Donejakue bidea, esprintean

Donejakue bide osoa 24 orduz egiteko helburua dauka Mikel Azparren txirrindulariak, eta, hala, marka berri bat lortu; gaur abiatuko da, Orreagatik.

Donejakue bidea, esprintean.
Iruñea
2013ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Ez da makala Mikel Azparren txirrindulari donostiarrak lortu nahi duen marka berria. Orreagatik (Nafarroa) gaur eguerdiko hamabietan irtengo da, bihar ordu berean Galiziako hiriburu Santiagora iristeko xedearekin. Guztira, 751 kilometro egin beharko ditu egun batez, Julian Sanz ugaotarrak 2008an lortu zuen marka hobetzekotan. Izan ere, Sanzek ibilbide hori 27 ordu eta 30 minutuan egin zuen.

Azparrenek adierazi duenez, erronka hori egiteko ideiaren jatorria bere izaeran dago: «Betidanik gustatu zait helburu berriak bilatzea. Irati Xtrem, Quebrantahuesos eta herri mailako halako proba motzagoetan nire nahiak bete ditut jada, eta bestelako zerbait egitea bururatu zitzaidan». Horrela sortu zitzaion Azparreni ultramaratoiaren ia pareko proba hori egiteko desira. «Horrelako egoera batean nire gorputzak nola erantzuten duen ikustea oso interesgarria iruditzen zait», gaineratu du.

Frogaren zailtasunei begiratuta, txirrindulari donostiarrak argi du goizaldea egingo zaiola zailena. Fisikoki Astorgatik aurrerako guztia izango da gogorrena: «Behin hara iritsita, Burnizko Gurutzea dago, Donejakue bideko punturik altuena. Horren ondoren, Ocebreiro dator, eta gero jada Galizian sartuko naiz. Han, denbora guztian gora eta behera ibili behar da; ez dago malda askorik, baina ez dago deskantsurik. Hori oso gogorra da», azaldu du Azparrenek. «Gainera, Ocebreirotik aurrera ni ere oso nekatua egongo naiz, eta ez dakit nire gorputzak nola aurre egingo dien azken sei ordu horiei».

Gaur hasiko duen ibilbidea ongi ezagutzen du Azparrenek, entrenamenduetan maiz joan baita Leonera. Gainerakoa duela bi hilabete egin zuen, Juan Mari Berakoetxearekin tandem batean. «Portu horiek mota horretako ibilgailu batean igoz gero, ibilbidea grabatua geratzen da buruan», dio. Txirrindulariak hiru hilabete eman ditu erronka hori prestatzen, ia egunero ordu asko igaroz bizikletaren gainean.

Ibilbide guztia egun batez egin ahal izateko, beharrezkoa da batez beste orduko 31,5 kilometroko abiaduran joatea. Hori dela eta, zati errazenetan, orduko 35,5 kilometroko abiaduran joaten saiatuko da. Izan ere, Astorgatik aurrera abiadura jaitsiko du, eta gutxi gorabehera orduko 28 kilometroko abiaduran joango da. Hiruzpalau geldialdi labur egiteko asmoa ere erakutsi du.

Hasiera batean, eguraldi «nahiko ona» dago iragarrita donostiarraren arabera. Iparraldeko zein ipar-ekialdeko haizea espero da egun osorako: «Haize horrek ez dit askorik lagunduko, baina kalte ere ez dit egingo, eta hori garrantzitsua da. Ipar-mendebaleko haizea ibiliz gero, ez nintzateke iritsiko», dio irribarrez.

Marka defendatuz

2008an Julian Sanzek lortu zuen errekorra, Donejakue bidea 27 ordu eta erdian egin baitzuen. Orain, bere marka defenditzeko Azparreni desafio bat bota dio: bidea elkarrekin egitea. Baina donostiarrari ez zaio momentu egokia iruditu: «Hark ongi daki ibilbide hori egiteko oso ongi prestatua egon behar dela maila fisikoan, logistikan, udalekin zehaztu beharreko hitzarmenetan... Ezin da egun batetik bestera egin».

Horrez gain, Sanzek Umca Txirrindularitzako UltraMaratoi Elkarteko arauetan oinarritutako erronka proposatu dio, eta Azparren iraindua sentitu da ohar horrekin. «Arau horien artean garrantzitsuena da nire aurretik ezin dela inor joan, eta nik hori betetzen dut. Zehazki hor dago desafioaren muina. Sanzek hori zalantzan jartzeak iraindu egin nau». Txirrindulariaren babesleak zalantzan jartzea «errespetu falta» iruditzen zaiola gaineratu du Azparrenek.

Donostiarraren ibilbidearen berri izateko aukera izango da www.workcycling.com webgunean. Azparrenek bizikletan eramango duen gailu baten bidez ia une oro azalduko da non dagoen. Irudiak ere izango dira, bideo kamera eramango baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.