Sukaldean prestatzen ditugun elikagai gehienak (frutak, ehiza, barazkiak, arraina…) mahaira garbiturik, zuriturik edo pusketa txikiagotan zerbitzatu behar direnez, sukaldeko lanean diharduenak, profesionala izan, amateur izan, ebakera asko egin behar izaten ditu, lanabes aproposez ez baliatuz, hala nola: arraspagailua (edo birringailua: azalera zuloz josia duen tresna kirtendun edo kirten gabe honek gazta, ogi zaharra, azenarioa, etab. birrintzeko balio du), ezkata-erauztekoa (kirten plastiko edo metalikotik dozena bat zentimetroko bi aho zerradun ateratzen dira: hauek, arrainari, atzekoz aurrera igurtziz, ezkatak erauzten dizkio; txanpon batek ere balio du horretarako, baina eskaxagoa da), guraizeak (arraina garbitu, paderan dagoen haragiari nerbioa ebaki, tetrabrickak ireki…), hezurgabetzekoa (labana malguaren antzekoa, txikia eta erraz maneiatzeko modukoa, hezurrari itsatsita dagoen mamia erauzteko balio duena), ildaskagailua (zitriko osoen azaletan muturretik muturrera ildaskak marraztuko ditu, gero, txirrindolatan ebakitakoan, izar moduko xerrak agertzeko), patata-ebakitzekoa (patata frijitu ohikoak kolpe batez eratzeko tiragoma itxurakoa), labana handia (chefarena ohi deritzo), labana malgua (aho luze eta malgukoa, arrain xerrak erauzteko berariazkoa), mandolina (barazki ez oso urtsuei ebakera asko, berdin-berdinak egiteko trepeta), marraza (krustazeoak, hegaztien hezurdurak eta antzekoak mozteko ez ezik, elikagaiak zanpatzeko ere erabiltzen da ganibeta lau, lodi eta astun hau), paristarra (fruta eta berdura batzuetatik bolak erauzteko balio du), puntilla (txikia eta aho laburrekoa, barazkiak prestatzeko baliatzen da), tomate-labana (kurbatu eta zerraduna, muturrean bi hortz dituena), trangadera (ebaki beharreko elikagaiak ipintzen diren ohola), xehagailua (bi kirtenez hornituriko aho kurbatua, barazkiak xehatzekoa), zerraduna (ogia, bizkotxoak eta antzekoak mozteko), zorroztailua (labanak zorrozteko ziri metalikoa), zurigailua (ahoaren ondoan daukan kanaltxoari esker, azala erauzi baina mamirik ez du altxatzen), etab.
Honako hau zerrenda da: etxean, horietako bi labana eta lauzpabost tresna soil, aski.
Elikadura. Hazkurri kontuak
Ebakitzeko gaurko tresnak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu