Uda ere musikaz gozatzeko aproposa da, jaialdi, kontzertu eta emanaldi ugari antolatzen baitira. Denetariko estiloek dute lekua Euskal Herrian. Musika klasikoak, adibidez, badu bere tokia Bermeon (Bizkaia): bihartik ostegunera arte iraungo du Bermeoko Nazioarteko 41. Musika Asteak.
Bost kontzertu bilduko ditu egitasmoak: bihar Bermeoko abesbatzaren txanda izango da. Aurten abesbatzaren 70. urteurrena da. Kultur arloan erreferente bihurtu da, herrian musikazaletasuna bultzatzeaz gain euskal kanten transmisioa bermatu baitute. Zazpi hamarkada hauetan ehun emanaldi baino gehiago egin dituzte, Euskal Herrian zein kanpoan. Horrez gain, bi disko kaleratu dituzte. Biharko kontzertua Bakioko abesbatzarekin eta Aiarako musika bandarekin batera emango dute.
Egitasmo honek lau hamarkada baino gehiagoko ibilbidea du, 41 urte hain zuzen ere. Bizkaiko Foru Aldundiak Herriz Herri izeneko proiektu bat bultzatu zuen Bizkaiko udal batzuekin, eta hor izan zuen sorrera egitasmoak. Bermeoko herria proiektura atxiki zen, eta ordutik aurrera jarraitu dute nazioarteko musika astea ospatzen. Udaleko kultur sailak bertaratzeko gonbidapena egin die herritarrei, «doakoa eta kalitatezkoa» dela esanez. Bermeoko Udalak antolatutako jaialdi horrek Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa eta Oizmendi Telebistaren laguntza ditu. Emanaldi guztiak 20:00etan izango dira, eta Santa Maria elizan egingo dituzte, hango akustika ona dela eta. Sarrera doakoa izango da.
Gogoz geratu direnentzat
Abuztuaren 3an, Ahaire Eho Flute Quartet laukoteak emango dio jarraipena jaialdiari, eta, udalaren oharretan azaldu dutenez, «ohiko kontzertu formatutik haratago» doan proposamen bat izango da. Emanaldi horren helburua musikaren bidez publikoarekiko lotura emozionala sortzea da. Hurrengo egunean, Julian Kainrath biolin jotzaile italiarrak eta Anton Gerzenberg pianista alemaniarrak joko dute. Nazioarteko musikaren asteko emanaldi nagusietako bat izango da; izan ere, Europako musikari gazte gailenen artean daude bi artista horiek. Biak sarituak izan dira: Kainrathek, 2022an, International Classical Music Awards sarietako Discovery Award saria eskuratu zuen. Gerzenbergek, berriz, 2021ean Zuricheko Geza Anda lehiaketa entzutetsua, eta 2024an Martha Argerich Steinway saria jaso zuten.
Asteazkenean, Aralar Quartet taldearen txanda izango da. Gaur egungo proposamenak errepertorio klasikoarekin uztartzen ditu Nafarroako talde horrek. Azken egunean, Silboberri Bizkaiko txistulari taldeak hartuko du Santa Maria eliza. Bermeoko frantziskotarrekin bizi den Felix Ibarrondo konpositorearen bi pieza joko dituzte.