Dena ez da Dani Fernandez, Los 5 Bilbainos eta La Oreja de Van Gogh. Egitarau ofizialetik at, musikaren inguruko hamaika proposamen eskaintzen ditu Aste Nagusiak, txosnetan, hiriko aretoetan eta baita kalean bertan ere. Ospe eta sona handiko taldeak dira batzuk; lehenengo urratsak egiten ari diren tokiko taldeak bestetzuk: muturreko metaletik erritmo urbanoen azken joeretaraino, Aste Nagusian doinuek kaleak eta bazterrak hartzen dituzte, eta, maiz, aukeratzea izaten da zailena.
Gustuko proposamenik topatzen ez dutenentzat beti dago ekitaldia norberak antolatzeko aukera. Hori pentsatu zuten duela bi hamarkada luze kale emanaldia edo kallejeroa —horixe baita normalean erabiltzen den izendapena— estreinako aldiz antolatu zutenek. Bateria, musika tresnak eta bozgorailuak kale bazter batean paratu, argindarra sorgailu baten bidez lortu, eta prest dago emankizuna.
Kale emanaldia klasiko bat izan da Aste Nagusian azken urteotan, eta talde hasiberri askori eman die aukera jende aurrean lehenengo aldiz jotzeko. Kokapena aldatu egin da urte batetik bestera: Zazpikaleak, Uribitarte, txosnen esparrua... Baina kalean, betiere. Urte batzuetan arazorik gabe egin dute; beste batzuetan, udaltzainek galarazi egin dute. Gaur egun, Do it yourself (zuk zeuk egin) filosofia festen esparruan ere aplika daitekeela frogatzen duen adibidea da, eta nekez irudika daiteke kallejerorik gabe Aste Nagusia.
Aurten, hogeigarrena
Aurtengoa 20. kale emanaldia izango da, eta, beharbada zenbaki borobila ospatzeko, bi atal izango ditu. Bihar, The Rumble Men, Barre Ikara, Toxic Rockers, Mañaneo, The Mentes Kamikazes, Tormenta eta Dinamita Brothers Band arituko dira, eta ostegunean, berriz, The Covenant, Bilintx, Gonorriaga, Satan Tango, Kualudd, Yunta eta Ternura. Kontzertu biak Kaskagorriren txosnaren aldamenean izango dira, suzirien ostean.
Txosnak beti izan dira zuzeneko musikarako agertoki aproposak, baina azken urteetan eskaintza asko handitu da, eta, horrekin batera, aniztasuna ere bai. Metal doinuen zaleek, esaterako, egun handia izango dute gaur, Uribarri konpartsaren txosnan.
Indarrak hartzeko, bazkaria egingo dute txosnan, 15:00etan, eta gero jaialdia egingo dute. Mari Metal Jaia izena jarri diote emanaldiari, eta zortzi talde arituko dira 16:45etik aurrera, thrash eta death doinuetatik heavy klasikora bitarteko azpigenero guztiak uztartuz: Sanngre, Etorkizun Beltza, Knives, Crucifucked, Frakture, Elizabeltz, 4 Vilains eta Basati, hain zuzen.
Kranba konpartsak egitarau joria prestatu du, punk, funk, hip-hop, elektro-cumbia eta beste zenbait generori lekua egingo diena. Egitarau horretako proposamenik interesgarrienetako bat Flow Do Toxo da. Galiziatik datoz, lau emakumek osatzen dute taldea, eta rap feminista, matxino eta aldarrikatzailea egiten dute, galizieraz. Ostiralean joko dute, 23:00etan.
Algara konpartsak, beti bezala, kalitatearen eta euskal talde entzutetsuen aldeko hautua egin du bere programazioan. Willis Drummond, Arima, Joseba Irazoki, Niña Coyote eta Chico Tornado, Zea Mays eta beste zenbait talde arituko dira han igandera arte.
Kaskagorri, Aixeberri, Kaixo eta beste zenbait konpartsak ere emanaldiak egingo dituzte beren txosnetan aste osoan. Piztiak konpartsak, esaterako, hardcoreari eskainiko dio biharko arratsaldea, Ternura, Terapia, Helltzales eta Erruki jauna taldeekin, 18:45ean. Hontzak konpartsaren txosnan, larunbatean, Longboards taldeak alaituko du bermuterako tartea bere surf instrumentalarekin, 13:00etan.
Baina horiek guztiak eskaintza osoaren zati txiki bat baino ez dira: onena izaten da egunero agendari begiratu bat ematea, ordutegiak alderatzea eta kontzerturik gogokoenak aukeratzea.
Aretoak ere bai
Dudarik gabe, konpartsek hartzen dute musika eskaintzaren zatirik handiena, baina azken urteotan areto eta taberna ugarik ere bat egin dute eginahal horretan. Aurten badirudi Aste Nagusirik gabeko bi urteetan galdutakoa berreskuratu nahian dabiltzala taldeak eta musikazaleak, eta eskaintza inoiz baino oparoagoa da: egitarau ofizialari eta txosnetan antolatutakoari aretoek programatutakoa gehituz gero, egunero 25 bat kontzertu daude Bilboko bazter guztietan.
Kafe Antzokia, Nave 9, Shake, Azkena, Kremlin eta beste zenbait areto batu dira festara, eta programatu dituzten kontzertuetako batzuk oso interesgarriak dira, baten bat nabarmentzea zaila den arren. Kafe Antzokian, adibidez, The Daltonics taldeak hirugarren disko luzea aurkeztuko du datorren larunbatean, The Northagirres taldeak lagunduta.
Azkena aretoan, berriz, Bonzos taldeak joko du etzi, Songs about cars, girls & broken hearts azken lan luzea aurkezteko, eta asteburuan, garagea eta rock-and-rolla uztartzen dituzten Frantziako bi talde arituko dira: The Big Marteen's ostiralean eta Les Lullies larunbatean.
Kremlin aretoan, osteguna izango da muturreko doinu zaratatsuen eguna, Mutilated Judge, Sons Of Decay eta Obstetra taldeekin, eta Shaken, berriz, Vandidak, Madrilgo eszenako hiru musikari beteranok sorturiko talde berriak larunbatean joko du, Läks eta Erruki Jauna taldeek lagunduta.
BILBOKO ASTE NAGUSIA
Doinuek kaleak hartu dituzte
Egitarau ofizialez gain, txosnetan programatutako kontzertuek, aretoetakoek eta kalean egiten direnek ere musika eskaintza oparoa osatzen dute Aste Nagusian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu