'Donostia 1813' liburuak hiria kiskali zuteneko ikuspegi berritua eskaintzen du

Iñaki Egañak garai hartako testuinguruan jarri du erasoa; bihar, bisita gidatua egingo du, gertatutakoa azaltzeko

Donostia
2012ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Duela berrehun urte Donostia suntsituta utzi zuen erasoaren nondik norakoak azaltzen ditu Iñaki Egaña idazleak (Donostia, 1958) Donostia 1813 liburuan. Honela dio azpitituluan: Nork, nola eta zergatik eragin zuten hiriaren historiako tragediarik handiena?. Atzo aurkeztu zuen liburua, Donostiako liburu azokako ekitaldien barnean.

Egañak azaldu duenez, lehendik ere idatzi izan da gai horren inguruan, baina gauza asko «ezkutuan» gorde dira. Azaleratu gabeko datu horiek jakinarazi nahi izan ditu. «Beste liburuetan ahapeka esaten direnak, Egañak ozen esaten ditu», adierazi du Martin Ansok, Txertoa argitaletxeko ordezkariak. Donostian gertatukoaren ikuspegi eraberritu bat eman nahi izan du hala.

Liburuaren erdigunea Donostia da, baina gertatutakoa garai hartako testuinguruan jarri du Egañak: gerra napoleonikoen testuinguruan, hain zuzen. Orain arteko lanetan horren hutsunea sumatu du. Protagonismoa, berriz, biktimei eman die, ez militarrei.

«Irakurterraza» da liburua, egitura arinekoa. Izan ere, Egañaren esanetan, ez dago espezialistei bideratua, ohiko irakurleei baizik. Atalka banaturik dago, eta, narrazioaz gain, abestiak eta bitxikeriak ere sartu ditu idazleak.

Bihar, Donostiako Parte Zaharrean barrena, ibilbide gidatu bat egingo du Egañak, 1813ko gertakariak gogora ekartzeko. Gipuzkoa plazan hasiko dute ibilbidea, 19:00etan, eta ordubete inguru iraungo du. Nahi duen guztiak izango du parte hartzeko aukera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.