David Beckham, lau ataletan

David Beckham futbolari ohi eta ikur globalari buruzko telesaila estreinatuko du gaur Netflixek. Fisher Stevensek zuzendu du

Beckham, Ingalaterrako selekzioarekin, 2010ean. SROLF VENNENBERND / EFE.
jakes goikoetxea
2023ko urriaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
David Beckham futbolari ohiak badauka bere bizitzari buruzko telesaila. Biografiak, liburuak izan ohi ziren lehen norbere bizitza kontatzeko modua, baita protagonistek bi edo hiru hamarkada eskaseko bizitza izan bazuten ere; gaur egun, ordea, neurri batean, telesailak dira bizitakoaren eta egindakoaren arrastoa uzteko modua. Ingalaterrako futbolari ohiak badu berea: Beckham. Gaur estreinatuko da Netflixen lau ataleko telesaila.

Netflixek bere bizitzari buruzko telesail bat egitea proposatu zion Beckhami, eta futbolari ohiak onartu egin zuen. Bizitzan eta inguruan gertatu zaizkion gauzei buruzko bertsioa eman nahi du telesailaren bitartez. Bere-berea. Zuzendaria ere aukeratu du. Hala kontatu du Fisher Stevens zuzendariak Squire aldizkarian.

Beckham eta Leonardo DiCaprio aktorea zerbait edaten ari ziren elkarrekin. «Davidek Leori esan zion zuzendari baten bila ari zela», Stevensen arabera. «Leok zera erantzun zion: 'Fisher kontratatu behar duzu'».

Fisher Stevens. Aktorea, zuzendaria eta ekoizlea. HBOren Succession telesailaren bigarren denboraldian lan egindakoa. 2009an The Cove dokumentala ekoizteagatik Oscar saria irabazitakoa.

Stevensek eta DiCapriok elkarrekin lan egin zuten klima larrialdiari buruzko Before the Flood (Uholdea baino lehen) dokumentalean, 2016an. Stevens izan zen zuzendaria, eta DiCaprio narratzailea. Orduan jakin zuen DiCapriok Stevens oso futbolzalea zela; baina Stevens 2007an zaletu zen, Beckhamek Real Madril utzi zuen urtean, eta ez zuen haren ibilbidearen eta itzalaren berri. «Oso ederra dela, emazte oso polita daukala eta produktu asko saltzen dituela, horixe besterik ez nekien». Bi urteko prozesua izan da dokumentala egitea. «Ez da Beckham markako film bat», argitu du.

Beckham futbol jokalari ezaguna izan zen. Haren ametsa futbolaria izatea zen, eta 17 urterekin egin zuen debuta Manchester Unitedekin. Ingalaterrako sei liga eta Txapeldunen Liga bat irabazi zituen taldea horrekin. Debuta egin eta lau urtera jokatu zuen lehen partida Ingalaterrako selekzioarekin. Kapitaina izan zen. Manchester Uniteden 11 urte pasatu eta gero, Real Madrilek fitxatu zuen.

Beckham ez zen futbolari soila izan. Ingalaterrako futbolaren ikur bihurtu zen. Futbol zelaietan bezain ezaguna zen haietatik kanpo ere: modak eta publizitateak ikono global bihurtu zuten, gizon metrosexualen eredu, bere itxura zaintzen zuen gizon modernoa. Eta Spice Girls musika taldeko Victoria Adams zuen bikotekide. Haien harremana eta bizimodua publiko bihurtu ziren mundu osoan.

Dokumentalean haren bizitzako momenturik gogorrenetakoa kontatzen du. 1998ko Munduko Kopan, txartel gorria atera zioten Argentinaren kontrako partidan. Ingalaterrak galdu egin zuen. Zale askorentzat eta komunikabide batzuentzat, Beckham izan zen erruduna. Hiltzeko mehatxuak eta irainak jaso zituzten berak eta bere familiak. Tu egin zioten. «Nire bizitza aldatu zuen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.