduta, besteak beste. Baina beti gauza bera gertatzen da: jendeari hastea kostatzen zaio, baina behin hasita, benetan deskonektatzeko toki bat aurkitzen du. Dantzan zabiltzanean, egiten duzun horretan baino ez duzu pentsatzen: pausoak ondo ematen ari zaren, erritmoari jarraitzen diozun...

Zein erritmo dakar aurtengo Aste Nagusiak?

Erritmo zoragarria nabaritzen diot. Jendea oso motibatuta dabil; hitz egin dudan guztiengan gogoa da nagusi. Izugarrizko giroa dago: tenperatura onak, arratsalde ederrak, iluntze gogoangarriak... Aurten, gainera, inoiz baino saltseroago sumatzen dut, eta hori zoragarria da. 

LOTSABAKO

Abesti bat?
Baila contigo.

Garagardoa edo kalimotxoa?
Kalimotxoa.

Erreferente bat?
Madonna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.