Denda, beti begi bistan

Kaleetako seinaleetan herriko denda eta zerbitzuetako publizitatea jartzen hasi dira Antsoainen. Lortutako diruaren %10 herriko elkarte edo GKEentzat izango da.

Kaleak eta kale horretan dauden dendak aurkitzea errazagoa da Publicalle egitasmoaren bidez. NATXO SIBON.
Antsoain
2012ko azaroaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Herriko kaleetako eta plazetako izenak ageri diren seinaleetan denden eta zerbitzuen publizitatea ezartzen hasi dira Antsoainen (Nafarroa). Publicalle izena du sistemak, eta Euskal Herrian horrelako egitasmo bat abiatzen duen lehen udalerria da. Helburu nagusia bertako merkataritza bultzatzea bada ere, egitasmoak baditu beste onura batzuk ere. Udalari ez zaio dirurik kostako, eta, haren bitartez, ateratzen den diruaren %10 herriko elkarte edo gobernuz kanpoko erakunde bati emanen zaio.

Maiz gertatzen zaio erosleari. Kaletik doa, ez daki ziur non dagoen, ez eta nondik joan behar duen nahi duen denda aurkitzeko. Kalean topatzen duen norbaiti galdetzen dio, baina inork ez dio azalpen egokia eta zehatza ematen. Autoko GPSa ere txoratuta dabil, eta kale kantoian kalearen seinalearen bila begiratzen du, baina askotan arrastorik ez da agertzen. «Nori ez zaio horrelako zerbait gertatu noizbait?», galdetu du Natxo Sibon egitasmoaren asmatzaileak. Horrelako egoerak saihesteko pentsatua dago Publicalle. Kaleak hobeki ezagutzeko eta herriko dendak non dauden jakiteko seinalizazio sistema egokia da.

Teknikoki bi xafla urdin dira, hirugarrenaren gainean kokatuak eta itsatsiak. Goikoan Iruñerriko Antsoain herriaren kalearen edo plazaren izena ageri da, zuriz eta letra larriz idatzia eta, haren beheko aldean, dendaren edo zerbitzuaren izena eta kokapena, zuriz eta letra larriz hori ere. «Horrela, erosleak badaki non dagoen eta zein denda dituen pauso batera», azaldu du Sibonek.

Guztien mesederako

Asmakizuna Antsoaingo herritar guztien mesederako izanen dela iritzi dio Sibonek. Merkatariek komunikazio sistema «oso merkea» lortzen dute. Bezero nagusia herrian dute, dendatik gertu. Kale kantoietako seinaleek inguruan duten eskaintza gogorarazten die. Hori bakarrik ez, kanpotarrentzat ere mesedegarri da, ez dakiten informazio gehigarria eskaintzen dielako. Horrela, denda erraz aurkitzeko tokia bilakatzen da seinalea. «Denda txikiak herriko tokirik hoberenetan egoten dira, baina maiz ez dira ikusten. Seinale horiekin ageriagoak dira». Duela hilabete pasatxo jarri zituzten lehen hamalau seinaleak herrian, eta helburua 150 bat jartzea da. Xaflan euren dendaren edo zerbitzuaren informazio zehatza ezartzeko hilean hamar euro ordaindu behar dituzte merkatariek.

Bestalde, udalaren bidez herriko elkarteak lagundu ditzake bezeroak, ekimarekin lortzen den diruaren %10 Antsoainen dagoen elkarteren bati emanen zaiolako. Oraingoz, harrera ona izan du egitasmoak. «Ideia asko gustatu zaie, baina krisiak asko eragiten die. Askok ez dute dirurik». Iruñerriko herrian 183 denda daude, eta bi industria eremu. Industria eremuetan dauden denda eta zerbitzuek interes handia erakutsi dute, eta egitasmoak egonkortzeko denbora behar duela uste du Jesus Mari Esteban Antsoaingo hirigintza zinegotziak. «Hilabete bat joan da xaflak jartzen hasi zirela, eta goizegi da emaitzak aurreratzeko. Denbora behar du egonkortzeko».

Antsoainen ezarri ondoren, antzeko herrietan edo hiri handiagoetan ere martxan jarri nahi du proiektua Sibonek. Antsoainek 10.700 biztanle ditu, eta Publicalle ondua dagoenean beste toki batzuetara jauzi egin nahi luke: Burlata, Tutera, Tafalla edo Gasteiz hirira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.