ATZEKOZ AURRERA. Teresa Torns. Soziologian doktorea

«Denontzat ez bada lanaldi partziala, iruzurra da»

Argi du zein den arazoa: «Aisialdirako denbora gutxiago dugu emakumeok, pertsonak zaintzen denbora gehiago ematen dugulako». Barakaldon izan da, kontziliazio erantzunkideaz hitz egiteko.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Barakaldo
2015eko urriaren 30a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Gaur emango diete amaiera Erantzunkidetasunaren Astea izenez Barakaldon (Bizkaia) antolatu dituzten jardunaldiei. Han izan da Teresa Torns, (Bartzelona, 1947). Soziologian doktorea da, eta, haren ustez, banaketa bidezkoa lortzeko, ezinbestean berrikusi behar dira zereginak banatzeko eta pertsonak zaintzeko gizonen eta emakumeen arteko kontratu soziala.

Emakumeek aisialdirako denbora gutxiago dutela diozu.

Inkesta guztiek zergatik neurtzen dute denbora lineala? Zergatik ez dute sinkronia neurtzen? Inkesta guztiek diote emakumeok lan merkatuko karga handiagoa dugula. Hori linealki batzen da. Beraz, ez da neurtzen presentzia bikoitz hori, dena buruan bueltaka eramatearena. Zaila da sinkronia hori neurtzea. Aisialdirako denbora gutxiago daukagu, zainketei arreta handiagoaeskaintzen diegulako. Alde handia dago Eskandinaviako gizonen eta Europako hegoaldekoen artean. Ez dago alde handirik ordaindutako lanordu kopuruaren artean, baina eskandinaviarrek etxeko lanetan gehiago laguntzen dute. Kontua da legeak han derrigortu egiten duela aitatasun baimena hartzera. Ez bada erabiltzen, galdu egiten da baimen osoa. Zaindua izateko eskubidea umearena da; gurasoena beharra da.

Derrigortu egiten dituzte?

Aitak hilabeteko aitatasun baimena hartzera derrigortuta aldaketa kultural bat gertatu zela kontatu zigun Danimarkako enbaxadore batek. Aitak aitatzat aitortzen zituzten. Modu positiboan ikus zezaketen. Gauza interesgarri bat esan zuen: «Aita gaztea bazara, eta astean birritan ez bazara lanetik ordua baino lehenago ateratzen haurrak zaindu behar dituzulako, arriskuan ari zara jartzen zure lan ibilbidea. Enpresek badakite aita bat ez dela profesional ona izango, aita ona ez bada. Nola izan daiteke derrigorra emakumearentzat, eta ez gizonarentzat? Hori ezin dut ulertu.

Iruzurtzat jo duzu lanaldi partziala.

Denontzat ez bada lanaldi partziala, iruzurra da. Ona dena da guztiontzat murriztea. Ez dugu beti emakumeok murriztu behar. Gainera, ez dira aintzat hartu behar enpresaren beharrizanak bakarrik. Langilearentzat denboraren beharrizanak ez dira berdinak bizitza osoan. Begira zer-nolako paradoxa. Gazteek denbora gehiago behar dutenean zaintzarako, orduan eskatzen diete enpresek lan egiteko moduan egoteko. 50 urteko jendea ari dira kaleratzen, eta, agian, haiek dira lan egiteko denbora gehien dutenak.

Zergatik onartu da emakumeek arduratu behar dutela besteak zaintzeaz?

Arau sozialak dira, eta lan handia egin behar da horiek aldatzeko. Zaila da, baina ez ezinezkoa. Zaila da zalantzan jartzen ez baduzu. Mundu guztiak ez badu zalantzan jartzen, kalteak pairatzen dituena bakarrik kexatuko da. Arau hegemonikoa zalantzan jartzen ez badugu, jai daukagu.

Nork izan behar du aldaketa horren buru?

Gauzak ondo ez daudela kontziente diren pertsonak izaten dira gogo handiagoarekin altxatzen direnak. Hortik, feminismoa eta langile mugimendua bere garaian.

Zaintzari dagokionez, gizona nola ari da integratzen?

Maskulinitate eta aitatasun berriak aztertuta, ikerketa guztiek erakutsi dute hirietako klase ertaineko semeak direla aldaketarako joera handiena dutenak. Horrekin esaten ari naizena da landa eremuko mundua oso kontserbadorea dela ohitura horiei dagokienez. Gauza bera gertatzen da industriako langile klaseetako semeekin. Esparru publikoan, gizartearen estrukturaren transformazioan, borroka asko egin du langile klaseak, baina eguneroko munduan eta familian oso kontserbadorea izan da.

Gizonek zer betekizun dute?

Maskulinitatea porrotaren eredua da. Zalantzan jarri behar da maskulinitate hori, maitasunezko feminitatea jarri behar den moduan. Ama askok aitortu behar du berekoikeriagatik egiten duela. Badakit, oso gogorra naiz. Eta aita askok uste dute semeari ordenagailu berri bat erostegatik aita onak direla.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA