Fernando Valiñok (Ferrol, Galizia, 1950) 45 urte pasatu ditu Valladolideko (Espainia) eta munduko hainbat hedabidetan «kazetaritza egiten saiatzen». Gaztetatik ezagutu zuen Doris Benegas ezkerreko militante internazionalista (1951-2016). Haren soslaia egiteko,Valiñok bultzaturiko Ultimo Cero plataformak Doris Benegas, una luchadora del pueblo liburua argitaratu du.
Doris Benegas Venezuelan jaio zen; erbesteraturiko jeltzale baten alaba zen, eta gaztaroa Donostian pasatu zuen. 21 urterekin joan zen Valladolidera, eta orduan ezagutu zenuen. Nolakoa zen emakume gazte hura?
Renaulten sartu zen 1974. urtean, eta berehala hasi zen parte hartzen langileen batzarretan. Lan ahalmenaz gain, nabarmendu behar da haren adorea: lehen lerroan egon zen manifestazioetan 1974tik, eta borra kolpe guztiak jaso arren, ez zuen pankarta askatzen. Horrez gain, ezinbestekoa izan zen Gaztelan ezkerreko aukera bat eraikitzeko prozesuan.
Ezkerreko militantea eta herrien autodeterminazio eskubideen defendatzailea izan zen hil arte. Zergatik joan zen Valladolidera?
Gipuzkoako Ikasle Iraultzaileen Batzordetako kidea zen Doris, eta Donostiatik joan zen Polizia atzetik zuelako. Lehen emakumea izan zen Renaulteko langileen batzarretara jaisten, ogitartekoaren orduan. Idazkari lanetan zebilen, frantsesa ikasi zuelako Donostiako lizeoan eta Baionan. «Bulegoetatik bat jaitsiko dela», esaten zuten langileek harrituta. Bitan kaleratu zuen zuzendaritzak, eta bitan lortu zuen berriz hartzea, bera joan zen arte.
Halako giro eskuindarreko hiriak norainoko eragina izan zuen?
Hirian, talka gogorra izan zuen beste errealitatearekin. Venezuelarekin edo Euskal Herriarekin zerikusirik ez zuen leku bat aurkitzeak beste ikuspegi bat eman zion. Fatxadolid hitza neuk sortu nuen, Interviu aldizkarian. 1981-1982 urteen artean, faxistek astero bonba bat jarri zuten liburu denda, zinema edo sindikatu baten kontra. Horren inguruko artikulua Nicolas Sanchez ezizenarekin idatzi nuen, fatxek autoa erre zidatelako, eta kalean jipoitu. Batzuek hiriaren aurkako irain gisa hartu zuten Fatxadolid hura, baina, nire ustez, hitz jokoak errealitatea besterik ez zuen islatzen. Benegasi bulegoa erre zioten, baina Gaztelan sustraitu zen, ikuspegi internazionalista galdu gabe.
Azken aldiz, 2014an atxilotu zuten, Espainiako Kongresua inguratzeko protesta ekintza batean parte hartzen ari zela. Azkeneraino egon zen lehen lerroan?
Iazko uztailean hil zen, eta aurtengo urtarrilean epaitu zuten azkeneko aldiz, Cristina Cifuentes Madrilgo gobernu ordezkariak jarritako salaketarengatik. Europako Legebiltzarrean ere borrokan dabil, Felipe VI.aren koroatze egunean ezarri zuten deklaratu gabeko setio egoerarengatik: errepublikako bandera atera zuen Madrilgo Gran Vian Borboia pasatzerakoan. Beraz, hil ondoren ere, borrokan jarraitzen du, Gaztelan horren maite duten pertsonaia horietako batek bezala.
Ezinezkoa da ez parekatzea haren anaia Txiki Benegasekin. Hari merezimendu zibilaren domina eman zion PPren gobernuak 2015ean, hil ondoren. Nola azal daiteke jatorri bereko bi pertsonaren arteko halako aldea?
Diotenez, ez ziren horren gaizki moldatzen. Gabonetan elkartzen ziren. Azken boladan, antza, interesa izan zuen Txikik, baina, beharbada, bere gaixotasunak eraginda. Denborarekin, Doris Benegasen figura hazi egingo da, eta aukera egongo da askoz modu objektiboan baloratzeko.
Orain, 67 urterekin, kazetaritza digitalean murgilduta zaude Ultimo Cero plataforman. Pozik?
Erretiro adina heldu baino lehen utzi nuen El Mundo, ezin nuelako jasan eskizofrenia. Ultimo Ceron, lagundu egin genuen Francisco Javier Leon de la Riba hogei urtez PPko alkate izanikoa boteretik kentzen. Erretiroa hartu ondoren sentitu naiz lehen aldiz gustura lanean.
ATZEKOZ AURRERA. Fernando Valiño. Kazetaria
«Doris Benegasen figura hazi egingo da»
Hiztegi arruntera pasatu den 'Fatxadolid' hitza asmatu zuen Valiño erredaktoreak 1980ko hamarkadaren hasieran. Doris Benegas iaz hildako ekintzaileari eskainiriko liburua aurkezten dabil egunotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu