Lurreko telebista digitaleko frekuentzia berriak datorren astean piztuko dituzte Hego Euskal Herriko herri gehienetan. Trantsizio epe bat egongo da datozen hilabeteetan antenak egokitzeko, eta 2020ko ekainaren 30ean amaituko da prozesua. Ordurako, herri guztietan egongo dira piztuta frekuentzia berriak. «Bigarren dibidendu digitala» deitu dutenaren testuinguruan aldatu behar dira frekuentziak, 5G teknologiaren zabalpenean tokia egiteko.
Prozesu horrek ez du eragingo telebista katerik desagertzea edo berririk agertzea. Soilik frekuentziak tokiz aldatuko dira, eta LTDko deskodetzaile zaharrak lehen bezala erabili ahalko dira. Etxe gehienetako kontsumitzaileek, edonola ere, telebista aparailuetako kanalak berriro sintonizatu beharko dituzte. Halaber, komunitate bakoitzak kontsultatu beharko du antenista teknikaria eraikineko antenan egokitzapena egin behar duen ala ez.
Antenen egokitzapenetarako, Espainiako Ministroen Kontseiluak dekretu bat onartu zuen ekainean, 145 milioi euroko laguntzak emateko. Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako etxe komunitateetan laguntza horiek eskatu ditzakete —104,3 eta 677,95 euro artekoak dira—.
Antonio Fernandez-Paniagua Espainiako Ekonomia Ministerioko ordezkariak Bilbon egindako agerraldi batean gogorarazi du 2015ean egin zen prozesuaren antzekoa izango dela oraingoa, Europak hala aginduta.