Ideiak gorpuztea du ofizio Julen Saenzek (Laudio, Araba, 1990). Diseinatzailea da: bezeroentzat gauzak diseinatzen du, diseinatzaileak zuzentzen ditu, eta haiek teknikoki egin ezin dutena koordinatzen du, gainera, arte zuzendari gisa. Hiruki estudioa ireki berri du, Londresen.
Zer da estetika?
Esanahi baten ondorioa da. Diseinatzaile gisa, esanahiekin, kontzeptuekin eta ideiekin egiten dut lan. Ideia arima da, eta haren gorputza, inguratzen duena, estetika. Hau da, ideia bat ukigarri bihurtzeko modua da: karkasa.
Beraz, lehenik arima dago, eta gero gorputza dator?
Bai. Guk galderei erantzuten diegu; artistek, berriz, galderak egiten dituzte. Horretan bereizten gara. Galderari erantzuteko, lehenago irtenbide bat pentsatu behar dugu, ideia bat, kontzeptu bat. Estetika gero dator. Finean, gu ideien komunikatzaileak gara.
Arte zuzendaria ere bazara. Zertan datza lan hori?
Arte zuzendaritza zera da: guk diseinatzaile gisa egin ezin dugun guztia zuzentzea. Alegia, beste diziplina batzuetako sortzaileak zuzentzea. Gu ideiaren zaindariak gara, eta diziplina askotako profesionalekin egiten dugu lan: argazkilariak, animatzaileak, 3D egiten dutenak, kuradoreak, web programatzaileak... Guk komunikatu behar dugu nola moldatuko den ideia hori beste inguru batzuetan; guk agian teknikoki ezin dugu egin, baina kontzeptualki bai. Hori da arte zuzendaritza.
Marka bat nola diseinatzen da?
Lehenik, markaren testuinguru sozial eta kulturala ulertu behar da: zer egiten duen, zergatik den esanguratsua hura existitzea, norentzat den... Gero, marka horrek komunikatu nahi duena adieraziko duen kontzeptu batera iritsi behar da, modu metaforikoagoan. Ondoren, narratiba eta estetika bat sortu behar da: ez ditugu soilik logoak egiten; marka horrek nola hitz egingo duen erabakitzen dugu. Pertsonaia bat sortzen dugu: nola jantziko den marka, nola hitz egingo duen, nola komunikatuko den, nolakoa den. Hortik sistema bisual bat garatzen dugu, hau da, lantzen dugu nola agertzen den marka hori munduan hainbat modutan. Pertsonak bezala: ez zara berdin janzten ezkontza baterako edo parrandan ateratzeko. Diziplina askotako talde bat zuzentzea ezinbestekoa da elementu horiek guztiak garatzeko.
Zuen esku daude pauso horiek guztiak edo markek beren kasa egiten dute baten bat?
Estrategia jada zehaztua izaten dute: zer behar duten. Behar horri guk ematen diogu alde kontzeptuala. Kontzeptu bat beti ez da ukigarria izaten; guri balio digu zentzua izango duen mundu bisual bat sortzeko. Kontzeptua, finean, estrategiaren eta mundu bisualaren arteko zubia da.
«Sormena entrenatu egiten da. Diseinatzaile gisa egiten dugun lanaren %99 gauzak alde batera uztea da»
Kontzeptu bat sortzeko metodo bat dago?
Ofizio bat da. Sormena gihar bat da, eta entrenatu egiten da. Diseinatzaile gisa egiten dugun lanaren %99 gauzak alde batera uztea da. Egin, egin, egin. Zenbat eta hobeto ezagutu testuingurua, zenbat eta argiago eduki bezeroak zer nahi duen, orduan eta errazagoa izango da. Zalantzak dituztenean, guk ez dugu erantzun argirik: guk ezin diogu bezeroari esan zer behar duen. Eta gu kulturalki zenbat eta aberastuago egon, hobeto, horrek erreferentzia gehiago emango dizkigu eta. Artisau lana da, eta prozesua deserosoa da: ez duzu soluziorik, ziurgabetasun handia duzu, baina irtenbide bat aurkituko duzun konfiantza ere bai. Zenbat eta denbora gehiago pasatu soluzioa aurkitu gabe, orduan eta hobea izango da emaitza, guk erabakitzen baitugu noiz gelditzen den prozesua. Nire ustez, irtenbide batera ez iristeko gaitasun handiena dutenak dira diseinatzailerik onenak.
Sorkuntza lana zuena da, baina bezeroentzat egiten duzue. Nola lortzen da oreka?
Autoko giltzak ematen dizkigute, eta konfiantza daukate ondo aparkatuko dugula, autoa zartatu gabe. Izen onak garrantzia du, baina prozesuan konfiantza edukitzeak ere bai. Psikologoak bezala gara: erantzunak bezeroek dituzte, baina galdera egokiak egiten jakin behar dugu, beraiek erantzun dezaten.
Marka ezagun askok erantzun dizute. Nola iritsi zara galderak egin ahal izatera?
Lan asko eginez. Lehenik, friki bat izanez. Asko gustatu behar zaizu egiten duzuna; bestela, ez duzu hainbeste denbora pasatuko horretan. Nik Gasteizko Arte Eskolan ikasi nuen, Bartzelonara joan nintzen, gero Londresera... 11 urte daramatzat hemen. Sakrifizioa ere bada. Bartzelonan agentzia batean egiten nuen lan, eta haiek Espainiako eta Portugalgo Nike markarentzat egiten dute lan. Hortik aurrera, Londresko agentzia batean kontratatu ninduten; Nikerentzat egiten zuten lan, baina Europan. Gero branding-a egitera joan nintzen, estudio batera. Gero freelance gisa hasi nintzen, eta estudioek deitzen zidaten haiekin lan egiteko. Estudio horiekin ibili nintzenez, New Yorkeko estudio batek deitu zidan. Gero, Applerentzat lanean aritu nintzen; haiekin ibili eta gero, Googlen ere bai. Saltoka zabiltza.
Eta estudio bat sortu duzu.
Bai. 2019an hasi nintzen freelance modura, eta iazko abenduan estudio bat sortu nuen: Hiruki. Bezero zuzenak edukitzen hasi nintzen, eta bilakaera naturala izan da. Eta Londresen lan egitea munduan egotea da: AEBentzat egiten dut lan, Parisentzat... Eta, gainera, kultura bisual handia du hiriak.
lotsabako
Norentzat egin nahi zenuke lan?
Tyler The Creator bezalako artista batentzat.Erreferente bat?
Hilma af Klint artista suediarra.Londresko txoko bat?
Wilton Way Cafe.