Maria Pia Matta kazetaria eta AMARCeko presidentea da (Santiago, Txile, 1959). Donostian dabil egunotan, Antxeta irratiak antolatutako Europako Irrati Komunitarioen 2. Foroko gonbidatu gisa. Herri Maputxeak eta adierazpen askatasuna hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Donostiako Andia kaleko Kutxa aretoan.
Maputxeenkasua gertutik ezagutzen duzu. Zein arazo dituzte hango irrati komunitarioek?
Komunikabideetarako sarrera mugatua dute maputxeek. Irratiek zailtasun asko dituzte irauteko. Alor ekonomikoaz aparte, ez diete frekuentziarik banatzen uhinak hedatu ahal izateko. Estatuak ez du inongo erraztasunik ematen maputxeek euren hedabide propioak izan ditzaten.
Zein garrantzi dute bertako hizkuntzek irrati komunitarioetan?
Maputxe gazteen %90ek ez dute hizkuntza ezagutzen, eta irratia tresna oso erabilgarria da ezagutza hori ez galtzeko. Euskal Herriko, Irlandako eta Afrikako hainbat herrialdetako adibideak oso baliagarriak dira Latinoamerikarako. Urrats asko ditugu egiteko alor horretan, eta erronka polita dago. Nazio baten kultur aniztasunerako berebizikoa da.
Zein da irrati komunitarioen berezitasuna?
Entzuleak, erabiltzaile pasibo izateari utzi, eta aktibo bihurtzen dituzte. Irrati komunitarioak partekatzeko sortu ziren, herritarrek hedabideetan parte hartzeko eskubidea bermatzeko. Adierazpen askatasuna kazetariei dagokien eskubide gisa ulertua izan da askotan, baina herritar guztiona da, eta, horretarako, ezinbestekoak dira irrati komunitarioak.
Zein da AMARCen zeregina?
Nazioarteko elkartea da AMARC, orain dela 30 urte sortua, Montrealen [Quebec]. Munduko irrati komunitarioek osatzen dute, 5.000 guztira. Hedabideen demokratizazioaren alde egiten du borroka. Irratiaren bidez gizartea demokratizatzea du helburu, batez ere, aniztasun gutxi duten hedabideak.
Zer ekarpen egiten diote irrati komunitarioek gizarteari?
Ez dira hedabide soilak, komunikatzeko era bat ordezkatzen dute. Sare sozialak erabiltzen dituzte aldaketarako, aniztasuna eta demokrazia sustatzeko. Hedabideak kultur jokabideen eta gizarte baten irudiaren sortzaileak dira, eta eragin handia dute, agian hezkuntzak baino gehiago. Horregatik, hedabide sistema horiek hobeto banatu behar dira. Hedabide aniztasunak gizarte justuago bat egiten du.
Ez da hori, ordea, herrialde gehienetan ikusten dena.
Komunikazioen sistema oso hertsagarria da, eta esku gutxi batzuen menpe daude. Azken hogei urteetan nazioarteko korporazio handiak komunikabide gehienen jabe egin dira. Irrati eta telebistetako frekuentzien adjudikazioak demokrazia baten osasuna neurtzen du, herri baten adierazpen askatasunaren maila. Oro har, ez dira era zuzen eta bidezko batean banatzen, eta ez dituzte aniztasun estandarrak betetzen.
Zein arazo dituzte irrati komunitarioek?
Estatu askok irrati hauei jazartzen diete: ez dizkiete lizentziak banatzen, eta hedatzen hasten direnean itxi egiten dituzte. Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak eta nazioarteko itun guztiek adierazpen askatasuna babesten dute. Gauza bat da eskubide hori aitortzea, baina ez bada hori bermatzeko neurririk hartzen, ez du ezertarako balio.
Nola aldatu da irratigintzaren panorama azken urteetan?
Irratia betidanik izan da gertuko hedabidea, erabilera publikokoa. Irrati kate erraldoiak sortuz joan dira, eta eskualdeko eta izaera komunitarioa duten irratiak itxiarazi dituzte. Hiriburutik hedatzen dute irrati horiek, baina ez dute inongo harremanik entzuleekin.
Interneten eta teknologia berrien aurrean zeintzuk dira irrati komunitarioen erronkak?
Bi alde ditu Internetek. Sareak edukiak demokratizatu ditu, baina, bestalde, mehatxua ere bada: hedabideen konbergentzia bultzatzen du. Internetek ezin du jendea erabiltzaile soila izatera mugatu. Norberak eduki propioak ekoizteko tresna izan behar du, baina, horretarako, lan asko dago oraindik egiteko; munduko eremu txiroenek ez dute sarerako sarbiderik.
Komunikazioa. Maria Pia Matta. AMARCeko presidentea
«Demokraziaren osasuna neurtzen du frekuentzien banaketak»
Irrati Komunitarioen Munduko Elkarteko (AMARC) buru da Pia Matta. Irratiok gizarte justuago bat eraikitzen laguntzen dutela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu