Mendizale kabala. Esker bikoitza eman behar zaio Xabier Garcia Ramsden Ganbara-ko zuzendariari. Lehenbiziko, kontrapuntua jartzeagatik Oiarzabalek eta Pasabanek protagonizatu duten El Conquistador reality show-eko atal berriari; era horretan, ostegunean, Carlos Soria mendizale xume, kabal eta ez mediatikoa elkarrizketatu zuen (REko atari digitalean entzungai). Eta bigarrenik, autokritika egiteagatik Soriak kazetariei errieta egin zienean. Soria, nonbait, Oiarzabal eta Pasaban baino bi egun geroago igo zen K2ra; haiena porrota izan omen zen, egoera tamalgarrian jaitsi zirelako, baina, hala ere, haiek izan ziren izar hedabideentzat; bitartean, Soriari ez ikusia egin zioten. Eztabaida polita, gehiago sakontzea eskatzen zuena, piztu ziguten Garciak eta Soriak, une batean: alegia, nork ezartzen ote dituen arretaren fokuak, entzuleok ala kazetariek.
Sekuentzia lerrokatua.Konstituzionalismoak ezingo luke zuzenago diseinatu REko 09:00etatik 10:00etarako ordua, azpiegitura handien aldeko EAJ, PP eta PSE-EE batzeko asmoz. Elkarrizketaren tartean, hara nortzuk gonbidatu zituen Dani Alvarezek: Rodolfo Ares (PSE-EE) astelehenean, Markel Olano (EAJ) asteartean, Jose Antonio Pastor (PSE-EE) asteazkenean, Jose Miguel Aiertza (Adegi) ostegunean eta Juan Ugarte (SEA, Arabako enpresarien erakundea) ostiralean. Atzoko egunari zegokion ordu hori ere (El parlamento de las ondas), ezin bitxiagoa gertatu zen. Prentsa irakurtzera joan arren tertuliakide konstituzionalista baten gisa aritzen den Jose Luis Peñalvak gizarteko hainbat sektoreei Bilduk eragiten omen dien izua izan zuen hizpide nagusiki, bere tartetxoan. Ondoren, Almudena Cacho moderatzaileak politikoei bi gai proposatu zizkien. Batetik, Jaurlaritzak atzo bertan atera zuen inkesta; hainbat datu argitaratu arren inkestak, bakarra nabarmendu zuen Cachok: abstentziora jo zuten hamarretik bik daukaten damua botoa eman ez izanagatik —emaitzek gizartearen borondatea ez zutela islatu iradoki nahian ote dabil baten bat, akaso?—. Alderdien arteko akordioak izan zen Cachok mahairatu zuen bigarren gaia. Mahai inguruan: Txarli Prieto (PSE-EE), Leopoldo Barreda (PP), Gorka Maneiro (UPD) eta Rikardo Gatzagaetxeberria (EAJ). Hiru lehenak bat etorri ziren pressinga egiterakoan jeltzaleari, honen botoen norabidea zuzendu nahian.
Komunikazioa. Uhinetatik tiraka
Diseinu perfektua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu