Donostiako Aste Nagusia

Donostia abordatzeko koordenatuak

Donostiako Piratek Kontxako badia abordatuko dute gaur. Kaitik abiatuko dira, 17:00etan, nor bere baltsaren gainean, jai herrikoien aldeko aldarriz beteta.

Gurutze Gorria pirata bat erreskatatzen, lehen abordatzean, 2003an. JON URBE / FOKU
Gurutze Gorria pirata bat erreskatatzen, lehen abordatzean, 2003an. JON URBE / FOKU
Donostia
2025eko abuztuaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erroskilla formako flotagailuak hegan, baltsak noraezean, piratak zirkuluetan arraunean… Donostia abordatzeak erokeria dirudi, eta hala da. Baina bestaren gibelean asmo garbia dago, eta, erokeriaren gibelean, antolakuntza. Pirata bakoitzak bere tripulazioa behar baitu hondartzan lehorreratzeko, mapa bat mundu berri bat konkistatzeko. 

Arratsaldeko bortzetan eginen den abordatzea ez da itsasoratze masibo bat bakarrik, piraten ikur bihurtu da, eta bertze urte batez uretarat salto eginen dute donostiarrentzat pentsatutako jai euskaldun, feminista eta parte hartzaileagoak defendatzeko. 

Kontxako hondartzaren jabe egiteko, guztira, 150 boluntario baino gehiago dabiltza Donostiako Piratetan buru-belarri lanean. Bittor Hernando (Donostia, 1997) da horietako bat, eta txikitatik bizi izan du piraten mugimendua barnetik: «Baltsetan ibili ondoren, kofradietan parte hartu nuen, eta 2018tik, abordatzeko taldean nago».

Hiruzpalau piratak osatzen dute lantaldea, eta Hernandok azaldu du ardurak banatu egiten dituztela: «Batetik, arlo burokratikoa dago, baimenak lortzeaz, departamentuekin hitz egiteaz eta segurtasun plana definitzeaz arduratzen dena; eta bestetik, barne eginkizunak; hala nola kontzertuak antolatzea, boluntarioak lotzea eta kofradiekin txandak adostea».

Martxo edo apiril aldera hasten dira martxan. Egunean bertan, abordatzeaz gain, hainbat ekintza egiten dituzte; besteak beste, baltsak muntatu, materiala ikuskatu eta herri bazkaria. Dena kontrolpean edukitzeko, koordinazio gune bat prestatzen dutela adierazi du Hernandok, walkie-talkien bidez departamentuekin «komunikazio azkarra» izateko. Tartean daude Gurutze Gorria, DYA, suhiltzaileak, Donostiako Udaleko Mugikortasun Departamentua, Itsas Salbamendua, FCC bilketa enpresa, APSASeko urpekariak eta hondartzako sorosleak. 

Talde horri, nola ez, boluntarioak gehitu behar zaizkio; piraguistak, txipiroi barkuak, kaian kataloxekin adi daudenak, bilketaz arduratzen direnak eta puntu morea, erraterako. «Laguntza ikaragarria da, eta argi dago boluntariorik gabe ezingo genukeela abordatzea aurrera atera», aitortu du Hernandok.

«Laguntza ikaragarria da, eta argi dago boluntariorik gabe ezingo genukeela abordatzea aurrera atera»

BITTOR HERNANDOAbordatzeko lantaldeko kidea

Arriskuei dagokienez, segurtasun planean hiru multzotan bereizi dituztela adierazi du Hernandok. Batetik, partaideei zuzendutakoak egonen lirateke: «Igerian badakitela eta material egokia daramatela ziurtatzeko, konpromiso orria sinatzen dute denek». 

Bertzetik, kontuan hartzen dituzte kanpoko arriskuak: «Sorosleei eta urpekariei esker kontrolatzen dugu itsasoaren egoera. Gainera, beti lehenesten dugu parte hartzaileen osasuna, eta urte batzuetan abordatzea mugatu edo bertan behera utzi izan dugu». 

Azkenik, arrisku propioei begiratzen diete; uretako istripuei, hain zuzen. Arriskurik handiena, beharbada, itsasontziak izan litezkeela erran du Hernandok, eta, horregatik, itsas zirkulazioa eteten dute: «Eskertzekoa da kaiko erabiltzaileek duten pazientzia».

Gazteek uretara salto egin aitzinetik zenbait gomendio ematen dizkietela azaldu du antolatzaileak: «Tentuz jokatzeko esaten diegu, ez baita lehiaketa bat. Horrez gain, konpromiso orria eta antolakuntzako kideak errespetatzeko, albokoari laguntzeko eta lehorrera iristean hondartza txukun uzteko eskatzen diegu».

Izan ere, ekintzaren jasangarritasuna arras presente dute, eta dena zegoen bezala uzten saiatzen direla azaldu du Hernandok: «Korridore bat egiten dugu hondartzan, jendeak materiala guregana eramateko, eta guk ahalik eta hoberen birziklatzen dugu».

Bertzalde, badira urte batzuk Donostiako Udalaren egitarau ofizialean sartu zirela, eta horri esker diru laguntza bat jasotzen dute. Hernandoren hitzetan, «babes moduko bat» ere bada. Hala ere, Hernandok aitortu du baimenak lortzeko zenbait instituziorekin borrokatu behar izaten dutela.

Atzera begirada  

2003an, baimenik eskatu gabe, gazte talde batek baltsak muntatu, aldarrikapenez bete, eta Kontxako badiarako bidea hartu zuten: «Goazen hiri santu hau abordatzera». Ordura arte, «izozkien eta suen Aste Nagusia» zela uste du.

Urtez urte gero eta jende gehiago bildu da kaian. 2015ean abiatu ziren baltsa gehien kaitik; 303, hain zuzen. 2020an eta 2021ean, berriz, «abordatze sinbolikoa» egin zuten, eta, pandemiaren ondoren, piraten ekintza nagusia berreskuratzea lortu dute: «Kopuruak mantentzea lortu dugu, eta azken alditan berrehun baltsatik gora eduki ditugu».

«Abordatze jendetsua izateaz gain, koloretsua nahi dugu, aldarriz betea. Guretzat garrantzitsuena zera da, partaideek jakitea zer mezu dagoen atzean»

BITTOR HERNANDOAbordatzeko lantaldeko kidea

Hala ere, Hernandok argi du ez dela norgehiagoka bat: «Ez dugu ahaztu behar abordatzea herritik eta herriarentzat antolatzen dugula. Abordatze jendetsua izateaz gain, koloretsua nahi dugu, aldarriz betea. Guretzat garrantzitsuena zera da, partaideek jakitea zer mezu dagoen atzean». 

Horretarako, eragileen parte hartzea sustatzen saiatu dira azken urteetan. Berrikuntza gehiago ere erantsi dituztela erran du Hernandok: «Baltsa onena saritzeko lehiaketatxoak, partaide bakoitzari kofradia bat esleitzea edo kaira bueltatzeko urtero musika talde batekin kalejira, besteak beste».

Aurten DJ Z planak eta ex-k-firek gidatuko dituzte naufragoak hondartzatik Flamenkarat, eta bertan bestak ez du etenik izanen. «Festa da piraton tresna geroz eta arrotzagoa zaigun Donostia abordatzeko, eta horretan jarraituko dugu, Donostia donostiarrena izatea lortu arte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.