EHUko Artxibo Orokorraren arduradun izandakoa

Miguel Angel Santos Crespo: «Dokumentaziorik gabe, ez dago unibertsitatearen memoriarik»

Instituzio ororentzat garrantzitsua da ondo kudeatutako artxibo bat izatea, Santosen irudiko. Eta, hala ere, hemen ez dago artxibozain izateko prestakuntza espezifikorik. «Gu ere autodidaktak izan ginen».

Miguel Angel Santos Crespo EHUko artxibozaina izandakoa, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
ARITZ LOIOLA / FOKU
amaia igartua aristondo
Bilbo
2026ko maiatzaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezustean hartutako bideari erretiratu arte eutsi dio Miguel Angel Santos Crespok (Bilbo, 1961). EHUko hainbat liburutegitan egin zuen behar 30 bat urtez, instituzio horretako Artxibo Nagusian (Leioa, Bizkaia) eman ditu azken hamahiru urteak, eta ALDEE Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkarteko presidentea ere izan zen. Bi gakotan laburbildu ditu artxiboaren aurrera begirako erronkak. «Instituzioaren memoria jagotea eta artxibo elektronikoaren etorkizuna ondo planifikatzea».

Oro har, instituzio batentzat zergatik da inportantea artxibo bat izatea?

Instituzio guztiek hainbat motatako gestioak egiten dituzte, eta sortutako dokumentazio horrek guztiak eskubideak eta betebeharrak dakartza, eta ondo kontserbatu behar da, ez dadin galerarik izan eta informazio hori ez dadin manipulatu.

Eskubideak azpimarratu dituzu. EHUren artxiboak, zehazki, zer eskubide bermatzen ditu?

Printzipioz, unibertsitatearen funtzioak irakaskuntza eta ikerketa dira. Ikasleek dokumentazio jakin bat entregatzen diote unibertsitateari, eta beren ikasketa ibilbidean aparteko informazioa eta dokumentazioa sortzen dute unibertsitatean. Dokumentazio horrek ondo sortua egon behar du, ikasleei eskubide batzuk ematen baitizkio: azterketetako aktak, baliozkotzeak... Irakasleek ere dokumentazioa sortzen dute: laguntza eskaerak, deialdiak... Eta ikertzaileek, beste horrenbeste: ikerketa lanak egiten dituzte, gradu amaierako lanak, tesiak... Eta instituzioak baditu araudiak, estatutuak... Dokumentazio hori guztia unibertsitatearen jardunaren lekuko da; datu horiek gabe, ez dago instituzioaren memoriarik. Unibertsitatea berriki jabetu da horren balioaz.

Izan ere, EHUko Artxibo Orokorra 1996an sortu zuten, ezta?

Hori da. Unibertsitatea gaztea da, zentro batzuk bazeuden aurretik, eta horiek ordura arte bezala jarraitu zuten kudeaketarekin. Garai hartan, unibertsitateari ez zitzaion iruditu interesgarria izan zitekeenik dokumentazioa modu integralean kudeatzea, harik eta galerak hasi ziren arte, toki falta... Gainera, CRUEk, Unibertsitateko Errektoreen Konferentziak, artxiboak edukitzea gomendatu zien unibertsitateei 1990eko urteetan. Historikoek bazuten, baina berriek? Horrez gain, EAEn artxibozain profesionalak falta dira, eta ez dago formakuntza espezifikorik. Gure garaian ere, autodidaktak ginen guztiak, beste adar batzuetatik etorriak: Historia, Filologia... Urteek aurrera egin ahala, egoerak hobera egin du, baina beti dago zer hobetua. Gainera, paperaren gestioan ez gara sartu ere egin ia, eta jada digitalizazioan murgilduta gaude... Gauza bat da agiri zaharrak digitalizatzea, eta beste bat administrazio elektronikoa. Zeozer egin beharra dago, baina zer? Dirua behar da, langileak, instalazioak...

«Digitalizazio prozesua ez dagokie soilik informatikariei, baizik eta baita dokumentazioa kudeatzen duten bulegoei, artxibozainei...»

Uste duzu digitalizazio prozesua azkarregi egin dela?

Batzuetan, beharbada, hutsak egin dira arinegi ibiltzeagatik. Izan ere, prozesua ez dagokie soilik informatikariei, baizik eta baita dokumentazioa kudeatzen duten bulegoei, artxibozainei... Profesional askoren lana eskatzen du, kolaboratiboa da.

Noiz hasi zenuten prozesua, gutxi gorabehera?

2013an hasi nintzen lanean Artxibo Orokorrean, eta orduan jada hasiak ziren administrazio elektronikoaz hitz egiten. Gu beti tematu gara kudeaketa dokumentalaren garrantzia nabarmentzen: argi egon behar da zer dagoen, nork ikus dezakeen, nork manipula dezakeen, eta ea kontserbatu behar den edo ez. Hainbat ahalegin egon ziren, hainbat modutara egiten hasi ginen... Nik zera nioen: artxiboan bi langile egonda, ezin ginela denera heldu. Izan ere, administrazio elektronikoak lan gehiago ekarri digu: orain arte, paperezko agiriak bulegoetan geratzen ziren, baina, orain, espediente bat ixten dutenean, espediente hori artxibo elektronikora pasatzen da, eta guk kudeatu behar dugu. Zabalegia da: hiru campus daude, hamahiru-hamalau zentro, 30.000 ikasle inguru...

Zuk Historia ikasi zenuen. Dokumentazioaren bidetik jotzeko asmoz?

Ez, baina bizitzak beste arlo batzuetara eramaten zaitu. Ikasten ari nintzenean, ikerketa interesatzen zitzaidan, baina garai hartan ez zen erraza bide horretatik joatea. Irakaskuntza zen irteerarik ohikoena, baina nahiko beteta zegoen baby boom belaunaldikoekin. Artxiboak, liburutegiak eta museoak langileak eskatzen hasi ziren. Ni EHUko liburutegian sartu nintzen 1985ean, eta 2013ra arte egon nintzen han, hainbat zentrotan: Barakaldoko Meatze Ingeniarien Eskola, Nautika Eskola, Biblioteka Nagusia, Casillako Perituen Eskola... Historia ikasi izanak lagundu egin zidan. Gasteizko Letren Fakultateko liburutegian egon nintzenean, asko ikasi nuen; liburutegiak automatizatzen ari ziren garai hartan, eta materien katalogoak egin behar genituen. Liburutegia XXI. menderako prestatzen ari zen.

«Artxiboaren funtzioa hori da, dokumentazioa ez dadila gal, eta artxibora modu egokian hel dadila, batik bat paperezko edukiez ari bagara, halakoak errazago hondatzen dira eta»

Lana asko aldatzen zen zentro batetik bestera?

Lana berbera zen, baina materiak ziren desberdinak. Gasteizko urte haietan Filologia Klasikoan espezializatu nintzen: grezierazko egileak katalogatu, latinezko izenburua bilatu... Asko ikertu nuen. Niretzat inportantea zen liburuak egoki sailkatzea, gero ikerlariek eta ikasleek topatu ahal izateko.

Obrak helaraztea, oro har.

Jakin zezatela existitzen direla, horixe zen helburua.

Agian, artxibo batean hori da egitekorik konplikatuena? Artxiboa helaraztea, jendeak jakin dezan zer eskain diezaiokeen?

Artxibo administratiboa eta historikoa desberdindu behar dira. Orain gutxira arte, EHUrena artxibo administratiboa izan da. EAEko Ondarearen Legeak dioenez, berrogei urtetik gorako dokumentazioa historikotzat jotzen da, eta kontsultatu daiteke. Artxibo administratiboaren zeregina bulegoei bermea ematea da, eta tramiteak eratzea; barneko eskariak jasotzen ditu, printzipioz. Urteak igarota mantendu egiten bada, historiko bihurtzen da. Artxiboaren funtzioa hori da: dokumentazioa ez dadila gal, eta artxibora modu egokian hel dadila, batik bat paperezko edukiez ari bagara, halakoak errazago hondatzen dira eta.

Nola erabakitzen duzue zeri eutsi eta zer ezabatu?

Dokumentazioa baloratzeko batzorde batzuk daude. Aztertzen da zer kontserbatuko den, zenbat denboraz, eta zeinek ikus dezakeen: eskubideen titularrak, hura tramitatu duen bulegoak... Berrogei urte pasatu badira, edonork ikus dezake, betiere ez badago mediku txostenik, kontu legalik...

Kanpotik datozen kontsultetan zer eskatu ohi dute?

Ikerketa historiko pertsonaletarako datuak eskatzen dizkigute, arbaso baten espediente bat, edo garrantzi historikoa izan duten pertsonena: Areilza, Aresti...

ARITZ LOIOLA / FOKU
ARITZ LOIOLA / FOKU
Formakuntza faltaz hitz egin duzu. ALDEErentzat hori al da gaur egungo arazo nagusia?

Orain online ikastaro gehiago daude, eta ikasteko aukera asko; lehen, kanpora joan beharra genuen beti. Baina argi dago baldintzatu egiten duela zure erkidego berean formakuntzarik ez edukitzeak. Unibertsitateek errentagarritasunari begiratzen diote, ea ikasketek irteerarik duten... Halako oztopoak egon izan dira beti. Eta instituzioek ez dutenez halako profesionalik eskatzen... Adibidez, unibertsitateak hamar artxibozain beharko balitu, nondik aterako lituzkete? Gu ezerezetik atera ginen, eta geure kabuz trebatu, liburuzainak behar zirelako. Sorgin gurpil bat da: artxibozainik ez bada behar, ez dago formakuntza zertan eskaini. Badirudi gizartearentzat ikasketa horiek ez direla beste batzuen parekoak: ingeniaritza baten parekoak, adibidez. Artxiboen Arloko eta Bibliotekonomiako master bat egon zen Gasteizen 90eko hamarkadan, baina kendu egin zuten. Errentagarritasunagatik, nire ustez.

Hori oztopoa da ogibideak etorkizuna izan dezan?

Instituzio askotan belaunaldi erreleboa gertatzen ari da, behargin asko erretiratzen ari gara eta. Eta artxibozainak falta dira. Lan poltsak badaude, baina askotan formakuntza espezifikorik gabe heltzen dira langile berriak. Egia da guztiok hasi garela horrela... Baina guk, heldu ginenean, profesionalekin batera egin genuen behar, haiek hezi gintuzten, haiekin ikasi genuen. Orain, gu erretiratzen ari gara, eta gure ordezkoak herenegun sartu ziren. Esperientzia hori ez dago. Niretzat, instituzioen inplikazioa funtsezkoa da: goitik bultzatzen ez bada, nekeza izango da lortzea. Boluntarismoa bikain dago, baita iniziatiba pertsonala ere, baina baliabiderik gabe...

Artxiboa txiki geratu da jada?

Leioakoaz gain, gordailu bat daukagu Gipuzkoan, baina han ez dago langilerik. Lantaldea handitzeko eskaria egin genuen hor ere. Leioa txiki geratu da; 30 urte pasatu dira artxiboa sortu zenetik. Eta dokumentazioa ez da hain erraz desagertzen: garbiketak egin izan ditugu, baina, hala ere, artxiboaren %90 baino gehiago beteta dago. Donostiakoa hutsago dago. Bizkaiko sistema han ere ezarri nahi genuen; espero dugu hala gertatuko dela.

«Instituzio askotan belaunaldi erreleboa gertatzen ari da. Eta artxibozainak falta dira. Lan poltsak badaude, baina askotan formakuntza espezifikorik gabe heltzen dira langile berriak»

Euskadiko Artxibo Historikoarekin ere ari zarete lankidetzan.

Unibertsitatea sortu aurretik zeuden zentroetako bakoitzak bere modura kontserbatu du dokumentazioa: gordailu batean, eskaileren azpian, bero itzela dagoen toki batean, hoditeriaren azpian... Zentroak aztertzen hasi nintzen: ez zegoen agirietarako sarbiderik, ez zegoen halakoak kudeatzen zituen langilerik, eta baldintzak ez ziren egokiak. Lankidetza hori proposatu nuen, eta, duela hiru bat urte, unibertsitateak akordio bat egin zuen Euskadiko Artxibo Historikoarekin, zentro zaharretako dokumentazioa hara bidaltzeko poliki-poliki.

Eduki hori ez da EHUren Artxibo Orokorretik igarotzen?

Ez. Ez daukagu hori kudeatzeko baliabiderik.

Gaur egun, baduzu harremanik artxiboarekin?

Bai, noski. Nire lankidea eta biok aldi berean erretiratu ginen, eta bi lagun etorri dira gu ordezkatzera; zalantzarik-edo baldin badute, lagundu egiten diet. Ni joan baino apur bat lehenago, beste postu bat sortu zuten; nire eskaerak fruituak eman ditu. Orain hiru langile dira, bi izan beharrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA