Ezarian. Zientzia

Eboluzionismoaren arantza luzea

Charles Darwinen eboluzioaren teoriaren aurkakoak gehiago izan dira historikoki euskal zientzialarien artean aldekoak baino, hala XIX. mendearen bigarren erdian, nola XX. mendearen lehen erdian. Kepa Altonaga EHUko zoologoak dioenez, Jose Migel Barandiaran bera ere eboluzioaren teoriaren aurkakoa izan zen.

xabier martin
Leioa
2012ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Darwin Eguna antolatu du aste honetan, Bilbon, EHUko Kultura Zientifikoaren Katedrak. Besteak beste, Charles Darwin (1809-1882) delako gizakiaren jatorriaren inguruan argia eman duena eta oinarrizko zientzialaria delako espezieen garapena ulertzeko. Gure zientzialarien artean ez dago eztabaidarik, ez dago zalantzarik horretan, nahiz eta AEBetan hainbatek kreazionismoaren bandera hartu duten azken urteotan. Duela hamarkada batzuk, ordea, euskal intelektualen artean Darwinek arerio gehiago zituen defendatzaile baino; Jose Migel Barandiaran bera (1889-1991), egotekotan, darwinismoaren aurkakoen artean egon zen.

Kepa Altonaga EHUko zoologoak —Darwin Gurean (Pamiela) saiakera kaleratu zuen 2009an—datu zehatzekin erakusten du espezieen garapenaren teoria zeinen arantza luzea bilakatu zen hamarkada askoan gurean. «Darwinek 1859an plazaratu zuen Espezieen jatorria liburua (On the Origin of Species) eta mugarria jarri», dio Altonagak. Gizakiaren eboluzioa «mekanismo aproposarekin» erakutsi zuelako: hautespen naturala. «Behin ikusi eta gero erraza baita ulertzea».

Komunitate zientifiko osoa alde jarri ote zitzaion Darwini, hortaz? Ezezkoa da erantzuna, hain iraultzailea zen proposamena. Ingalaterran onartuz joan ziren eboluzionismoa, gutxika-gutxika; Frantzian beste bat izan zen ildo nagusia. Euskal Herrian, berriz, «ez zegoen komunitate zientifiko bat gaiaz eztabaidatzeko, ez zegoen aditu gorputzik ideia berriez hausnartzeko». Darwinismoaren sarrera Euskal Herrian, izan ere, «ez zen arazo zientifiko bat izan, arazo politikoa baizik».

Altonagaren iduriko, «harrigarria» da Armand David (1826-1900) ezpeletarra Darwinen alde jarri izana. Hura izan zen lehen euskalduna Darwinen ideiak barneratzen. Ildo frantsesekoa heziketaz eta apaiza izanik, ez du ematen eboluzionismoaren aldeko izan behar zuenik, «baina bere datuak darwinismoaren alde agertzen zitzaizkion». David Quammenen aipu bat da gakoa Altonagarentzat, euskal zientzialari eta apaiz hainbati gertatzen zitzaiona azaltzeko: «Fedeak konfortatu egiten du, baina datuek pertsuaditu».

Baina Armand David salbuespena da euskal zientzialarien artean, eboluzionismoaren eztabaidan. Parisen Darwinen aurkako giroa zen nagusi orduan, eta Davidek txistu ugari jaso zituen behin, han egindako eboluzionismoaren defentsa batean. «Hori zen giroa XIX. mendean». Hala, 1870ean euskaldun batengana iritsi zen Darwinen eboluzionismoaren ideia, baina ez Euskal Herrira. «Ez zegoen komunitate zientifikorik, unibertsitaterik», hausnartu du Altonagak. Euskal zientzialari bakan batzuei buruz hitz egin beharra dago, beraz.

Euskara, hizkuntza atzeratua

Dena den, eztabaida politikoa izan zen Darwinen ekarpena gurean. «Ortodoxia bi zeuden: Jean Pierre Arbelbiderena (1941-1905) lehena, euskara goratuz, euskal ohituren apologia eginez, kristau fedearekin betiere». Bigarrenak, euskara gutxietsi egiten zuen, antzinako hizkuntza garatugabetzat jotzen zuen, kasurako zientziarako balio ez zuena; ideia berriak hedatzeko balio ez zuen lengoaia zen, finean. Mariano Salaberria Ipenza donostiar liberalak euskara desagertzea eskatzen zuen, adibidez. «Hura zen testuingurua Darwinen eboluzionismoaren eztabaida gertatu zenean». Hala, euskararekiko jarrera eta Darwin edo beste edozein zientzialari liberal eta ausartaren ideien onartzea edo errefusatzea atxikirik zeuden Euskal Herrian. Eztabaida zientifikoa behar zuena eztabaia politikoa izan zen.

Julien Vinson hizkuntzalari frantziarrak (1843-1926) eraman zuen agian urrutien euskara ideia berriak eta garapena bera oztopatzeko zelako teoria. Antzinako hizkuntza zela zioen, hizkuntza aglutinatzailea bere sailkapenean, «Luzien Bonaparte eta beste proto-euskaldunen aurka, noski». Vinsonentzat hizkuntza bakarrik ez, haren erabiltzaileak ere atzeratuak zeuden. «Euskaldunak atzeratuak zeuden, historiaurrean, eta jatorri poliandrikoa zuten», dio Altonagak. Eta eztabaida sutsu horren erdian, Darwin. «Frantzia antidarwinista batean, Vinson darwinista baitzen».

Kepa Altonaga irakaslearentzat, Jean Etxeparek (1877-1935) garrantzi handia izan zuen ortodoxia sutsuen giro horretan bide berri bat urratu zuelako. «Larresoroko seminarioan, Lotilandia-ren barru-barrutik leihoak ireki zizkien kanpoko haizeei. Euskaraz idazten zuen, baina ez txokokeriez, mundu zabalera begira baizik». Etxepare errebindikatu beharra dagoela dela dio Altonagak. «Intelektual hark eboluzionismoaren alde idatzi zuen, baina euskaraz, eta zentsurari aurre eginez». Piarres Lafitte (1901-1985) izan zuen kontra beti, «gure unibertsitatean Honoris causa doktore izendatu genuen Lafitte bera». Etxepareren «pozoiari» Lafitte «antidotoa» ematen zebilen beti.

Barandiaran EHUn

Haatik, David eta Etxepare salbuespenak dira, darwinismoaren aurkako giro nagusi batean. «Jose Migel Barandiaranek berak herri xehea ezin zela eskandalizatu zioen». Joxe Mari Iriondo kazetariari off the record inoiz «tximinoetatik» gentozela onartu ote ziola eta, horrek ez duela Barandiaranen diskurtso ofiziala aldatzen uste du EHUko zoologoak. «Barandiaran antieboluzionista bat izan zen, jendeari gustatu ala ez; egunkarietara eskutitzak bidali ere bidali zituen eboluzionismoaren aldekoei erantzunez».

1978an Euskal Herriko Unibertsitatean egon zen; «ni han izan nintzen», dio Altonagak. Barandiaranen hitzak jasorik dauzka Euskaltzaindiak, haren eskutik idatziak. Hala zioen ataundarrak amaiera aldera: «Erroak galtzen dituen herria ez da bera, beste bat baizik. Jainkoaren ezagutzak, gure hasiera eta azken helburua bera jakiteak badu bere ondorioa». «Zer esaten ari da, ba?», galdetu du Altonagak. «Ikastaro tekniko batera joan direnen aurrean ari da hizketan, ez apaiz gisa. Iriondori onartu bazion tximinoetatik gentozela baina ez zuela sekula jendaurrean esango, horrek aditzera eman dezake Barandiaranek tragedia pertsonal bat bizi izan zuela. Beharbada, maila pertsonalean pertsuaditua zegoen, baina bere jarduera guztia antieboluzionista izan zen».

Barandiaranek eboluzionismoaren aurkako izateko «eskubide osoa» daukala dio Altonagak, baina ez du ulertzen hori jakiteko bere bitartekoak erabili behar izana, ikertu behar izana. Barandiaran «babestu-edo» nahi dutenen asmoa ez du ulertzen. «Ez du zentzurik ezkutatu nahi izateak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.