Marijaia Bilboko Arriaga antzokiko balkoira agertzeko, gero eta denbora gutxiago falta da. Bilbotarrek hasia dute atzerako kontua, eta hori antolakuntza lanetan igartzen da. Izan ere, joan den astean jakin zen Virginia Berasategi izango dela pregoilaria, eta jaietako beste protagonistaren izena jakitea bakarrik falta zen; txupinerarena, hain zuzen ere. Astelehenean aurkeztu zuen Bilboko Konpartsak jai batzordean Nerea Orizaola Zaratas konpartsako kidea kargu horretarako, eta atzo onartu zuten ofizialki Aste Nagusiko txupinera gisa.
Bilboko Konpartsek azaldu dutenez, Orizaolak «asko parte hartu du hasieratik bere konpartsaren barruan, baita federazioaren barruan ere». 2006an sortu zen Zaratas konpartsa, eta berriena da, Komantxe konpartsaren ondoren. Orduz geroztik da konpartsako kidea. Tas-tas irrati librearen inguruko konpartsa da, eta «irratiaren sostengua bultzatzea» du helburu. Zaratasek izango duen lehenengo txupinera izango da, eta jaiak hasi zirenetik, hogeita hamalaugarrena.
Marilynjaia, kartel garailea
Baina txupineraren izena jakiteaz aparte, jaietarako deia egingo duen kartela zein izango den ere jakinarazi zuten atzo bertan. Peru Isasi bilbotarrak diseinatutako irudia aukeratu dute herritarrek eta epaimahaiak. Internet bidezko bozketak %75eko pisua zuen, eta epaimahaiaren iritziak, %25ekoa.
Denetara, 245 lan aurkeztu dira lehiara, joan den urtean baino hamabost gehiago, eta lanen maila handia azpimarratu nahi izan dute jai batzordeko kideek.
Aurtengo Aste Nagusiko kartela izango denak jarrera ezagun batean erakutsiko du Marijaia. Izan ere, Marilyn Monroe aktorearen argazki ezagunean bezalaxe agertuko da Bilboko jaietako protagonista. Aireak gona altxatzen dio azpitik, eta azpiko arropa ikus daiteke: kulero zuri-gorri batzuk. Kartelaren egilea jakitun da Bilboko jaietako pertsonaiaren irudia aldatzea ez dela izango denen gustukoa: «Emakumeek ondo hartzea espero dut, indartuta senti daitezen, lotsak etxean utzita».
Isasik komunikazio agentzia batean lan egiten du, eta behin baino gehiagotan jaso ditu gisa horretako sariak. Besteak beste, Getxophoto argazkien nazioarteko lehiaketako lehen saria irabazi zuen 2008an; Getxoko erakusleihoen 2006ko lehiaketako irudia harena izan zen; eta Zornotzako gazte informazioaren bulegoko logotipoa ere harena da. Horiez gain, jaietako kartelen hainbat lehiaketa ere irabazi izan ditu.
Aurtengo kartela diseinatzen hasi aurretik, zein ideia aurkeztu nahi zuen argi zeukan, gainera. Horrenbeste, ezen «urtero aurkeztu behar nuen ideia horrekin lotutako kartelen bat, irabazi arte». Ez du beharrik izan, ordea, lehenengo urtean onartu baitiote ideia. Ikusteko dago abuztuaren 18an Marijaiak azpiko arropa erakutsiko ote duen edo ez, jaien hasierako ekitaldian agertzen denean, baina, ordurako, bilbotarrek ongi asko jakingo dute nolakoak dauzkan: Athleticen aldekoak, hain justu ere.
Denak Marijaiaren esperoan
Zaratas konpartsako Nerea Orizaolak botako du aurtengo Aste Nagusiko lehenengo txupina, abuztuaren 18anJaietako kartelean, Marijaia Marilyn Monroe aktorearen itxurarekin agertzen da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu