Zaballako aztarnategiko X. mendeko terraza formako lursailak mahastiaren laborantza intentsiborako baliatu zirela argitu dute EHUko ikertzaileek, Quaternary International aldizkarian argitaratu duten artikulu batean. Gaur egungo Iruña Okan (Araba) dago Zaballa, eta XV. mendeaz geroztik ez da inor bizi izan bertan.
EHUko Ondare eta Kultura Paisaietako Ikerketa Taldeak egiten du lan aztarnategi horretan, eta Bruselako Unibertsitate Libreko eta Madrilgo CSICeko Historia Institutuko ikertzaileekin elkarlanean egin dute lan zehatz hori. «Aurkitutako hazien hondarren arkeobotanika azterketek eta polenen analisiek nabarmen utzi dute mahastiak lantzen zirela garai goiztiar samar hartan, X. mendean», azaldu du Juan Antonio Quiros Castillo EHUko taldearen zuzendariak. Gainera, laborantza mota horretarako baliatzen ziren tresna metalikoak aurkitu dituzte bertan. Nekazaritza eremuaren azterketak ere hipotesia berretsi du: «Han egindako jarduera ez da bateragarria zerealen laborantzarekin, baina bai mahastienarekin».
Zornoztegiko aztarnategian (gaur egungo Agurainen) egindako lan geoarkeologikoen berri ere eman dute artikulu horretan. Hori ere XV. mendetik dago hutsik, eta hango lursailak zerealaren laborantzarako erabili ziren.
Aurkikuntza horiek egiteko, indusketa, laginketa eta azterketarako protokolo berritzaileak baliatu dituzte, lursail landatuak noizkoak diren jakin eta nekazaritza zikloei behatzeko aukera ematen dutenak. «Paisaiak induskatzea da aztarnategi bat induskatzea baino gehiago. Aztarnategiaren kontzeptu tradizionala baztertu behar da horretarako, eta leku horiek zer ingurune zuten ikusi», dio Quirosek.
Taldearen zuzendariak Arabako aztarnategien garrantzia azpimarratu du, Iberiar penintsula iparraldeko Erdi Aroko erregistro arkeologiko garrantzitsuenetakoa baitago bertan.
Ezarian. Zientzia
Duela mila urteko mahastien aztarnak aurkitu dituzte Zaballan
EHUko Ondare eta Kultura Paisaietako Taldeak Arabako aztarnategien garrantzia azpimarratu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu