«Nahi baduzu, ama, auto-stopez goaz», proposatu dio haurrak amari, Baionara doan autobuserako lerroa ikusirik. Hazparneko (Lapurdi) Mendeala kiroldegi aitzineko geltokian fite bete da busa haur, guraso, aitatxi eta amatxiz. Ingelesez mintzo den familia bat ere entzuten da; lehen aldia dute Baionako bestetan. Baionako Lesseps kaira heltzean, haurrek Aturri ibaiko beste aldera baizik ez dute behatzen. Handik, zernahi argi, oihu eta musika ateratzen dira jadanik. Baina, hara arribatu aitzin, segurtasun kontrolak zeharkatu behar dira. Haurrekin direnak eskuineko lerrotik fiteago pasa daitezke. Fabore sinbolikoa dute, Haurren Eguna da eta.
Eguerdi hurbiltzean, Askatasunaren plazara presatu dira denak. Leon erregea agertzekoa da bertan. «Leon, Leon, Leon!» garrasiak entzuten dira han-hemenka. Erregea iratzartzeko hamabi arte kontatu behar dela azaldu du hizlariak. Euskaraz eta frantsesez zenbatuko dituzte, baina Baionako Sachak argi du euskaraz baizik ez dituela erranen. Sei urteko haurrak aita erdalduna badu ere, hark dio galdegin Sachari euskaraz aritzeko, beretzat kontatuko balu bezala. Azkenean agertu da Leon erregea, publikoaren txaloek atzarturik. Haur gazteek eta haur helduek kantuz omendu dute.
Xaboizko burbuilek zigarreten kea eta usain txarra ufatu dute. Publikoaren gainean haurren eskumuturrei loturik agertzen dira hanpatutako figurak: Cars marrazki bizidunetako autoak, sirenak, adarbakarrak eta dinosauroak. Espaloi hegian, gazteenak balkoietatik bota dituzten konfetiekin ari dira jostetan. Haiek uros dira, baina guraso franko jende masaz pleini eta arranguratuak dira. Erregeari agur erran ondotik, Poterne parkera joateko ordua iritsi da. Ahal bezala mugitu behar da plaza betetik ateratzeko. Haurrendako karrozek usaiako auto lerroak ordezkatu dituzte, baina kerik eta klaxon hotsik gabe.
Helduak bezala
Karrikaldiaren gunean, Baionako ikastolako gurasoek mutxikoak jo dituzte. Hogeigarren urteurrena ospatzen badute ere, dantzatzeko, adinak ez du inporta. «Pika ta ebats!» pausoak entzutean, gazteenek aitzineko laguna imitatu dute, alferrenek gurasoen sorbaldetatik segitu dute, eta trebeenak bururaino erritmoa segitzen saiatu dira. Bazterretik gogo handiz begiratu du lehen dantza Ezpeletako Eukenek. Hiru urterekin, bere bigarren Baionako bestak ditu, eta, San Petrikeren dantza hasi bezain laster, ziztu bizian erronda erdira abiatu da. «Ikastolako handiek egiten duten dantza da», erran du; eta Eukenek hala segitu nahi du.
Harrabots berezi batek moztu du dantza. Xilintxen doinuak orkestraren erreleboa hartu du: hor dira lau herrietako joaldun ttipiak. Arbona, Ahetze, Arrangoitze eta Basusarriko (Lapurdi) haur gazteak erritmoan aitzinatu dira oholtza gainera. Itzuli laburra egin eta Poterne parkerako bidea hartu dute. Arrangoitze eta Basusarriko ikastolatik hasi zuten iniziatiba, beste bi herrietako haurrak integratu aitzin. Ur botilekin neke handiz segitzen saiatu da guraso bat.
Haurrak beren errolan dira. Basusarritik eta Arrangoitzetik heldu dira Ana eta Haize; zortzi eta bederatzi urte dituzte. «Ez da lehen aldia joaldunak garela. Herri Urratsen eta Arrangoitzeko bestetan ibiliak gara jadanik. Lagunekin ibiltzea gustatzen zaigu», zehaztu du Haizek. «Anitz maite ditut joaldunen mozorroak eta xilintxen harrabotsak. Baina biziki bero dugu barnean. Gainera, isipua falta dugu helduak bezala izateko», azaldu du Anak.
«Anitz maite ditut joaldunen mozorroak eta xilintxen arrabotsak. Baina biziki bero dugu barnean. Gainera, isipua falta dugu helduak bezala izateko»
ANA Joalduna
Hanpaturiko dinosauro bat Baionako zeruan airatu da. Hortik hurbil, Frantziako armadak fusilekin tiro egiteko trebatze tailerra ezarri du. Dinosauroa salbu atera behar litzateke, lur heineko jomugak dituztelako. Haur bat negarrez ari da, fusilen ikusteak beldurtu baitu. Gerla joko bihurtu dute armadako soldaduek: «gerlariaren ibilbidea» egin dezakete haurrek, lau urtetik gora. Hainbat oztopo gainditu ondotik, «gerlari gaztearen diploma» eskuratu dezakete. «Etorkizuneko gerlak prestatu» behar direla erran zuen Emmanuel Macron Frantziako presidenteak astelehenean; itxuraz, Baionako herriko etxeak hitzez hitz errespetatu nahi izan du.

Tailer guzien artean, Frantziako armadak Poterne parke gaineko eremuaren hiru laurden okupatu du aise. Bazter batean metatu dira orduan, rodeoa egiteko behi faltsua eta judoa saiatzeko tatamia. Puzgarriendako leku bat ere utzi dute, Aterbea elkarteko kideek zaindutakoa. Informazio gunean eta parke inguruetan laguntzen dabiltza elkarteko heldu eta gazteak. Parkearen behereko eremuan, gazteluko ate zaharren aitzinean, pottoka itzuliak proposatu dituzte, zeinek gazteenen artean arrakasta lortu duten.
Jolasak, ez indarra
Patxan ere haurrei ireki diete plaza. Badu orain urte zonbait Gaia elkarteak Euskal Herriko joko ugari proposatzen dituela. Zizpa gaztetxeak besta alternatiboen karietara gomitaturik etorri zen lehen aldiz elkartea, eta, geroztik, pixkanaka-pixkanaka errotzen hasi da ohitura. Haurren Eguna dela eta, nagusiki haurrei zuzendutako jokoak dira. Baina joera aldatzen ari dela azaldu du Cyrilek; Patxondoko kidea da, eta Gaia elkartea laguntzen du festetan. «Gaur egun, familia anitz hurbiltzen zaizkigu. Denetariko publikoa da, ez dira baitezpada besta alternatiboak ezagutzen dituztenak». Bestelako besta eredu batera hurbiltzeko parada dute Patxan.
«Proposatzen ditugun aktibitateak joko herrikoiak eta kulturalak dira, ez indarrezkoak. Jende anitzek nahasten dituzte biak, eta garrantzitsua da bien ezberdintzea»
CYRIL Gaiako laguntzailea eta Patxondoko kidea
Haurrek hautua dute: zaku altxatzeak, enbor mozketa, arto erroekin erreleboak edo toka partidak atzeman ditzakete. Denek praktika ditzaketen jokoak direla oroitarazi du Cyrilek, eta ezberdintasuna egin du force basque eta herri kirolen artean. «Proposatzen ditugun aktibitateak joko herrikoiak eta kulturalak dira, ez indarrezkoak. Jende anitzek nahasten ditu biak, eta garrantzitsua da bien ezberdintzea», azpimarratu du. Haurren Eguna behar bezala bukatzeko, Gaiak sokatira handi bat prestatu du haur, gazte eta bestelakoentzat. Ondoko urtean oroitzapen goxoekin itzul daitezen denak.