Daphne du Maurier gazteak, Foweyko (Britainia Handia) kostaldean oporretan zela, bizitza aldatuko zion figurarekin topo egin zuen. 1929ko uda hartan, portuko itsasontzi abandonatuen artean, Jane Slade ontziaren brankako irudia agertu zitzaion. Emakume bat irudikatzen zuen, eta harekin liluratuta geratu zen Du Maurier. Gerora jakin zuen eskultura hark ontziaren armadorearen emaztea irudikatzen zuela, garai bateko ohiturei jarraituz: izen bereko Jane Slade andrea. Slade sendiari buruz dokumentatzen hasi zen, eta horren emaitza izan zen Du Maurierren lehen eleberria: The Loving Spirit (Espiritu maitalea).
Handik urte batzuetara Rebecca eleberriarekin ezagun egingo zen gaztea, Du Maurier, ez zen izan brankako irudiek liluratu zuten bakarra. Horrelako pasarte eta adibide ugari jaso ditu Jorge Luis Marzo artearen historialari katalanak, maskaroi edo katamalo-irudi ere esaten zaien eskultura horiei buruz argitaratu berri duen liburuan. Gaur egun ia erabat ahazturik dautzan emakumezkoen irudien historia ondu du argitalpen horretan, eta XIX. eta XX. mendearen historia eraiki zuten ideiak eta gertaerak ezkutatzen dira itxuraz bizirik ez duten egurrezko figura horien begiraden atzean.
Emakumeak gizonen munduan
Hasieran, «pertsonaia mitologikoak edo fantastikoak» izaten ziren brankako irudien protagonistak, baina, XIX. mendearen bigarren erdian, benetako emakumeen irudi bilakatu ziren: «Armadorearen emazte, alaba, neska lagun edo zerbitzariak» ziren. Eskultura horiek gehienbat emakumezkoak izatea «ikaragarri sinbolikoa» dela azpimarratu du Marzok, «erabat gizonena zen mundu hartan» emakume bakarrak baitziren. Horrenbestez, rol sinboliko handia zuten itsasontzien eta eskifaien bizitzan. Hain zuzen ere, brankako irudiak ematen zion izena ontziari, arestian aipaturiko Jane Slade-ren kasuan bezala. «Marinelak sinbolikoki ezkontzen ziren emakume horrekin, ontziarekin lotura oso sakona zuten irudi haiekin», Marzoren hitzetan.
«Marinelak sinbolikoki ezkontzen ziren emakume horrekin, ontziarekin lotura oso sakona zuten irudi haiekin»
JORGE LUIS MARZOArtearen historialaria
Izan ere, historikoki, gizonezkoek erabat dominaturiko mundua izan da itsasoa. Ur handitan aritu diren emakumeen istorioak ikertu ditu Eider Arruti antropologoak, eta, kasu guztietan, itsasora irteten ziren emakumeenganako «arbuioa eta zigor soziala» dokumentatu ditu. Historian marinel edo arrantzale aritu direnen kasuan, «gizon tankera eta jantzia hartu behar izan zuten, emakume gisa identifika ez zitzaten». Egoerak, ordea, gaur egun arte iraun du.
Azken hamarkadetan itsasoan aritu diren emakumeen hiru profil identifikatu ditu Arrutik: batetik, itsasoan arituriko familietako andreak, beren familiaren jardunean lan egin ahal izan dutenak; bestetik, itsasoarekin loturarik izan ez baina marinel edo arrantzale lan egin nahi izan dutenak; eta, azkenik, 30 urtetik beherako gazteak, goi mailako ikasketekin, patroi edo ofizial lanetan aritzen saiatu direnak. «Kasu guztietan, lana utzi behar izan dute kritika sozialengatik, edo ez dute lanik aurkitu».
Arrantzale izan zen hiru urtean Eli Olaskoaga, 90eko hamarkadan. «Arrantzale izatea zen nire ametsa, eta emakume izatea, oztopo nagusia», oroitu du Olaskoagak. Alta, hasieratik ikusi zuen zaila izango zela: «Ez zegoen ni hartzeko prest zegoen patroirik». Lagun baten ontzian lortu zuen, azkenean, itsasoratzea, baina lanaz besteko arrazoiak zirela medio lagunak berarekin eramateari uko egin zionean, gaztetako ametsa bete ezinik geratu zen. Ofiziale izateko ikasi zuen Izar de la Hozek, gazteagoa bera, baina antzeko oztopoak topatu ditu: nebak eta klasekideek lana fite topatu bazuten ere, berak ez zuen euskal kostaldeko flotetan posturik topatu. «Tradizio eta ohitura zaharrak oraindik oso errotuta daude», kexu da De la Hoz. Itsasgizonak ez daude ohituta, intimitaterik gabeko ontziko elkarbizitza estuan, emakume bat gertu edukitzera, eta patroiek, «arazoak ekidin nahian», ez dute emakumerik kontratatu nahi. De la Hozek posible ikusten du belaunaldi aldaketarekin egoerak hobera egitea, baina itsasoan lan egin nahi duten andreek «banakako borroka latza» dute oraindik aurrean, haren ustez.
Okertuak eta zapalduak
Emakumeei hain ezkor zaien mundu batean, beraz, harritzekoa da emakumeen hainbeste irudi kausitzea. «Nire galdera zen: zer demontre egiten dute emakume horiek erabat gizonena zen mundu batean?», bota du itauna Marzok. Hori ulertzeko, emakumeek Mendebaldeko artearen ikonografian izandako ezaugarriak ekarri ditu gogora: «Emakumeak beti daude menperatuta, beti daude norbaiten zerbitzuan». Kasu honetan, figura horiek ontziko eskifaiaren zerbitzuan zeuden, sinbolikoki bada ere. «Emakumeak beti dira onak edo txarrak Mendebaldeko artean: kasu honetan, brankako irudikoak emakume onak ziren, eta ontziko marinelak babestu behar zituzten itsasoko emakume maltzurretatik: sirenak, laminak, itsasoa bera», azaldu du sinbolismo ikerlariak.
Paradoxa bat ere badira brankako irudiak. Izan ere, XIX. mende hartan bertan nagusitu zen erabat emakumearen iruditeria maskaroietan, emakumeen askapen mugimenduaren eta feminismoaren hastapenak nabarmentzen ari ziren garaian, hain zuzen ere. «Lehorrean askatzen ari ziren emakume horiek lotzea ere bazen estatua horien helburua: garai hartako gizonen beldurrak uxatzea, emakume burges perfektuaren irudiarekin».
Beti aurrera begira, beti esaneko, beti isilik ageri ziren, beraz, aparteko estatua horiek. Arketipo hori laburbiltzen duen kasu batekin hasten du liburua, hain zuzen ere, Marzok: Ontario lakuan hondoraturiko Diana izeneko ontziaren brankako irudiarekin. «Erabateko leialtasuna eskatzen zitzaien estatua horiei, eta hor ageri da Diana, ontziarekin batera hondoratuta, lakuko ilunetan betiko galduta», irakur daiteke liburuaren lehen atalean.

«Haiek mundu osoa ikusten zuten, eta lehenak ziren lurra ikusten, baina inork ez zituen haiek ikusten», azaldu du, berriz ere paradoxikoki, Marzok. Paradoxa eta sinbolo horiek guztiak galdu egiten dira gaur egun arte iritsi diren estatuen kasuan. «Erabat margoturik eta testuinguru gabe jartzen dituzte museoetan, baina jatorriz ez ziren horrela ageriko», deitoratu du Marzok. Izan ere, kare geruza zuri batek estaltzen zituen irudi horiek, hezetasunetik eta eguraldi txarretik babesteko. Gehienek jatorrizko itxura hori galdu badute ere, badira oraindik ere tankera horren adibide bakanak: Italiako La Spezia museoko Atalanta zuria, esaterako. Oraindik ere kontserbatzen du hasieran eman zioten geruza zuria.
Zutik ala etzanda?
Testuingurutik at eta haien istorioak ia erabat galduta, museoetan «bitxikeria huts» bilakatzen dira pieza horiek, eta ez zaie behar besteko atentzioa ematen. Margoturik zein margotu gabe, zutik zein okertuta erakusten dira, jatorrizko testuingurua errespetatu gabe. Baina erabaki hain sinplearen atzean ere eztabaida sakonak ere egon daitezke. «Jatorrizko testuinguruan, estatua horiek beti okertuta egongo ziren, itsasontziko brankan. Hala ere, ez al litzateke zutik erakustea nolabaiteko justizia ekintza bat, zapalduriko emakume horiei nolabaiteko aitortza egitea?», iradoki du Marzok.
«Eskultura horiek emakumeak zapalduta zeuden garai batekoak dira, eta orduko balioak islatzen dituzte»
HAIZEAÂ BARCENILLAEHUko ikerlaria
Haizea Barcenilla EHUko ikertzailea ez dator bat horretan ikerlari katalanarekin. Artearen historiako doktorea da, eta museologia aztertu ohi du, ikuspuntu feminista batetik. Kasu honetan, artelanen jatorrizko testuingurua errespetatzeari eman dio garrantzia Barcenillak. «Badut irudipena, nolabait, azkenaldian iragana benetan zen baino berdinzaleagoa egin nahi ez ote dugun. Funtsean, eskultura horiek emakumeak zapalduta zeuden garai batekoak dira, eta garai hartako balioak islatzen dituzte», argudiatu du ikerlariak. Hortaz, aipaturiko tentetzea artista garaikideren baten obra aldarrikatzaile baterako egokia dela badio ere, brankako irudi horiek irudizko branketan baleude bezala erakutsi behar direla defendatu du. «Obrari jatorrizko testuingurua kenduz gero traizio egiten baitiogu obraren esanahiari».
Non daude Euskal Herriko maskaroiak?
Barcenillaren iritziari menik egin gabe ageri da Euskal Herriko museotan gordetzen den maskaroi bakanetako bat. Bilboko Euskal Museoan dago XIX. mendeko estatua hori, eta zutik ageri da, garai batean ontziko brankan izango lukeen postura irudikatzeko saiakerarik gabe. Bermeokoa da jatorriz (BIzkaia), eta soineko ilun luzea eta sandaliak soinean dituen emakume bat irudikatzen du. Begirada durduzatua du, harridura keinua bisaian, bere buruari galdera bat egingo balio legez: «Non daude nire lagunak?».

Izan ere, eskultura klase horrek enegarren paradoxa bat du, Marzok berak elkarrizketan nabarmendu duena: itsasketan eta itsasontzigintzan tradizio handiko herria izanagatik, ez da ia brankako irudirik kontserbatzen Euskal Herrian. Zergatik hutsune hori? Hainbat arrazoi ditu buruan ikerlari katalanak: «Batetik, Europa iparraldean beti izan dute hegoaldean baino kontserbazio grina handiagoa». Europa hegoaldeko lurretan, Marzok zehaztu duenez, brankako irudiak artisautza pribatu eta xumeko lan gisa ikusi izan dira, benetako artelan gisa ikusi ordez, eta horregatik ez dituzte hainbeste gorde. Bestetik, «museo eta ikerlariek ez diete behar besteko arretarik jarri», ikerlariaren ustez.
«Ziur nago itsasoarekin lotura izan duten euskal familien etxeetan badela horrelako eskultura bat baino gehiago», iradoki du Marzok. Hots, izan, Euskal Herriko maskaroiak izan direla, ehunka izan ere, baina gaur egun galduta edo ezkutuan daudela, historian jasan duten mespretxuagatik, «benetako» artelan gisa baloratuak izateke. Etxean baten bat gordea duenak jakin beza ganbaran apika pipiak janda gordeta daukan eskulturatxoa ez dela familiako oroigarri apala, artearen historiako pieza garrantzitsu eta interesgarri bat baizik, eta litekeena dela mundua hezur-haragizko gizaki askok baino gehiago ikusi izana itsas zabalean.