Amaren josteko makinarekin piztu zitzaion zaletasuna 15 urte zituela, eta, kalean, ingurukoek barre egiten zioten arraro xamar janzten zelako gaztaroan. Gerora euskal modagintzaren ikur bilakatu zen, ordea. Donostiako Auzmendi arropa denden jabea eta Donostiako estiloa-ren aita: Santi Auzmendi moda diseinatzaile eta jostuna hil zen atzo, 73 urte zituela.
Lazkaon (Gipuzkoa) jaio zen Auzmendi, 1940an, eta modarako zaletasuna haurtzarotik izan zuen. «Asko pentsatu gabe hasi nintzen josten. Erabaki inkontzientea izan zen», adierazi zion BERRIAri 2006an egindako elkarrizketa batean. Ez zen oso arrunta garai hartan mutikoak josten ikustea, eta beti ezkutuan ibiltzen zen. Oso gustu pertsonala zuen, gainera, eta jendeak kalean begiratu egiten omen zion bere janzkerarengatik. Garai hartan ezberdin sentitzeagatik «asko sufritu» zuela aitortu zuen, gerora.
Lagunak fabriketan hasi ziren lanean, eta hura jostundegi batera joan zen joskintza ikastera. Bartzelonan denboraldi bat pasatu ondoren ireki zuen Lazkaon lehendabiziko denda. 19 urte zituen. Handik Hernanira joan zen (Gipuzkoa), eta Hernanitik Donostiara.
Nazioartera ere egiten zituen bidaiak, hala ere. Parisko, Londresko eta Bartzelonako moda joerei jarraitzea gustatzen zitzaion, bereziki. Hain justu, Parisen zela harrapatu zuen 68ko Maiatzak, eta iraultza barrutik bizi izan zuen. Moda hippyak erakarri zuen bolada horretan, eta Eivissa uharteko festek (Balearrak).
Atzerritik itzulita, Donostian garatu zuen ibilbide profesionala. Auzmendi izeneko denda ireki zuen, 1970ean, Askatasunaren etorbidean. Gizonezkoentzako eta emakumezkoentzako arropa diseinatu eta saltzen zuen han, eta izena hartuz joan zen pixkanaka. Estiloa findu zuen, eta hark jarri zuen lehen publizitatea euskaraz, artean Franco bizirik zela; Auzmendi: Donostiako estiloa zioen saltokian 70eko hamarkadan jarritako iragarkiak. Donostiako Udaletik etorri zitzaizkion kontu eske, baina kentzeko inork ez zion agindu, eta hark, aurrera.
«Donostiakoa nire estilo propioa zen, nik asmatua. Donostiako estiloa da jendearen ibilera, izaera... Hortik atera zen hori pixka bat», adierazi zion BERRIAri emandako elkarrizketan. Nolanahi ere, kanpora begira eta informatzen jarraitu zuen ofizioan jardun zuen urte guztietan. Moda aldizkariak erosten zituen, eta, atzerrian zegoenean, bere diseinuak jantzita ibiltzen zen, ingurukoen iritziak jasotzeko.
Emakumeen arropa egitea gustatzen zitzaion bereziki, zailagoa izan arren; gizonezkoena diseinatzen gehiago aspertzen baitzen. Donostiako emakumeak oso modernistak eta aurreratuak zirela pentsatzen zuen. «Emakumea bere erara janzten da, eta gizona ez zait iruditzen bere erara janzten denik. Besteek esandakora makurtzen da; askotan, emakumeak janzten du gizona, eta horregatik doa kontua gaizki», adierazi zuen Argia astekarian egindako elkarrizketa batean, 2006an.
Inspirazioa azkar eta esfortzurik egin gabe iristen zitzaiola esan zuen elkarrizketa berean. Margolari bat bezala, pertsona bat ikusi eta harekin hizketan jardun ondorengo hamar minutuetan ohartzen zela haren estiloaz, eta jarraian, gehiegi pentsatu gabe diseinatzen zuela trajea. «Ondo jantzita doan bati ateak errazago irekitzen zaizkio gaizki jantzita doan bati baino».
Uste zuen lanbidea ez zegoela behar bezala baloratuta. Ordu asko sartu eta gutxi irabazten zela zioen. Horrekin aspertuta, geroago, egindako arropa saltzeari ekin zion, errentagarriagoa baitzen, haren aburuz. Eta hark bakarrik urtean pare bat traje josten zituen.
Josten ari ez zenean, korrika
Baina jostorratzetatik eta modatik harago bazuen beste pasio bat Auzmendik: korrika egitea. 40 urte zituela hasi zen, eta egunero ordubete inguruz aritzen zen, arnasbide baitzen harentzat kilometroak zangoetan pilatzea. Makina bat txapelketatan parte hartu zuen, eta puntan ibili zen, zenbaitetan. 2003an, adibidez, Europako txapelduna izan zen, beteranoen mailan. 2005ean, zilarrezko domina eskuratu zuen Donostian jokatu zen beteranoen Munduko Atletismo Txapelketan, 800 metroko lasterketan. 65 urtetik gorakoen Espainiako denbora marka ondu zuen, gainera, orduan; 2:24:57an utzi zuen. Lasterketak utzita ere, korrika jarraitu zuen.
Donostiako estiloaren sortzailea
Santi Auzmendi moda diseinatzaile, jostun eta goi mailako korrikalaria hil da, 73 urterekin

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu