Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik pasatzen den Donejakue bidearen zatia kultur ondasun sailkatu izendatzeko dekretua aurrera atera berri du Eusko Jaurlaritzak. Modu horretan, ibilbidean bertan dauden monumentu, aztarna edo elementu arkitektonikoak babestuko dira. 700 inguru guztira.
Ibilbidean zehar historiaren arrastoa etengabea izanagatik, Donejakue bidea XXI. mendean finkatutako ibilbidea da, Eusko Jaurlaritzaren arabera. «Historiaren joanean moldatu da eta zeharkatzen dituen lekuetako kultur ondarea agerian jartzen du», gaineratu du Eusko Jaurlaritzak.
Aurretik ere beste gisa bateko izendapenak izan ditu bideak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. 1962an multzo historiko artistiko izendatu zuten eta 2000. urtean kultur ondasun izatera egin zuen jauzi, monumentu multzoaren kategorian. Oraingoan urrats bat haratago joan dira, kultur ondasun sailkatua izendatu baitute.
Ibilbidean zehar dauden mugarriak garapen historiko baten isla direla nabarmendu du, gainera, Eusko Jaurlaritzak, eta denboraren joanean izandako truke kultural, sozial eta ekonomikoak antzeman daitezkeela bidean.
Azken urteetan, Donejakueren etapak egokitzea izan dute helburu nagusi. Hala, ibilbidea bide historiko eta publikoetatik joan dadin saiatu dira. Eta horretarako, ahal den neurrian errepideak eta bide arriskutsuak saihestu dituzte, erromesaren segurtasuna bilatzeko asmoarekin.
Hirutik bi
Santiago de Compostelara (Galizia) iristea izaten da hemendik pasatzen diren erromesen helmuga. Horretarako, ordea, Euskal Herria alderik alde zeharkatzeko hiru ibilbide dituzte aukeran, eta horietako biri eragiten die izendapenak. Kostako bide gisa ezagutzen da bat. Baionatik sartzen da Euskal Herrira eta kostatik barrena doa. Gipuzkoa eta Bizkaiko zatia babesten ditu dekretuak. Barnealdeko bidea da babestutako bigarrena. Iparraldetik hegoalderajoaten da, eta Gipuzkoa eta Arabako lurrak zapaltzen ditu ibilbideak.
Hirugarren ibilbidea da, agian, ezagunena eta ibiltaririk gehien erakartzen dituena: Nafarroako bidea. Maule eta Donibane Garazi pasatuta Orreagatik iristen da Nafarroara. Dekretuak ez du barnean hartzen ibilbide hori.
Kostako bidea Kantauri itsasoaren albotik zihoan jatorrian. Santiago de Compostelara doan ibilbiderik zaharrenetako bat da, ondoren ezagun bilakatu diren zenbaitek baino urte gehiago baitauzka. Ez dago bere sorreraren zehaztasun erabatekorik, baina denboran atzera joan behar da lehendabiziko aztarnak bilatzeko. Jakina da, IX. eta X. mendean erromesak ibiltzen zirela bide horretatik. Pirinioak zeharkatu etaNafarroatik joaten ziren erromesek musulmanekin egiten zuten topo garai hartan, eta, horren ondorioz, gehienek nahiago izaten zuten kostakotik ibili, babestuago sentitzen baitziren kristautasunaren abaroan.
Kostaldetik doan erromesak, Donostiatik, Zarautz eta Deba ezagutzeko parada izaten du Bizkaira iritsi aurretik. Bolibarretik, Gernika eta Lezama lotu eta Bilbora sartzen da, ondoren. Handik Portugalete eta Muskiztik barrena uzten du Euskal Herria.Hainbat monumentu daude ikustea merezi dutenak. Jaizkibelgo San Enrike gaztelua, Gernika inguruan Erdotzako Andre Mariaren baseliza edota Bilboko Santiago katedrala, beste askoren artean.
Barnealdeko bidea komunikazio tresna garrantzitsua izan da erromatarren garaitik etaIrundik (Gipuzkoa) penintsularasartzeko aterik nagusiena.Barnealdeko bideak, San Adriango tunela (Gipuzkoa) du mugarri nagusi. Izan ere, galtzadarenhondarrek eta artzantzarako erabiltzen zituzten bideen aztarnek oso kokagune garrantzitsua zelafrogatzen dute. Irunetik Hernani, Tolosa eta Zerain lotzen dira. Handik, Gasteiz, Trebiñu, Argantzun eta Zanbranara jotzen da.
Donejakue bidea kultur ondasun sailkatu izendatu du Eusko Jaurlaritzak
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bideetako 700 elementu babesteko dekretua onartu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu