Hazkurri kontuak

Ebakitzeko gaurko tresnak

Sukaldeko labana. --- / BESTEAK.
2011ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Sukaldean lantzen den gehiena mahaira pusketa txikiagotan zerbitzatu ohi denez, sukaldariak ebakera asko egin behar izaten ditu, berariazko lanabesez baliatuz. Dena den, geroz eta gutxiago mozten da etxeko zein jatetxeko sukaldean: azken hiru mendeotako moda da bazkaltiarraren eskuetan uztea hazkurria ebakitzeko ardura; lehenago, Mendebalde honetan Ekialde urrunean bezala txikitzen ziren jakiak eta mahaikideak ia-ia irentsi baizik ez zuen egin behar izaten. Baina moztea ere negozioa denez, tresneria ugaldu da, begira: arraspagailua (edo birringailua: azalera lau edo zilindrikoa zuloz josia duen lanabes honek gazta, ogi zaharra, azenarioa, etab. birrintzen du), ezkata-erauztekoa (kirten plastiko edo metalikotik dozena bat zentimetroko bi aho zerradun ateratzen dira: hauek, arrainari atzekoz aurrera igurtziz, ezkatak erauziko dizkio), guraizeak (arraina garbitu, zailak ebaki), hezurgabetzekoa (labana malgu, txiki eta erraz maneiatzeko modukoa, hezurrari itsatsita dagoen mamia erauzteko balio duena), ildaskagailua (zitrikoen azaletan ildo edo ildaskak egiteko), patata-ebakigailua (patata frijitu ohikoak kolpe batez eratzeko xafla-sarea), labana handia (edo «chefarena»), labana malgua (aho luze eta malgukoa, arrain xerrak erauzteko berariazkoa), mandolina (barazki ez oso urtsuei ebakera asko, berdin-berdinak egiteko trepeta), marraza (krustazeoak, hegaztien hezurdurak eta antzekoak mozteko ez ezik, elikagaiak zanpatzeko ere erabiltzen da ganibeta lau, lodi eta astun hau), paristarra (fruta eta berdura batzuetatik bolak erauztekoa), puntilla (labana txiki aho laburrekoa, barazkiak prestatzeko baliatzen da), trangadera (ebaki beharreko elikagaiak ipintzeko zurezko edo plastikozko ohola), xehagailua (bi kirtenez hornituriko aho kurbatua, barazkiak sigi-saga xehatzekoa), labana zerraduna (ogia, bizkotxoak eta antzekoak mozteko), zorroztailua (labanak zorrozteko ziri metalikoa), zurigailua (ahoaren ondoan daukan kanaltxoari esker, azala erauzi baina mamirik ez du altxatzen), etab.

Zerrenda hau amaitzerako, saltokian beste lau bat berri izango dira, seguru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.