Noiz bihurtzen da herri bat arnasgune? Utz diezaioke inoiz hala izateari? Arnasgunearen definizioa bera ez da oso zehatza Maddi Dorronsoro Olamusuren ustez (Berrobi, Gipuzkoa, 1995), eta Alemania iparraldeko Flensburg hirira joan zen orain urtebete, gaia handik jorratzeko asmoz. Ikerketa proiektu bat abiatu du han: Arnasguneak eta migrazioa: euskal hiztunen jarrera. Hizkuntza gutxituen gaineko nazioarteko biltzar batean da egunotan, Bogotan, eta bideo dei bidez erantzun die galderei.
Zergatik joan zinen haraino?
Espresuki joan nintzen proiektu hau egitera. Lan eskaintza bat atera zitzaidan, ikertzaile baten bila zebiltzan Europan gutxiengoen gaiekin lotutako ikerketa bat egiteko.
Hutsetik hasi zinen lanean?
Aurretik ere baneukan interesa arnasguneen afera horren denaren inguruan. Antropologia ikasi nuen, eta gradu amaierako lana Berrobiri [Gipuzkoa] buruz egin nuen, arnasgune gisa ulertuta, migrazioak eta hirigintzak arnasguneei nola eragin dieten ikusteko. Dena den, ez nion gaiari berriz heldu: bizitzak beste leku batzuetatik eraman ninduen, eta aparte geratu zen. Lan eskaintza horretara arnasguneen inguruko lantxo bat aurkeztu nuen, azalduz azkeneko urteetan zer aldaketa izan dituzten halako herriek. Kontratatu ninduten, eta ikerketa hori egiten ari naiz Alemanian.
Ingelesez?
Ingelesez aritzen naiz, baina euskaraz sortzen dut; beraz, balantza batean bizi naiz etengabe. Burua euskaraz doakit, baina gero azalpenak ingelesez eman behar ditut.
Nola ikertzen da euskara Alemanian egonda?
Uste dut kanpoan egoteak distantzia fisiko eta sinboliko bat jartzen duela proiektuaren eta nire artean. Proiektu hau Euskal Herrian egiten ariko banintz, uste dut ez nukeela tarterik izango deskonektatzeko eta distantzia hartzeko; etengabe arituko nintzateke arnasguneen eta euskararen inguruan. Horrela, azkenean, ito egiten da bat. Kanpoan egoteak aukera ematen dit lanean aritzeko eta haizea hartzeko hala behar dudanetan. Proiekturako ere mesedegarria da distantzia hori.
Nolakoa da ikerketan aipatzen duzun euskal hiztunen jarrera hori?
Ni ikertzen ari naizena zera da: euskaldunak nola sentitzen diren aldatzen ari den arnasgune batean. Zer harreman duten beren hizkuntzarekin, zer-nolako jarrera duten harekin eta zein den joera, oro har. Euskaldun eta euskal hiztun kopuru oso handia duen herri batean, normalena datuek behera egitea da, zeren gora egitea oso zaila baita. Nik alde gizatiarragoa eman nahi nien datuei, eta jakin nahi nuen pertsona bakoitzak zer ideia dituen euskararen inguruan, zer sentimendu. Orain arte egin izan dira horrelako ikerketak, baina beste irakurketa batean oinarrituta beti: erdaldunek zer harreman duten euskararekin, edo euskaldun berriek, edo ikasleek... Aztertu gabeko bide bat ikusi nuen, eta horra abiatu nintzen.
Badakigu egoera aldatzen ari dela eta arnasguneek erronka asko dituztela, baina nola bizitzen dituzte aldaketa horiek bertako biztanleek? Migrazioak eragiten du, hirigintza aldatzeak eragiten du...
Arnasguneak utz al diezaioke arnasgune izateari?
Estatistika guztiek erakusten dute datuek okerrera egin dutela; joera beherakoa da. Harrigarria iruditu zait elkarrizketatu ditudan guztiek, 25-45 urte bitartekoek, bereziki haurtzaroarekin lotzen zutela euskara. Alegia, hizkuntzarekin zuten harremanaz galdetzean, beti jotzen zutela iraganera, kontatzeko orduan egoera oso bestelakoa zela.
Zer da arnasgune bat?
Definizio asko izan ditzake, eta, era berean, ez da hain erraza zer den esaten. Konturatu nintzen beharrezkoa zela arnasguneei buruzko artikulu bat egitea lehendabizi, batik bat definituta gera zedin zer esan nahi zuen horrek, eta kanpoan ere uler zezaten hori, zeren atzerrian ez baita existitzen halako terminorik. Oso tekniko jarri gabe, herri oso euskaldun bat da arnasgunea. Gertatzen dena da famatu eta popularizatu egin dela kontzeptua, eta oso termino geoterritoriala eman zaiola. Beste batzuek gustuko txoko bat definitzeko erabiltzen dute, edo metaforikoki. Izendatzeko zaila da, baina dena da arnasgunea. Dena baldin bada arnasgunea, orduan ez da ezer.
Aurreikusten ez zenuen ondoriorik atera duzu?
Oraindik ez naiz ondorioetara iritsi, baina arreta eman didaten gauza batzuk bildu ditut, bai. Asko sakondu dugu migrazioaren afera, eta, nik atera gabe, elkarrizketatuek ateratzen zidaten gaia. Arnasguneetan asko eragin du jende ez-euskaldunaren etorrerak, eta hori errealitate bat da. Noski, ez da aldaketa eragin duen bakarra, beste faktore asko daude.
Adibidez?
Elkarrizketatuek errepikatu dizkidaten kontuetako bat ekintzailetza maila izan da; alegia, jendea gero eta gutxiago ateratzen dela kalera aldarria egitera edo. Gero eta gutxiago hartzen da parte ekitaldietan, edo ekintzetan, edo... hori askok aipatu zuten. Sare sozialek ere egoera asko aldatu dute, erdal hizkuntzetan eduki pila-pila bat jasotzen dugulako etengabe.
lotsabako
Arnasgunerik Flensburgen?
Flushingen eta Danimarkaren arteko muga.Eta Berrobin?
Mendi punta bat.Euskal Herrira itzuliko zara?
Ez dakit zer esan, ez baitakit zer egingo dudan. Oraindik egiteko asko daukat hemen...