Bilboko Aste Nagusia 

Denboraren lehiakideak

Areatzan herri kirolen saioak izaten dira. Azken egunean, sei kirolen erakustaldi bana eta harri zulatzaileen Bizkaiko ligako kanporaketa izan dituzte. Egunero bildu da jendetza, animatzera.

ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2016ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Z enbateko pisua izango du horrek? Arina ez da izango, burdinazkoa da eta!», esan du Euskal Herrira lagunak bisitatzera etorri den Ruben Salinasek. «Harrigarria da euskal herritarron indarra. Emakume eta gizon astakiloen fama duzue, eta, hau ikusita, sinetsi egin beharko dut», gaineratu du. Auki argitu die zalantza mikrofonotik hizketan ari den kontalariak: «Ioritz Pereira hamazortzi kiloko ingudea altxatzen ari da, eta Nerea Egurrola, hamar kilokoa». 25 altxaldiko bina sorta egin behar dituzte, elkarrekin ehun egin arte. «Guk edalontzia jasotzen dugun bezain erraz jasotzen dituzte horiek 10-18 kiloko ingudeak», esan die lagunei, plastikozko katxia gora eta behera mugituz.

Saioa dagoen aldiro gertatzen den legean, atzo ere lepo bete zuen jendeak Areatzako errepidea, San Nikolas elizatik Posta kalerako tartean, herri kirolen emanaldia ikusteko. Azken eguna zuten, eta bi saio izan ziren: Bizkaiko Herri Kirol federazioak antolatutako erakustaldia eta Bizkaiko harri zulatzaileen txapelketako kanporaketa saioa. Erakustaldian, federazioak aurten lehenengoz antolatu duen promozio ligan lehiatu diren kirolari onenek parte hartu zuten, denbora gutxien behar izan zutenak: zazpi herrik parte hartu dute, eta Gernika eta ingurukoak nagusitu dira. Beraz, haiek izan zuten atzo Aste Nagusian euren lana jendaurrean agertzeko ohorea. Tartean asturiar bat zen: David Nareo aizkolaria.

Lehenik, Arkaitz Ispizua eta Xake Zubizarreta trontzalariek hamar zati moztu behar izan zizkioten enborrari. Segidan, Nareok bi enbor erdibitu zituen aizkorarekin. Mikel Alzola harri jasotzaileak hartu zion lekukoa, 75 kilorekin 25 altxaldi egiteko. Jolis Pereirak hamabost aldiz jaso zuen 44 kiloko fardela. Batirtz Ispizuak eta Nareok 50 lokotx bildu behar izan zituzten. Azkenik, arestian aipatutako ingudearen probak itxi zuen erakustaldia.

Ligako marka hautsita

«Ordu erdian dena osatzea izango dute gaurko erronka. Lortuko ote dute?», esan zuen esatariak behin eta berriz. Eta baita lortu ere. 23 minutu eta hamazortzi segundo nahikoa izan zituzten. «Begiratu egin beharko nuke, baina esango nuke txapelketa osoan egin duten denborarik onena dela Aste Nagusiko erakustaldi honetan lortutakoa. Bejondeiela gure kirolariei», zoriondu zituzten, eta ikusleen txalo zaparrada jaso zuten.

«Urtero etortzen gara Aste Nagusira, egun-pasa, eta goizeko giroa asko gustatzen zaigu, herri kirolek eta sukaldaritza lehiaketak sortzen dutena», azaldu du Asun Barbadillok. Enkarterriko (Bizkaia) hainbat herritatik atzo Bilbora joan zen andre talde bateko kidea da. «Gehien gustatzen zaidana da gizonekin batera emakumeak ikustea. Hara neska hori harria zulatzen, gizon asko baino trebeago». Ortuellako (Bizkaia) Burdin Gazteak zulatzaile taldeko Maria Quintelaz ari zen. Ordu erdian bakoitzak zenbat zulo egin lehiatu ziren sei herri.

Ingudea altxatzen ibilitako Nerea Egurrolari aipamena egin zion kuadrillak, eta euren arteko eztabaida piztu zen: batzuek ez zuten ondo ikusten Egurrolaren ingudeak Pereirarenak baino zortzi kilo gutxiago pisatzea: «Neska hori [Quintela] beste mutilen baldintza beretan lehiatzen ari da, eta ez dut uste desabantailarik duenik», esan zienBarbadillok. Ez zuten ados jartzerik lortu.

Aldarrikapen puntua ere izan zuen atzoko saioak. Antolatzaile taldeko Jose Luis Bilbaok hartu zuen mikrofonoa. «Eskerrak eman nahi dizkizuet egunero Areatzako bazter hau txiki uzten duzuenoi. Zuei esker, herri kirolek aparteko lekua daukate Bilboko jaietan. Zuengatik ez balitz, ez genuen hainbeste denbora iraungo». Bereziki hedabideei egin zien kritika, uste baitu gutxi direla herri kirolen emanaldi hauei jaramon egiten dietenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA