Donostia 2016ren formatu lehiaketa bat irabazi du Pixel ekoizpen etxeak

'La Cápsula' gaztelaniazko saioak ondarea izango du ardatz; Cannesko azokara eramango dute

Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean egin dituzte asteon La Cápsula-ko lehen hautaketa probak. JON URBE / ARP.
urtzi urkizu
Andoain
2016ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Donostia 2016 fundazioak deialdi bat ireki zuen iazko ekainean, Prime Time proiektuaren izenburupean, Europako balioei eta kulturari buruzko telebista formatu berritzaile bat aurkezteko. Hamabost enpresa aurkeztu ziren, eta irabazlea Andoaingo (Gipuzkoa) Pixel ekoizpen etxea izan da. La Cápsula izeneko saioarekin—gaztelaniaz egingo dute—, kulturaren eta aniztasunaren aldeko apustua egingo dute, ondarea eta jarraikortasuna ardatz izanik.

Deialdiaren irabazleak 100.000 euroko ordainsaria izango du, telebista formatu berritzailearen probako atala grabatu, eta nazioarteko merkatuetan proiektua zabaldu ahal izateko. Apirilean Cannesko MipTV nazioarteko azoka garrantzitsura eramango dute proiektua; aurretik, ETBk prime time ordutegian emango du probako atala.

Formatua «garatzen» ari da egunotan Pixel ekoizpen etxeko taldea, eta aste honetan egindako hautaketa probak «oso ondo» joan direla azaldu du Juantxo Sardonek, saioko ekoizle eragile eta argazki zuzendariak. 150 pertsona aurkeztu ziren probetara astelehenean eta asteartean, eta horietatik 30 aukeratu dituzte. Hilaren 22an beste hautaketa proba egingo dute. Ondoren, bost pertsona aukeratuko dituzte saioan aritzeko.

La Cápsula saioko protagonistei galdetuko diete ea zer ondare utziko luketen hurrengo belaunaldientzat. Bost pertsonaia izango dira, bakoitza soslai ezberdin batekin. Hamar ataleko saio bat egiteko asmoa dutela iragarri du Sardonek: «Atal bakoitzean objektu baten bila joango gara, hori denboraren kapsulan sartzeko. Ezagutzen dugun mundua desagertzen bada, adibidez meteorito bategatik, protagonistek objektuak aukeratu beharko dituzte. Hurrengo belaunaldi batek aurkituko lituzke gero objektuak».

Donostia 2016 fundazioak emango dion dirua baino gehiago gastatzeko asmoa du Pixelek proiektua egiten, besteak beste, langileak kontratatzen.

Programa fikzionatua izango dela aurreratu du Sardonek. «Baina aktoreak egoera errealetan ere jarriko ditugu, kalean, jendearekin edota performance batzuk egiten».

Formatuaren hizkuntzaren inguruan izan zituzten sortzaileek eztabaidak. «Helburua formatu berri bat sortzea da, eta nazioartean saltzea. Aukera hoberena ingelesez egitea zen, azoketara joateko», dio saioko ekoizle eragileak. «Baina laguntzaileen artean ETB dago —probako atala emango du—, kaleko jendea ere grabatuko dugu, eta erabaki dugu gaztelaniaz egitea. Keinuren bat euskaraz egin nahi dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.