Dendan egon gabe erosiz

Internetez egindako erosketak etxean jaso beharrean, autoz euren bila joateko zerbitzu berri bat jarri du martxan Eroskik Leioan. Oraingoz proba bat besterik ez da.

Leioako Eroski supermerkatuaren atarian dago erosketa autoz jasotzeko gunea. EROSKI.
Lander Muñagorri Garmendia.
Leioa
2014ko martxoaren 18a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Denbora aurrezten dela, horixe da Javier Laizek esan zuena Leioako Eroski supermerkatura joan eta Click & Drive zerbitzua estreinakoz erabili ostean. Internetetik erosketak egitekoaukera ematen du kooperatibak, eta aspalditik egin du bide horren aldeko hautua Laizek. Baina orain arte etxera eramaten zioten erosketa, eta atzo alderantziz egin zuen: bera joan zen bila. Autoan joan zen Leioako saltokira,eta sarreran bertan dagoen etxolara inguratu zen. Han zain zeukan bezperan egin zuen erosketa. «Era honetan ez dugu denborarik galtzen supermerkatura sartu, eta gauza bakoitza non dagoen bilatzen. Internetez erosita askoz gusturago ibiltzen gara». Lehen aldia zuen, ordea, autoan erosketaren bila joan zela, eta gustura zegoen emaitzarekin. «Etorkizuneko erosteko modua izan daitekeela esan daiteke», zioen irri artean.

Ideia hori nabarmendu gura izan zuen Javier Fernandez de Valderrama Eroskiren Online komertzioko arduradunak ere. Martxan jarri berri duten zerbitzua «aitzindaria» dela. Ez da bezeroak hala eskatuta martxan jarritako zerbitzua, baina horretarako beharra zegoela sumatu zuen kooperatibak. Orain arte Internetetik egindako erosketak jasotzeko aukera bakarra banatzaileen bidez etxera eramatea zen, eta hor ikusi zuten erabiltzaileek arazoak izan zitzaketela: «Esana ziguten jasotzeko epea askotan oso luzea zela, ez zutela itxaron nahi, edo ez zekitela zehazki noiz egongo ziren etxean». Horregatik, etxean itxaron beharrean, bezeroak erosketen bila joateko aukera ematea pentsatu zuten.

Alternatiba horrek, gainera, alde on bat ere sortuko dio erabiltzaileari: ez du zerbitzu horren truke ezer ordaindu beharko. Beste modu batera ezin, eta orain arte etxera eramatearen truke gastu hori bere gain hartzen zuen bezeroak. Eta hala ordaintzen zuen, baita Laizek ere. Baina «doakoa den edozer gauza aprobetxatzen dut, eta horregatik ere egin dut zerbitzu honen aldeko proba». Eta hori da Eroski Onlineko arduradunen asmoa, baita Fernandez de Valderramarena ere. Zerbitzu horri doako izaera ematen jarraitzea: «Ikusi beharko da erosketak banatzeko eredu hori nola garatzen den, baina, printzipioz, doakoa izango da».

Eskaera egin eta bi ordura jaso

Erosketa egin eta bi orduren ondoren joan ahal izango dute bezeroek Eroskira euren autoaren maletategia betetzera. Oraingoz, ordea, Leioan bakarrik dago martxan zerbitzu hori. «Proba modura jarri dugu han, eta ongi funtzionatzen baldin badu, ikusiko dugu ea zabaltzeko moduko zerbitzu bat ote den», zehaztu zuen Fernandez de Valderramak. Ahalik eta gehiena zabaltzea izango litzateke euren nahia, eta horretarako erabiltzaileen artean gogo hori sumatzen dutela ere nabarmendu zuen. «Pertsona askok sarean erosteko aukera hori erabiltzen dute, ez dutelako denborarik galdu nahi saltokietan. Bada, zerbitzu honekin prozesu hori borobildu dugu». Saltoki baten ondotik igarotzean jaso ahalko baita aurretik egindako erosketa, etxean euren zain egon beharrik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.