Ginekologoa

Estefania Rodriguez: «Duela hogei urte patologikotzat jotzen ziren haziak kalitate onekoak dira orain»

Haziaren kalitatea okertu izanak batzuetan eragina du haurdun geratzeko orduan. Estefania Rodriguez ginekologoak azaldu duenez, ordea, ume bat izateko beste modu asko daude.

Estefania Rodriguez ginekologoa. IBAI CARVAJAL / QUIRONSALUD
Estefania Rodriguez ginekologoa. IBAI CARVAJAL / QUIRONSALUD
iraia vieira gil
2024ko otsailaren 27a
05:00
Entzun

Azken urteotan egindako ikerketek erakutsi dutenez, gizakien haziak kalitatea galdu du, eta, ondorioz, haurdun geratzea zailagoa izan daiteke. Estefania Rodriguez (Donostia, 1983) Quironsalud ospitaleko eta Gipuzkoako Poliklinikako Laguntza Bidezko Ugalketa Unitateko buruak uste du egungo bizi erritmoek eragina izan dutela haziaren kalitatearen galeran.

Haziaren kalitateari dagokionez, zelako eragina izan du egungo bizimoduak?

Bizimodu osasuntsua izateko informazio nahikoa dugu egun, baina azkarregi bizi gara, eta, askotan, alde batera uzten ditugu elikadura eta kirola. Gainera, frogatuta dago substantzia jakin batzuk kontsumitzeak haziaren kalitatea okertzen dutela, baita barrabilen tenperatura igotzen duten kirolak egiteak eta elementu kimikoekin lanean aritzeak ere. Horrez gain, beste faktore batzuek ere eragina dute; umeak izateko adina atzeratzeak, adibidez.

Denborarekin okerrera egin duen arazoa da?

Bai. Haziaren kalitatea zehazteko egiten ditugun azterketen balorazio irizpideak ere aldatu behar izan ditugu, duela hogei urte patologikoak ziren haziak kalitate onekoak direlako orain. Azterketa horietan, zehazki, espermatozoideen kontzentrazioa, morfologia eta mugikortasuna neurtzen ditugu. Mililitroko hamabost milioi espermatozoide baditu, horietatik %32 mugikorrak badira eta %4 normalak, hazia ona dela ondorioztatzen dugu. Duela urte batzuk irizpideak zorrotzagoak ziren.

Haurdun geratzea lortzekotan, kalitateak eragina izan dezake enbrioian?

Haziaren nolakotasuna aztertzeaz ari garenean, aurretik aipatutako hiru irizpide horiek ikertzen ditugu. Espermatozoideen genetikarekin lotutako ezaugarriak ere badaude, ordea, aparte neurtzen ditugunak; eta horiek dira, hain zuzen, enbrioiak jasoko dituenak. Haziak alterazio genetiko handiak baditu, enbrioien DNAri transmititu ahal dizkio, eta, ondorioz, alterazio genetiko larriagoak eragin.

Zein da haurdun geratzeko behar den batez besteko denbora?

35 urte baino gutxiago dituztenen kasuan, bikoteen %80k saiatzen hasi eta urtebetera lortzen dute haurdun geratzea. Aldiz, sei hilabetean lortu ez badute, kontsulta batera etortzea gomendatzen diegu; batez ere, osasun arazoren bat ote dagoen baztertzeko. Ondo daudela ikusten badugu, saiatzen jarraitzeko eskatzen diegu, eta, bestela, osasun azterketa bat egiten diegu hazia eta obuluak nola dauden ikusteko.

Hala ere, ume bat izateko bide desberdinak daude.

Bai. Oso sinpleak diren tratamenduak ditugu; intseminazio artifiziala, hasteko. Emakumearen obulazioa eragitean datza, ahalik eta era naturalenean, gero obuluek espermatozoideekin bat egiteko aukera izan dezaten. Horrez gain, in vitro teknika dugu. Ernalketa prozesua laborategian egingo dugu guk, eta, ostean, enbrioia transferituko dugu. Obuluen eta haziaren dohaintzan oinarritutako tratamenduak ere badaude. Bikotekide gizonezkorik ez dagoenean edo haziaren kalitatea bereziki txarra denean erabili ohi dugu hori.

Obuluen dohaintza egiteak eraginik ba al du emakumeengan?

Obuluen dohaintza egiteak edo horiek norberaren etorkizunerako gordetzeak ez du esan nahi menopausia arinago garatuko dugunik. Hain zuzen ere, modu naturalean galduko genituzkeen obuluak gordetzean datza beiraketa prozesua. Gaur egun, ospe handia duen teknika da, eta haurdunaldia atzeratzea erabakitzen badugu, oso lagungarria izan daiteke. Horregatik, oso garrantzitsua da aukera hori existitzen dela jakitea, batez ere gazteei dagokienez.

Prozesu konplikatua da?

Ugalkortasunaren egoera zein den ezagutzeko azterketa bat egin behar dute aurretik, baina, printzipioz, ez da konplikatua; alderantziz, oso tratamendu sinplea da.

Lotsabako

 

Ugalkortasuna hobetzeko elikadura ohitura bat?
Frogatuta dago dieta mediterraneoak onurak dituela.

 

Zenbatero komeni da azterketa ginekologikoa egitea?
Urtean behin, gutxienez.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.