Eneko Knorr (Gasteiz, 1975) enpresaburuak doako jokoen gainean eraiki du bere inperio txikia. Henrike Knorr zenaren semea da, eta Gorka Knorren iloba. Bere Ideateca enpresak sakelako telefonoentzat sorturiko iBasket jokoa lehen postuan egon da AEBetan eta Erresuma Batuan. Sorkuntza eta enpresaren inguruan mintzatuko da gaur, 17:00etan, EHUko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskolan, Donostian.
Jokoak sortzen ari zara lanean, baina enpresen munduan sartu zinenean ez al zenuen espero zerbait serioagoan aritzea?
Interneten bidez mundu osorako baliagarriak izango ziren zerbitzuak ematea zen nire ideia. Hainbat zerbitzu sortu ditugu, baina, azkenean, arrakastatsuenak bideo jokoak izan dira, batez ere sakelakoetarakoak. Ez du oso serio emango, baina honek ematen digu diru gehien. Talde bat dugu hasieratik jokoak sortzeko, baina ezin dut ukatu ustekabean etorri dela mundu osoan izan dugun arrakasta. Batez ere horren goiz etortzeak harritu gaitu.
Nolakoa izan behar du joko batek arrakastatsua izateko?
Ikusi genuen jendearen gustuko jokoak minutu bat inguruko partidak zirela, eta asko pentsatzea eskatzen ez dutenak. Hau da, lagun baten zain zauden bitartean jolasteko eta hura heltzean ezer galdu gabe itzaltzeko modukoak. iBasket gustuko dute oso erraza eta motza delako. Gainera, lagunekin joka dezakezu, lehian. Videopuzzle jokoak ere oso kritika onak izan ditu blogetan.
Jokook doakoak edo oso merkeak dira. Arrakasta horrekin lotuta al dago zuzenean?
Alde batetik, bai. iBasket doan jarri genuen hasieratik, proba gisa, merkatua oso berria delako. Videopuzzle-ren doako bertsio bat aterako dugu aurki. Beti esan da iPhonearen erabiltzaileari ez zaiola ordaintzea axola, baina hori mito bat da. Zer egin behar da orduan? Eredu berri horretara moldatu, jokoa doan eman eta etekina atera jokoaren barruan sarturiko publizitatetik.
Applezaleek ez badute ordaintzen, nork behartuko ditu androidtarrak?
Iphonearekin zaila da, eta ia guztiek esaten dute ezinezkoa dela ezer salgai jartzea Androiderako. Eta, gainera, Androidek laster gaindituko du iPhone.
Zuretzat hori ez da arazo: aurrekoan esan zenuen ordainpeko aplikazioak «hilda» daudela.
Polemikoa izan zen adierazpena, baina joan zen hilean San Frantziskon izan nintzen, eta kontsentsua zegoen: doan jarri ezean, jendeak ez ditu aplikazioak deskargatuko. Hori hemen esaten duzu, eta jendea harritu egiten zaizu, gure merkatua atzeratuago dagoelako, baina argi dago etorkizuna halakoa izango dela.
Hedabideek, egunkariek esaterako, gauza bera ikasi beharko dute?
Albisteak ordainpeko jartzeko saioak ez dira ondo atera. Egunkari batek duen egitura ordaintzeko, publizitatea ez da aski; beraz, gauza bereziak eskaini eta ordainpeko erabiltzaile bereziak lortu beharko dituzte.
Beste jokoren bat prestatzen ari zarete?
Beste hiru prestatzen ari gara, Internet bidez lagunekin jokatzeko. Jokalari askorentzako jokoak dira joera. Silicon Valleyn bulego bat irekiko dugu maiatzean, Kalifornian, han dagoelako jokoen munduaren erdigunea.
Eta, euskaraz?
Mus jokoa egin genuen, eta milaka lagun ditugu egunean erabiltzen, baina, mundu osorako jokoekin, milioika jokalari ditugu, eta hori da lehentasuna. Halere, baditugu hona begirako ideiak itxaron zerrendan.
Eneko Knorr. Enpresaburua
«Doan eman behar dela argi dute AEBetan; baina hemen harritu egiten dira»
Silicon Valleyn bulego bat irekiko du aurki Henrike Knorren semeak, Bilbotik sakelakoentzako jokoak sortzen munduko lehen postura iritsi ondoren. Interneten aroan, edukiengatik ezin dela kobratu dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu