Irratia

DK Irratiak jendaurreko saio berezia egin du

Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako eleberria gaur-gaurkoa dela ondorioztatu zuten atzo arratsean Donostian, DK irratiaren saio berezian. Musikarentzat eta poesiarentzat tokia izan zen gero, Maite Larbururi eta Harkatz Canori esker.

Maite Larburu, atzoko saioan. GARI OTAMENDI
urtzi urkizu
2019ko azaroaren 19a
12:36
Entzun

Irratian, esatarientzat bestaldean daudenak entzuleak izan daitezke, idazleentzat irakurleak bezala. Ion Olano Carlos Donostia Kultura irratiko esatariak aurrez aurre izan zituen entzuleak astelehen iluntzean, Viktoria Eugenia klubean egindako Bestalde saio berezian. Esatariaren definizioen arabera, A aldean Egunero hasten delako eleberriaren inguruko solasaldia egiten ari dira —Literaktum jaialdiaren barneko ekitaldia, eta eleberriaren 50. urteurreneko programazioaren barnekoa ere bai—. Ramon Saizarbitoriaren liburuaz hizketan, Iratxe Retolaza literatur kritikari eta irakaslea, Lourdes Oñederra hizkuntzalari eta idazlea eta Itxaro Borda «postari ohia» eta idazlea jarri dituzte, Beñat Sarasola idazle eta irakaslea gidari dela. B aldean, bestalde, Harkaitz Cano idazlea eta Maite Larburu musikaria daude, Olanorekin «bestaldeak» mikro aurrean azaleratzen.

Entzuleak, adi, irratsaioa ikusten. Haietako batek hitza hartu du, Mikel Hernandez Abaitua idazle eta Euskal Filologiako doktoreak —Ramon Saizarbitoriaren lehen eleberrigintzaz egin zuen doktore tesia—. Izan ere, solaskideek Egunero hasten delako-ren modernitatea aipatu dute maiz, eta Hernandez Abaituak gogorarazi du idazlearen aitaren herriko emakume batek bere buruaz beste egin zuela haurdun gelditu zelako. «Gaztetan hunkitu zuen gai bat zen». Hala ere, abortuaren gaiari heltzeko hartu zuen bidea garai hartarako «aurrerakoia» izan zela nabarmendu du Retolazak, entzuleari erantzunez. Eskuetan oharrak ditu Retolazak. Saizarbitoriaren liburua dute Oñederrak eta Bordak. «Gaur egun argitaratuko balitz, eleberria egitura aldetik berritzailea litzateke», esan du Retolazak. Umore onean aritu dira hiru solaskideak, eta Oñederrak aipatu du asko ikasten duela Retolazak esaten dituenekin.

Olerki bat letonieraz
Saizarbitoriaren eleberriaren inguruko solasaldia amaitu denean, sofak kendu dituzte paretik. Larburu eta Cano irrati esatariaren mahaira gerturatu dira. Larburu bere bizipenetik ari da: «Nik beti uste nuen bestaldea atzerria zela, baina hamabost urtez Herbehereetan bizitzen egon nintzen, eta bestaldera etorri naiz orain. Agian, bestaldea ez da existitzen: bestaldea ni naiz». Olanok iradoki du matrioxka bat egon ohi dela: «Bestalde ugari, batzuen besteen barnean». Eta Canok gogoratu du matrioxkaren bukaeran beti dagoela amona bat «zatikatu ezin dena».

Bestaldearen bestaldeak izenburuko solasaldia olerkiekin, kantekin eta pasadizo bereziekin tartekatzen ari dira musikaria, idazlea eta esataria. Cano Asian egindako bidaia batetik iritsi berria da, eta bestaldea «Asiako tigrearen eztarria» dela iruditzen zaio une honetan. Bat-batean, entzule-ikusleak zur eta lur gelditu dira. Bozgorailutik hizkuntza arrotz batean errezitatutako olerki bat entzuten da. Inga Gaile Rigako idazlearen olerkia da, letonieraz. Canok euskarara itzulita ea errezitatuko duen galdetu dio publikoari. Baiezkoak entzun dira soilik. Gure buruari sekula egiten ez dizkiogun 30 galdera. Azken galdera: «Zertan ari gara elkarrekin hemen?». Azken galderak entzuten diren bitartean, Larburu biolina jotzen hasi da. Eta kantuan: «Ura sartu patrikan / haizea harrapatu, zertarako?».

Kulturazaleen irratsaio mutantea da Bestalde magazina —Altza auzoan egiten du Olanok urritik, Casares irratia DK irratia bilakatu zenetik—. Esatariak gogoratu du Literaktum jaialdiko podcast guztiak irratiko webgunean direla entzungai.
Irratsaioa amaitzen ari dela ematen du. Larburuk Bestaldea abestia jo eta kantatu du —hori ez dago Hezurren azpian diskoan, baina lehenago kantatu du Hori—.

Esatariaren esker hitzek bukaera iradokitzen dute. Baina aretoko entzule-ikusleak «Beste bat, beste bat!» eskatzen jarri dira. Izan da beste bat: Canoren, Larbururen eta Olanoren artean, Homeroren Troiako zaldiaren istorioaren irakurketa dramatizatua egin dute, irrati nobela baten gisan. Eta klimaxa iritsi da: Larburuk Itoizen As noites da Radio Lisboa kantaren bertsio indartsua interpretatu du. «Ni naiz Ulises / planeten hautsak haizeak / zabaltzen orbean». Entzule-ikusleen arteko begiradek argi utzi dute klimax boteretsua eskaini diela musikariak. Ez da Radio Lisboan izan, DK Irratian baizik. Bestalde kulturazaleak egunero igortzen dituen irrati berrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.