Jose Mari Cambra. Gereziaren Egunaren antolatzailea

«Dastatzen duen orok goraipatzen du gerezia; sustatzailerik onenak ditugu»

I. Astiz
2011ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Jose Mari Cambra Milagroko (Nafarroa) kultur koordinatzailea izateaz gain, urtero herrian egiten duten Gerezi Azokaren antolatzailea ere bada. Azokaren miran jende ugari bilduko da bihar, eta gerezi ekoizleek 20 tona gerezi salduko dituzte. Etorkizunean Milagroko gerezia besteetatik ezberdintzeko labela sortzeko asmoa dute ekoizleek.

Gereziaren XII. Azoka ospatuko duzue bihar. Bada berrikuntzarik egitarauan?

Printzipioz, aurreko urteetako lanari jarraituz, azokan gerezi postuak izanen dira nagusi. Elikagaien, artisauen, jantzien, eta imitaziozko bitxien postuak ere jarriko dira. Azokari lotutako berri nagusiena, zeharka bada ere, herritar talde batek eratu nahi duen gereziaren anaidia da. Milagroko gerezia sukaldeko jaki moduan bultzatu duten hainbat ordezkari politikori, kirolari edota sukaldariri aitortza egin nahi zaie. Gerezia sukaldaritzarekin uztartu nahi da eta anaidia eratzeak gehiago susta dezake asmo hori.

Urtez urte gero eta arrakasta handiagoa du azokak. Aurtengo aurreikuspenak zein dira?

Milagron 3.500 lagun bizi gara, baina azoka egunean 12.000 eta 15.000 lagun artean etortzen dira herrira. Egoerak gainezka egiten digu. Jendea Nafarroako beste herrietatik ez ezik, Euskal Autonomi Erkidegotik, eta Zaragozatik eta Errioxatik (Espainia) etortzen da, batez ere. Aurten Bilbotik hainbat autobus etorriko dira.

Zenbat postu jarriko dituzue?

Kasik lau kilometro hartzen dituen azoka da. Hogei bat gerezi postu jarriko dira eta, horietan salgai, 20 tona gerezi. Bost eta bi kilo eta erdiko kutxak jarriko dira salgai. Udalak, bestalde, 200 gramoko 3.000 saskitxo oparituko ditu.

Milagroko gerezia sustatzen eta ezagutzera ematen lanean aritu diren komunikabideetako ordezkariak omenduko dituzue. Asko dira?

Komunikabideek lan handia egiten dute gure gerezia sustatzen eta azokaren berri ematen. Azoka hasi zenetik gurearen berri eskaintzen izan diren dozena bat komunikabide omenduko ditugu.

Gereziekin egindako azkenburukoen lehiaketa ere baduzue. Azkenburuko berezirik baduzue herrian?

Ez. Txapelketa deitzean ez dugu baldintzarik jartzen, baina urtetik urtera parte hartzaileek gero eta gehiago harritzen gaituzte. Sorbeteak, pastelak, gozopilak... azkenburuko oso berritzaileak dira. Iaztik, berrikuntza ere saritzen dugu, eta azkenburuko berritzaileenari sari berezia ematen diogu. Lehiaketan ez dute enpresek eta jatetxeek parte hartzen, herritarrak baizik, eta oso azkenburuko onak egiten dituzte. Urtero 20 bat azkenburuko aurkezten dira. Aurten Donostiatik eta Segoviatik (Espainia) etorriko dira parte hartzera.

Ekaineko festaz gain, beste ekitaldirik antolatzen duzue gerezia bultzatzeko?

Egiten ditugu beste ekintza batzuk. Iragan urtean, esaterako, Madrilen egon ginen herria aurkezten, eta, nola ez, gereziaren berri ere eman genuen. Atzerrian dauden jatetxe nafarrei gereziak bidaltzen dizkiegu euren jatetxeetan azkenburuko gisa eskaini ditzaten. Urtero Espainiako erret etxera ere bidaltzen ditugu. Erret etxeko lorategian landatuta dauden gereziondoak Milagrokoak dira. Bestalde, sukaldari askoren laguntza izan dugu, Ferran Adria Bulliko sukaldariarena, adibidez. Ekarri genuen herrira eta dastatu zituen gure gereziak. Edonora joaten delarik, beti aipatzen du hemengoa dela munduko gerezirik hoberena.

Horretaz gain, produktoreek gerezi landaketa berrietan inbertitzeko asmoa dute. Horrela produkzio azalera %50 igo daiteke. Aurreikuspenak betetzen badira, ekoizleak elkartu eginen dira sormarka bat eratzeko. Eragile ezberdinekin harremanak egiten hastekoak dira. Hemen gerezi mota asko ekoizten da, batzuk goiztiarrak dira, eta besteak berantiarrak. Horregatik ezin da gereziaren sailkapen bakar bat egin, eta ezinezkoa da jatorri izendapen bat egitea, baina bai label bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.