Ikus-entzunezko konpainia handien aurrean, eskatu gabe nekez lortzen dira fruituak. Katalunian makina bat eragile ari dira protestan azkenaldian, streaming plataformetan urriak direlako katalanezko edukiak, eta, tantoka bada ere, ari dira zenbait plataforma katalanera bikoiztutako ekoizpenak jartzen zerbitzuetan. Disney Plus plataformak berriki katalanera bikoiztutako zortzi filmen bertsioak jarri ditu bere zerbitzuan; dozena bat lan dira orain hizkuntza horretan ikus daitezkeenak.
Katalanez jarri dituzten filmen artean, Mulan, Wreck-it Ralph, Ralph Breaks the Internet, Ratatouille, Planes, Planes 2: Fire & Rescue, Tinker Bell and the Legend of the NeverBeast eta Star Wars: Episode VIIIThe Last Jedi daude. Katalanez ikus daiteke Raya and the Last Dragon berria ere, aurten estreinatutakoa. Azken hori zinema aretoetan katalanez ere estreinatu zuten martxoko lehen astean.
Plataforma Per La Llenguak «moderazioz» ospatu du film horiek ordainpeko zerbitzura iritsi izana. «Urtebete da Disney Plus iritsi zela, eta laguntza publikoekin bikoiztu diren zenbait film ezin dira ikusi». Plataformak ohartarazi du, gainera, bilaketa ezin dela katalanez egin, eta erabiltzaileak ezin duela jakin zein film ikus ditzakeen katalanez. Bestalde, Frozen 2 eta Spies in Disguise filmen katalanezko bertsioak aurkitu ahal izateko, gehigarrietara jo behar da. «Film horiek hamalau hizkuntzatan daude eskura, eta hizkuntza horietako batzuek hiztun gutxiago dituzte katalanak baino», adierazi du Plataforma per la Llegunak. Kataluniako Generalitateko gobernu berriari zuzendu zaio plataforma, ikus-entzunezko sektorean katalanaren egoera hobetzeko «neurri eraginkorrak» martxan jartzeko eskatuz.
Plataforma per la Llenguak 31.700 sinadura bildu ditu Disneyri eskatzeko katalanez dauden bertsioak streaming plataforman jartzeko.
Islandian, bidea urratzen
Bestelakoa da Islandiako egoera: hiztun gutxi ditu islandierak, baina estatu propioa izateak badu garrantzia. Lilja Alfreosdottir Islandiako Kultura eta Hezkuntza ministroak gutun bat bidali zion otsailaren 1ean Disneyri, konpainiari eskatuz edukiak islandieraz bikoiztuta eta azpidatzita eskain ditzan. Iritsi da erantzuna: Hans van Rijn Disneyko iparreko eta Baltikoko eskualdeen kudeatzaileak adierazi du lanean ari direla islandieraz bikoiztu eta azpidatzitakoak zerbitzuan gaineratzeko. Proiektua hilabete batzuetan amaitu ahalko dutela gaineratu du Disneyko ordezkariak, eta esan du konpainia saiatzen dela «tokian tokikoa» eta «kultur arloan esanguratsua» izaten martxan den merkatuetan.
Plataforman islandieraz jarriko dituzten filmen artean, Wall-E, The Lion King, Cars saila, Toy Story saileko lau zintak, Frozen 2 eta Coco egongo dira.
Euskaraz, oraingoz, alerik ez.
Disney Plusek beste zortzi filmen katalanezko bertsioak jarri ditu
Plataformak iragarri du datozen hilabeteetan islandieraz jarriko dituela zenbait pelikula

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu