Dominique Hummel. Futuroscopeko presidentea

«Dibertsioaz gain, gehiago ere eskaintzen dugu»

Inigo Astiz
Poitiers
2012ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Diru publikoarekin sortu zuten parkea. Pribatu izatera pasatu zen gero urte batzuez, eta publiko izatera berriz ere gero. Orain dela urtebetez geroztik pribatua da berriz ere, eta Dominique Hummel da Futuroscopeko presidentea. Rene Monoryk sortu zuen parkea, 1987an, eta hark irekitako bideari jarraitzen diola dio Hummelek. Urtero parkea berritzen joatea da giltza, dioenez.

Orain dela 25 urte sortu zen parkea. Nolakoa izan zen hasiera?

Historia eder bat da Futuroscope. Gizon baten ametsa izan zen. Diru publikoz lagunduta gune honetan jolas parke bat egin nahi izan zuen gizon hark, eta zorotzat jo zuten. Hiru urte eman zizkioten parkeari, baina 25 urte pasatu dira, eta oraindik hemen dago. Urrun daude honen bisitari zenbakiak Eurodisneyk dituenetatik, baina, hala ere, Frantzian bisitarik gehien jasotzen duten parkeetan bigarrena da. Parisera bidean, geldialdia egiten du hemen jende askok, eta Loireko gazteluetatik ere ez dago urrun.

Nola eutsi zaio urtez urte proiektuari?

Asko berritu da parkea urteekin. Eta baita handitu ere. Urtean lau atrakzio berri sortzea da xedea, eta aurten, 25. urteurrenarekin, ekitaldi bereziak antolatu ditugu. Zinema jaialdiak, esaterako. 25 urteren ondoren, jarraitzen dugu dibertsioaz gain gehiago eskaintzen. Bisitariarengan arrastoa utzi nahi dugu. Esperientzia bat izan duelako sentsazioa.

Pantaila erraldoiak eta hiru dimentsioko ikuskizunak dira Futuroscoperen bereizgarrietako bat. Gaur egun, ordea, zinema areto komertzialetan ere hedatzen ari da hiru dimentsioen eskaintza. Gehiago eskaintzea izango da zuen erronka aurrerantzean, ezta?

Bai, egia da. Areto komertzialetara ere helduko dira lau dimentsioko ikuskizunak. Guk jadanik martxan ditugunen parekoak. Ikusmenaz bestelako sentsazioak ere integratuko dira aretoetan. Horri aurre egiteko, baditugu ideia batzuk. Ezin dut aurreratu zer egingo dugun, baina hurrengo urteetan pantaila handien presentzia murriztu egingo dugu parkean.

Besterik?

Mika musikariarekin elkarlanean sortu nahi dugu ikuskizun bat hurrengo urterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.