Santiago Perez de Ziriza getxotarra da, eta betidanik aritu da errugbian jokatzen. Komertziala da ofizioz, eta errugbia afizio moduan hartzen du. «Gustatzen zaidalako jokatzen dut, eta ez dut ezer eskatzen honen truke», dio. Getxo Artea talde historikoak aurten lortu du Ohorezko Mailara itzultzeko txartela, 2009an Ohorezko B Mailara jaitsi ondoren. Ohorezko B Mailako txapeldun gisa igoko da gainera kategoriaz, Universidad de Vigo taldearen aurka asteburu honetan jokatu behar zuten partida bertan behera geratu ostean. Azken horiek uda osterako utzi nahi zuten partida, baina Espainiako federazioak ez die halakorik onartu, eta Getxo izendatu dute txapeldun.
«Aurtengo denboraldia gogor prestatu dugu gure helburua lortzeko, baina hurrengo urtea gogorragoa izango da. Kategoriari eustea da gure asmoa; erronka benetan zaila da, Ohorezko Mailan dagoen joko maila ikusita», dio Getxo Artea taldeko bigarren kapitainak.
Lana eta kirola bateragarriak direla uste du Perez de Zirizak, «denbora librea ongi administratzea da gakoa», dio. Taldeko entrenamenduak arratsaldeko zortzietan izaten dituzte, «langileak garenok arazorik gabe irits gaitezen». Taldeko entrenamenduak eta jokalari bakoitzak bere gisa egin behar dituen entrenamendu pertsonalak denak dira beharrezkoak errugbian goi mailan jokatu ahal izateko. Horrek asteko egun guztiak hartzen dizkiola dio Perez de Zirizak.
Getxoko bigarren kapitainak egiten duen komertzial lana dela eta, askotan bidaiatzea tokatzen zaio. Kasu horietan ia aste osoa ematen du etxetik kanpo, eta orduan ere ateratzen du tarteren bat entrenatu ahal izateko. «Sasoian mantentzeko, kirol arropa eraman ohi dut laneko bidaietara, eta nagoen lekuan egonda ere, korrika egitera joaten naiz». Neurri horretan, bere lanbideak ez dio trabarik jartzen gogokoa duen kirola egiteko unean.
Ofizioa eta afizioa, biak batera egitea posible duela azpimarratzen du Perez de Zirizak, baina bien arteko uztartze horrek askotan zailtasunak ere ekartzen ditu. «Egun osoa lanean egon ostean entrenamendu saioetara joatea askotan gogorra egiten da, eta, horregatik, askotan sakrifizio handia egiten dugu», Perez de Zirizaren ustez. Eta horrek ondorioak izan ditzake jokoan. Baina «jokalari amateurrak talde guztietan daude, baita Ohorezko Mailan ere».
Atzerritarren sostengua
Espainiako errugbi ligako Ohorezko Mailan, harrobiko jokalariak izaten dira oro har taldeen sostengu nagusiak. Goi mailan dauden taldeak kenduta, gainerakoek etxeko jokalarien beharra izaten dute. Baina ez harrobikoak bakarrik. Izan ere, «goi mailan jokatu nahi bada, atzerritarren laguntza ezinbestekoa da. Esaterako, guk aurten hiru jokalari atzerritar geneuzkan gure artean, Zeelanda Berrikoak denak, eta hurrengo urtean laguntza gehiago ere beharko dugu ziurrenik», dio.
Atzerriko jokalari horiek, gainera, errugbitik bizi dira. Horrek jokalarien artean ez duela hika-mikarik sortzen uste du Getxoko jokalariak: «Denok dakigu zertara datozen jokalari horiek, eta zenbateko onura egiten dioten taldeari. Taldearen jokoari sekulako bizitasuna ematen diote, beraz, alde horretatik, inork ez du begi txarrez ikusten; alderantziz, haien beharra daukagula uste dugu».
«Errugbia beti izan da gure artean zokoratuta egon den kirol bat. Inoiz ez dugu laguntzarik jaso, eta, horregatik, errugbi jokalariak betidanik amateurrak izan dira», azpimarratu du Perez de Zirizak. Une honetan, ordea, errugbia amateurtasunaren eta profesionaltasunaren artean dago, eta Getxo Artea taldea ere bi eredu horien artean dabil dantzan.
Santiago Perez de Ziriza. Errugbilaria eta komertziala
«Denbora librea ongi aprobetxatzea da gakoa»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu