ATZEKOZ AURRERA. Xabier Kerexeta eta Beatriz Moral. Ikertzaileak

«Dinosauroek ere ez dute atzera egin nahi»

Donostiako Danborradako protagonista gizonezko gisa dago irudikatuta, baina ikertzaile talde batek berdintasunerantz eginikoa aztertu du, gaurko festazalearen benetako aurpegia erakusteko.

EDU LARTZANGUREN.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2014ko urriaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Beatriz Moral (Donostia, 1965) antropologoa da; Xabier Kerexeta (Irun, Gipuzkoa, 1964), historialaria. Emeki-emeki berdintasunezko Danborradarantz, 1813-2013 ikerketa lana osatu dute, Margaret Louise Bullen, Savina Lafita, Silvia Loza eta Luz Maria Maceirarekin batera. Liburua eskuragarri dago, Donostia.eus gunean bilatuta.

Zergatik hartzen ditugu horren serio jaien kontu hauek?

BEATRIZ MORAL: Festa kontu serioa delako, berez. Erritu bihurturiko jaiak dira. Noski, garrantzitsuagoa da sexu indarkeriaren kontua, eta emakumeak politikan egotea. Baina jaietan errepresentatzen dena oso garrantzitsua da, eta ezin da izan edonolakoa. Jaietan, gainera, gauza asko mobilizatzen dira: jendea, dirua, agintariak, komunikabideak... Ez da bakarrik ondo pasatzea; alde sinbolikotik beste zerbait dago hor.

«Hau beti izan da horrela». «Zeledonen jaitsiera ospatzen zuten antzinako euskaldunek». «Gure arbasoak zuri-gorriz janzten ziren sanferminetan»... Halako zenbat?

XABIER KEREXETA: Festetan beti ateratzen dira gizarte baten ezaugarriak, ispilu batean bezala distortsionaturik, baina errealitate baten irudi. Folklorean joera bat dago pentsatzeko inoiz ez dela aldatzen, sortu bezala egiten dela beti eta errealitatetik kanpo dagoela. Guztiz kontrakoa da. Inportazioak eta esportazioak daude, sekulako dantza. Donostiako danborradari justifikazio historiko bat eman nahi izan diote, 1813ko erreketan. Baina badakigu askoz geroago sortu zela eta ez duela zerikusirik horrekin. Gerora lotu nahi izan da horrekin, eta horregatik Napoleonen garaiko uniformeen itxura.

B. M.: Izan ere, hasieran danborradan txinatarra, txipiroia, nigromantea eta lanperna pertsonaiak zeuden. Irudimen handikoa zen. Danborradaren sortzaileek proposatu zutenean horretara itzultzeko, hori zelako benetako danborrada, donostiarrek ezetz esan zuten, beraiek Napoleonen garaiko militarren uniformeak zituztela gustuko. Jatorriaren interpretazioak beti dira a posteriori eginikoak.

Beraz, ez du zentzurik halako jaietan justifikazio historikoak bilatzen ibiltzea ezta emakumeen parte hartzea justifikatzeko ere?

X. K.: Alardeetan ere oso nabarmena da hori: emakumeek parte hartzeko, justifikazio historiko bat behar duzula ematen du, baina gizonezkoena justifikatzeko ez. Tanzanian arituriko militar prusiarrak ez ziren donostiarrak, baina El Sauce elkartekoak horien uniformeekin ateratzen dira. Harrigarria ematen badu ere, esaten dutenek emakumeak ezin direla militar gisa atera ez dute hor arazorik ikusten.

Misto izateak ez dakarrela berez parekide izatea. Hori da atera duzuen ondorio nagusia?

B. M.: Gizarteko alor askotan gertatzen da. Uste dugu emakumeak egotearekin arazoa konpondu dugula. Emakumeek parte hartzen dute, bai, baina aztertu behar dugu nola parte hartzen duten. Danborradaren kasuan oso argi ikusten da. Duela bost urte gizonez bakarrik osaturik zegoen danborrada bat hartzen baduzu, ikusiko duzu gaur emakumeek, ziurrenera, ez dituztela eskubide berberak izango, ez dutela postu finkorik edukiko, ez direla zuzendaritzan egongo, ez direla bazkide izango eta ezingo dutela, agian, afarietan parte hartu.

Danborradaren adibideak erakusten du aurrera egiten ez denean atzera egiten dela?

B. M.: Eskubide guztiekin gertatzen da hori. Gauzak lortu egin dira, baina dena da behin-behinekoa.

X. K.: Loiolatarrak elkartea 1924an sortu zutenean, emakumezkoak bazeuden bazkideen artean. Frankismoak emakumezkoak espazio publikotik desagerrarazi zituen. Naturaltasunaz hitz egiten dugunean gauza asko ahazten zaizkigu.

Posible al da zerbait aldatzea, justizia egite aldera, norbait haserrarazi gabe?

B. M.: Elkarrizketa guztietan atera da naturaltasunaren ideia. Berdintasunaren aldeko erabaki politikoak kritikatzeko erabiltzen dute: «Udalak gaizki egin du, behartu egin gaituelako». Aldaketa «naturaltasunez» egin beharko litzatekeela argudiatzen dute, euren erritmora. Baina, noski, hemen geundeke oraindik... Lan proaktiboa egin behar da, eta Donostiako Udalak egin du lan hori. Elkarteetako dinosauroak haserretu egiten dira estutzen dituzunean, baina gero aldaketarekin denak pozik daude, haiek ere ez dute atzera egin nahi.

'Tradizioa, madarikazioa' dio abestiak. Arrazoia du?

X. K.: Pio Barojak esaten zuen: Euskaldunak horren tradizionalak dira non, batzuetan, badakiten zer egin zuten euren gurasoek, baina inoiz ez zer egin zuten euren aitona-amonek. Egia berdaderoa da. Gure bizialdiak oso laburrak dira, baina nik ezagutu ez badut... historiaurrekoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.