Lurdes Arrizabalaga. Onkologoa

«Diagnostikoari dagokionez, ari gara medikuntza pertsonalizatuarekin jada»

xabier martin
Donostia
2011ko ekainaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Leuzemiaren aurkako borrokan eskarmentu handia dauka Lurdes Arrizabalaga medikuak (Donostia, 1961). Onkologikoan puntako terapiekin aritzen da egunero. Dagoeneko medikuntza pertsonalizatua egiten ari direla dio, «maila batean behintzat». Dena den, laborategiko lanari ezinbestekoa iritzi dio, etorkizunean, «epe ertainera», eraginkorragoak izateko esperantza handiak baititu.

Linfaren leuzemia kronikoan eragina luketen lau gene bakartu dituzte. Medikuntza pertsonalizatuaz ari dira hitz egiten jadanik. Goizegi?

Medikuntza pertsonalizatua egiten ari gara gu jadanik. Diagnostikoa egitean, ez dugu hura bukatzen pazientearen mutazio genetikoen berri izan gabe; haiek esango digute gaitzaren bilakaera ona izango den, erdi mailakoa izango den edo txarra izango den. Mutazioen irakurketa jakinak gaitzari nola aurre egin esango digu, noiz hasi tratamendu jakin batekin eta noiz ez. Gaitzaren pronostikoa ezagutzean, haren oldarkortasun maila ere ezagutzen dugu, eta ondorioz jakingo dugu terapiak zein mailatan izango diren eraginkorrak. Mutazio genetikoen inguruko informazioa ezinbestekoa da guretzat une honetan leuzemiari aurre egiteko.

Beraz, azterketa genetiko sakonak gero eta garrantzi handiagoa dauka minbiziaren aurkako borrokan?

Hematologia inguruko tumorearen diagnostikoak pazientearen profil molekularra eskatzen du, gero eta gehiago; tumorearen zelularen genotipo molekularra ezagutu beharra dugu, terapia mailan zer-nolako jarrera eduki behar dugun jakiteko. Batzuetan kimioterapia aginduko dugu, beste batzuetan, agian zain gera gaitezke gaitzaren garapena ikusteko edota adinaren eta azterketa molekularraren arabera, transplante baterako prestatu. Diagnostikoak finkatuko du dena, eta diagnostikoa azterketa biologiko molekularrak zehaztuko du.

Laborategi mailan egin berri duten aurkikuntza, lau gene bakartzea, zein mailatan lagunduko du terapia berriak garatzeko?

Ez dakit; hori oso zaila da erantzuten, oraindik ikerketa fasean dagoenez. Hematologoek bainoago genetistek izan dezakete aztarna argiagoa. Baina argi dago ikertzen jarraitu behar dutela, etorkizunean eragin handia izango duelako. Azken urteotan, izan ere, ikerketak eragin handia izan du gure egunerokoan, terapiak erabakitzeko moduetan esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.