Hala zioten, orain dela dozena bat mende errege bisigodoen kronikatzaileek, «euskaldunak menperatu zituen», berriro hargatik gerra piztuko zela iparraldeko jendarte jazarriarekin, buruzagi berri baten inguruan ziurraski. Bakea ezin lortuzkoa zen omen: «Bake» horrek menditar horiek ez zutela amore ematen esan nahi zuela. ETAren agiria dela eta, asko loriatzen dira, hainbat politikoentzat ate berrien irekitzea izango dela eta asko eta askorentzat ordainezko jestu zerbait ageriko dela, bederen ate batzu kartzeletan zabalduz. Bi estatuei uko egiten zuten horiek gehiengo baten arrazoia entzuna zuketela aipatuko da, baina gelditzen da, behin hemen berean aipatu «gerlaren tristezia» hura: hainbat itxaropen funditu, etxekoen min eta gaineratiko guziak, behar bada ezin jasanena dela handi-mandi horien furfuria.
Gerla hori nork irabazi duen? Kontsumora lerrarazi euskal jendarte mundializatua lehen lerroan litzateke. «Europako Kuba» hori ez da dirudienez laster sortzekotan, Albania triste bat zitekeena ala frantses jakobino batzuk trufatu «Monako bezalako printzipat bat». Gure Euskal Herri ederrean mende erdi bat jo ta ke... Etxebarrieta Benta Haundin, Yoyes, Miguel Anjel Blanco... polizia basakeriak, torturak... hainbeste hil eta Pannecau karrikan Mon Bar ostatuan suhiltzaileak zerra zahia botatzen ari lau erailen odol isuriaren gainera...
Bai, zinez, gerlaren tristezia orobat, «ez dugula sumetitu nahi» zioten horiek gogoan.
Maratila
'Domuit Vascones'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu