Tolosa
Gozogintzan tradizio luzea duen herriaSeguruenik, babarrunengatik da ezaguna Tolosa. Baina gozogintzan ere badu tradizioa, eta ez makala. Xaxu gozotegiak XVII. mendean du jatorria, eta gaur egun gozotegi gisa funtzionatzen ez duen arren, han erabiltzen zituzten teknikak ezagutu ahal izateko museoa du Tolosan Jose Mari Gorrotxategik. Gozogintzarekin eta txokolategintzarekin lotutako gunea da, eta gozotegian erabiltzen zuten makinaria dago ikusgai. 400 pieza baino gehiago ditu bildumak.
Hainbat ataletan antolaturik dago museoa: txokolatea, kafea, bizkotxogintza, izozkigintza eta abar; eta atal bakoitza, kronologikoki. Hortaz, denboran bidaia egiteko aukera ematen du, tresnen bidez orduko lan egiteko modua irudikatuz.
Bisita gidatuak egiten dituzte, gozoak egiteko teknikek azken mendeetan izan duten bilakaera azalduz. Hiru ordu laurden inguru irauten du bisitak, eta, ikasteaz gain, bertako gozoak dastatzeko aukera ere ematen du. Txokolate bero bat har dezake bisitariak amaieran. Aldez aurretik eskatu behar da bisita egiteko ordua,943-69 74 13 telefonora deituta.
Ezpeleta
Piperrak zintzilik nonahiLapurdi aldera joanez gero, nonahi ikusiko ditugu piperrak zintzilik, eguzkitan lehortzen; batez ere, irailetik aurrera. Ez dira edonolakoak, Ezpeletako piperrak baizik. Hamar herritan ekoitzitako piperrek dute jatorri izen hori 2000. urteaz geroztik: Ainhoa, Ezpeleta, Haltsu, Itsasu, Jatsu, Kanbo, Larresoro, Senpere, Uztaritze eta Zuraide. Herri horietako klima oso aproposa da Ezpeletako piperra ekoizteko.
Piperbeltza baino minagoa da, baina eguzkitan lehortzen egoten den denbora luzeak zapore handiagoa ematen dio. Horrexek egiten du Ezpeletako piperra berezi. Hainbat eratara eskuratu daiteke: xehatua, purean, kontserban, oliba oliotan... eta Euskal Herriko gastronomiaren ikur diren hainbat jaki prestatzeko ezinbesteko osagaia da; bakailaoa pil-pilean eta marmitakoa, esaterako.
Ezpeletako piperraz gozatu nahi duenak, edota produktua eskuratu nahi duenak, aukera polita du urriaren azken asteburuan, piperraren eguna ospatzen baita urtero. Ezpeletako piperraren kofradiak antolatzen du, urteko ekoizpena ospatzeko. Ekoizleei piperrak zuzenean erosteko aukera dute bisitariek, eta jatetxeek ere piperrarekin egindako menuak eskaintzen dituzte.
Bakio
Txakolinaren erdiguneaTxakolinaren lurraldeetako bat da Bizkaia, eta Bakio da han txakolinaren hiriburu. Zuria ez ezik, txakolin beltza ere ekoizten dute. Kokapenak eta klimak leku paregabea egiten dute Bakio txakolinaren ekoizpenerako. Hango upeltegietara joan besterik ez du Bakioko nahiz inguruko txakolina dastatu nahi duenak. Guztira, hiru upeltegi daude kostaldeko herrian, Bizkaiko txakolin jatorri izenarekin.
Gorrondona txakolindegia da horietako bat, Gibelorratzagako San Pelaio auzoan dagoena. Hainbat txakolin mota ekoizten dituzte: bai zuriak eta bai beltzak. Eta, txakolinaz gehiago jakin nahi duenak, gainera, txakolinaren inguruko museo txiki bat bisitatzeko aukera du Gorrondonan. Txakolina egiteko erabili ohi den tresneria dago ikusgai, upel zaharrak barne, txakolingintzak Bakion duen tradizio luzearen erakusgarri.
Txakolinaren eguna ere urtero ospatzen dute bakiotarrek, San Josef egunean, martxoaren 19an. Euren herriaren ikur eta edaria omentzen dute egun horretan, jai giroan.
Idiazabal
Herria eta gazta, bat eginikEuskal Herriko herri txiki bat ezagun egin du gaztak. Ospetsua da herriaren eta gaztaren izena: Idiazabal. Latxa eta Karrantza motako ardien esne gordinarekin Idiazabal gaztak egiten dituzte. Ekoizle asko dira gazta egiten dutenak. Sari ugari jaso ditu markak, eta zazpi lurraldeetatik kanpo ere ezagun dute.
Gaztaren interpretazio eta dastatze zentroa ere bada herrian. Dena tamaina handian eginda dago. Izal sagua eta bere familiaren etxea ezagutzeko aukera eskaintzen dute. Gainera, artzain txabola baten erreprodukzioa ere badute. Horrela, garai batean gazta egiteko erabiltzen zituzten teknika eta tresnak ezagutzeko aukera eskaintzen diote bisitariari.
Interpretazio zentrotik hurbil, J. Aranburu gaztandegia dago. Gazta egiteko zentro modernoa da, teknologia berriez hornitua. Han, gazta egiteko sasoian ardiak jetzi, eta fabrikazio eta gordetze prozesuak ikusteko aukera ematen dute.
Bisita gidatuak egiten dira bi guneetan. Bi ordutegi dituzte: behe denboraldian 10:30etik 12:30era eta 15:30etik 18:30era zabaltzen dute, eta goi denboraldian 10:30etik 13:30era eta 15:30etik 18:30era. Posible da ordutegi horretatik kanpo bisitak egitea, erreserba aldez aurretik eginez gero. Sarrera bi euro kobratzen dute, eta taldea hamabost lagunetik gorakoa izanez gero, euro bat eta erdi. Gazta dastatzea nahi izanez gero, euro bat ordaindu behar da, eta ardoaere nahi izanez gero, beste euro bat.
Astigarraga
Sagardoaren sehaskaSagardoak eta sagardotegiek tarte handia dute euskal gizartean. Euskal Herriko txoko askotan aurkitu daitezke sagardotegiak. Hala ere, Hernani eta Astigarraga inguruetan dago tradizio handiena. Astigarragan, guztira, 24 sagardotegi daude. Batzuk urte osoan egoten dira irekita; besteak, aldiz, sagardo denboraldian bakarrik irekitzen dituzte. Sagardotegiez gain, sagardoaren museoa ere bada: Sagardo Etxea. Sagarra eta sagardoaren munduan barneratzeko aukera ematen du, baliabide eta teknologia aurreratuei esker: historia, eta iragana, oraina eta etorkizuna, besteak beste. Gainera, panel informatiboak, material interaktiboa, argazkiak eta jokoak erabiltzen dituzte azalpenetarako. Sagardo Etxeak sagardoak Euskal Herriko kulturan duen garrantzia azpimarratzen du. Dastatze gunea ere bada museoan. Helburua bisitaria txotxeko ohituran barneratzea da.
Sagasti baten alboan dago museoa. Horri esker, sagastiak ikusi eta aztertzeko aukera ematen dute. Sagarraren kultura modu dinamiko eta pedagogikoan gozatzeko aukera ematen dute sagastiek, Euskal Herriko sagar motei eta sagarrondoak zaintzeko modu desberdinei esker.
Asteartetik igandera zabaltzen dute: 11:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:30era. Igandeetan, ordea, arratsaldez itxita egoten da. Lau prezio daude: taldean joanez gero, 3,5 euro ordaindu behar dira; banaka joanez gero, lau euro; ikastetxe edo aisialdi taldean joanda, bi euro; eta hamar urtetik beherakoentzat sarrera doanekoa da. Bisita eta dastatzea sartzen dira salneurrian.
Guardia
Ardoaren erreinuaGuardian eta inguruetan upategi ugari daude; bertako ardoaz gozatzeko aukera ematen dute ia denek. Bada, ordea, hori baino askoz gehiago eskaintzen duen zentroa. Villa Lucia zentroa ardoari eskainitako gunea da. Eta ez da museo soil bat. Ardoaren egite, ekoizpen eta dastatzearen inguruko sekretuak argitzen ditu, multimedia erakusketei esker. Esperientzia berria da ardoaren maitale guztientzat.
Zentroak 2.400 metro koadro ditu, hainbat solairutan banatuta. Kanpoan, beste 10.000 metro koadroko eremu bat dago: lorategi botanikoak, gune naturalak, ur- jauziak, karpa eta terrazak, besteak beste. Bisita bideo labur batekin hasten da, ardoa bere espazioarekin lotzeko. Maketek eta panelek bertako lurra azaltzen dute. Toki berezia hartzen dute ardoaa egiteko prozesuak, mahats bilketak eta botilatzeak.
Ardoari eskainitako zentroa asteartetik igandera zabaltzen dute: 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Aurretik erreserba egitea gomendatzen dute. Prezioak 4,5 eta 14,5 euro bitartekoak dira: bisita gidatuen, ardo dastatze eta mokaduen araberakoak.