Herri Urratseko koordinatzailea

Koldo Rodriguez: «Jendarte guztiari dei egiten diogu Bordele orroka jartzeko»

Herri Urratseko koordinatzailearen erranetan, «azken urteetako arrakastatsuena» izan da aurtengo Herri Urrats, jende kopuruari begira gutienez. Aurtengo aldia iragan berritan, aldarriak «orroka» hedatzeko beharra azpimarratu du.

GUILLAUME FAUVEAU
GUILLAUME FAUVEAU
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko maiatzaren 11
16:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kasik hasi bezain laster bukatu zen atzoko Herri Urrats, 20:00etan. Pausatzeko denborarik gabe, gaur goizean goiz hasi dira gunea biltzen, eszenak desmuntatzen, bazterrak garbitzen... Herri Urratseko koordinatzaile Koldo Rodriguezek (Lekeitio, Bizkaia, 1976) tarte bat hartu du atzoko egunaren bilanaren egiteko.

Nola joan zen atzoko eguna? Aro ederra izan zen gehienean, euri zaparrada batzuk gorabehera.

Dena ondo joan zen. Erasoen protokoloa ez dugu aktibatu behar izan egun; benetan pozgarria da hori. Aipatzekoa da jendea gozatzera etorri zela, eta uste dugu jendeak ondo pasatu zuela; euripean ere dantzan ibili zen, ez zuen alde egin!

Kopururik ez dugu, baina badakigu milaka eta milaka lagun izan zirela atzo aintziraren inguruan. [COVID-19aren ondorengo] Itzuleraren osteko Herri Urrats arrakastatsuena izan da jende kopuruaren aldetik. Uste dugu euskal jendarteak ulertu zuela aurtengo aldia aurkeztu genuenean egindako deialdia: mobilizaziorako eta laku bat orroka jartzeko deialdiari erantzun dio, eta aintzirara etorri da, ikastolei sostengua adieraztera, baxoko azterketak euskaraz pasatzeko eskaerari babesa eta arnasa ematera; azkenean, erakustera euskaltzaleon garaia dela eta mobilizatuz lortuko dugula hizkuntza eskubideak bermatuak izatea Euskal Herri osoan.

Hain zuzen ere, Herri Urratseko goizeko prentsaurrekoan iragarri zenuten manifestazioa eginen duzuela ekainaren 6an Bordeleko errektoretzaren aitzinean, ikasleek azterketak euskaraz erantzuteko duten eskubidea aldarrikatzeko.

Bai, baina, azkenean, azterketak baino zerbait gehiago dago hemen: giza eskubideak daude jokoan. Hizkuntza eskubideez ari gara, baina giza eskubideak dira horiek ere, eta larri-larriki ukatzen dizkigute, eta baliatzea oztopatu. Batzuei agian txikikeria irudituko zaie azterketak egitearena, baina giza eskubideen urraketa handi bat dago horren atzean. Ikasleek euskaraz ikasi eta bizitzeko eskubidea dute; orduan, bai, egoera larria da.

Urrats batzuk eginak ziren aitzina, baina, azkenean, erreforma bat besterik ez da behar gibelera egiteko, ezta?

Hori ikusten ari gara, eta uste dut euskararen arloko gai guztietan gertatzen ari dela. Onartua zuten azterketak euskaraz egitea, eta orain Bordelek erran du ezetz. Ea zer den hurrengoa. Egoerak, hobera egin beharrean, okerrera egiten du. Euskararen aurkako oldarraldiaz hitz egiten dugu askotan, eta beste kapitulu bat da hau; ez da kasualitatea orain gertatzea.

Aldi berean, Seaska aitzina egiten ari da: geroz eta ikasle gehiago badira, beste lizeo bat sortzeko bidean da... Nola ikusten duzue egoeraren beste alde hori?

Alde hori atzo irudikatu zen, ezta? Nolabait ere, euskaltzaleek euskararen defendatzeko hautua egiten dute. Eta gero, aipatzekoa da Ipar Euskal Herrian Seaska geroz eta pluralagoa dela; horrek erakusten du badirela batzuk euskaldunak ez izanik ere hautua egiten dutenak beren seme-alabak euskaldunak izateko, euskaraz eta euskaratik hezteko. 4.300 ikasle dira Seaskan, eta beste apustu bat dago hor, datuek hala erakusten dute, baita bigarren lizeoa eraiki behar izateak ere.

Seaskaren komunitateari pertsonaia berri bat elkartu zaio aurten: Uratx. Jendeak anitz aipatu zuen atzo, eta pegatinetan eta kamisetetan agertu zen. Nolakoa izan da pertsonaiaren inguruan sortu den atxikimendua?

Guk esaten dugun bezala, Uratx luzarorako etorri da. Zinez ederra da proposamena. Gure besta ikasleentzat ere bada —haientzat izan beharko luke—; beraz, gure asmoa da Uratxen inguruan unibertso oso bat sortzea. Material berriak etorriko dira, abesti bat, ikastoletan lantzeko unitate didaktiko bat... Herri Urratsen maskota bilakatuko da, nolazpait. Datorren urteko Herri Urratsek bere leloa eta logoa ukanen ditu, baina, hemendik aurrera, Herri Urrats guztiek izanen dute Uratx.

Ezer gehitu nahi zenuke aurtengo aldiaz?

Nabarmendu nahiko nuke atzo jendeak lakua orroka jartzeko erakutsi zuen disposizioa, eta guk dei egiten diegu jendarte guztiari eta euskaltzale guztiei Bordele orroka jartzeko.

Kantutik dator orroaren erreferentzia. Herri Urrats besta bat da, noski, baina aldarrirako eta orro egiteko deia ere egiten dio Seaskaren komunitateari.

Bai, eta euskaltzale guztiei. Alde batetik, Herri Urrats da Ipar Euskal Herrian euskaraz dagoen kultur agerraldirik handiena —besterik bada, baina beste hizkuntza batzuk ere erabiltzen dituzte horiek—, baina aldarrikatzen dugu festa bat baino zerbait gehiago dela eta izan behar duela. Azkenean, desgraziaz, urtero badugu zapalkuntzaren kapituluren bat: azterketak ez badira, postuak dira; postuak ez badira, diru laguntza ukatuak... Beti dugu erantzuteko behar hori.

Horrek erakusten du gauzak ez direla berez etorriko?

Ez dira berez etorriko, ez. Mugitzen ez bagara —eta mugitzeko garaia da—, arrisku handia daukagu  lortu dugun gutxi hori galtzeko. Eta lortu dugun hori ez dugu lortu eman digutelako, baizik eta orro egin dugulako. Hori horrela da, ez dago besterik. Atzera egin nahi dute, eta, beraz, orroak inoiz baino beharrezkoagoak dira.

LOTSABAKO

Herri Urrats bat hautatu beharko bazenu, zein litzateke?
Urratsak zubi, 40. aldia, 2023koa.

Herri Urratseko kantu bat?
Duplaren Elgarrekin.

Araba edo Nafarroa eszena?
Nafarroa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA