Udako seriea. Erdi Aroko gazteluak (VI)

Ebro gainetik

Zabalate izenak argi erakusten du gaztelu hori pasabide zela. Izen bereko herritik abiatuta, bi aukera daude: lau kilometroko ibilbidea egitea, edo hamabost kilometrokoa, Ozioko gaztelua ere bisitatuta.

Zabalateko gaztelua, Araban. JOSU NARBARTE
Zabalateko gaztelua, Araban. JOSU NARBARTE
Josu Narbarte
Zabalate
2026ko irailaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

Euskal Herriko lurraldeen artean, Arabak aspalditik izan du izen eta izaera berezia. VIII. mendean aipatuta agertzen da dagoeneko, Asturiasko erresumaren eragin eremuko lurralde gisa; IX. mendearen bukaeran konderri bilakatu zen, eta, handik gutxira, beste eskualde batzuekin bat egin eta Gaztelako konderria sortu zuen. Hala ere, XI. mendearen hasieran Iruñeko Erresumarantz lerratu zen eta, Antso III.a Nagusiaren, Gartzia IV.a Naiarakoaren eta Antso IV.a Peñalengoaren erregealdietan, lurraldea koroaren izenean gobernatzen zuten hainbat senior edo konde ageri dira testuetan aipatuta. Horien artean Alvaro Diaz handikia nabarmentzen da, goitizenez Martzelo.

Egitura politiko egonkorra ez ezik, lurraldeak herri sare trinkoa ere bazuen ordurako. Donemiliagako monasterioaren kartularioetan dago horren froga: 1025. urtean jasotako zerrenda fiskalak, De ferro de Alava izenekoak, 307 herriren izenak jasotzen ditu. Gehienak Lautadan zeuden, baina Arraia haranean, egungo Trebiñun eta Miranda Ebro inguruan (Burgos, Espainia) ere baziren batzuk.

(ID_17876491860345) Zabalate gaztelua, Araban.
Zabalateko gaztelua, muino batean. JOSU NARBARTE

Lurralde hori zaintzeko defentsa sistema bat behar zen, noski. Garaiko testuek adibide gutxi batzuk baino ez dituzte aipatzen, galtzada nagusien pasabideetan —Pancorbo, Cellorigo, Bilbio, Buradon eta Marañon— eta Ebro ibaiaren ertzean —Termino, egungo Santa Gadea—. Zorionez, ikerketa arkeologikoak zerrenda zabaltzeko parada eskaini du, XI. mendean okupatuta zeuden hainbat gotorleku identifikatuta: Trebiñu, Korres, Markiz, Urizaharra eta Zabalate. Arabaren hegoaldean zeuden guztiak, han baitzegoen garai hartako mugarik gatazkatsuena, Ebroren haraneko gizarte musulmanetatik bereizten zituena, hain zuzen.

Arabako gaztelu bat

Gaur egun, Zanbrana udalerriaren barruko kontzejua da Zabalate. Izen bereko mendilerroaren ipar magalean dago, eta Ihuda eta Jugalez ibaiak Ebrora isurtzen diren lautadaren gaineko ikuspegi bikaina du. Izenaren ate osagaiak salatzen du herria pasabide baten gainean sortu zela; Ebroren haranetik iritsita, Bilibioko amildegia zeharkatu eta, Mirandako arroan sartu ondoren, bertatik pasatzen zen antzinatik iparrera zihoan galtzada nagusia, Arabarantz.

Herria hiru mailatan antolatuta dago. Gaur egungo herrigunea dago lehenik, 650 metro inguruko garaieran, Hirutasunaren eliza inguruan multzokatutako harrizko etxe ederrek osatua. XVI. mendetik aurrera garatu zuten, eta, duela gutxi arte, nekazari komunitatearen kutsuari eutsi dio.

(ID_17876491690675) Zabalate gaztelua, Araban.
Zabalateko gazteluaren barruko harrizko pasabideetako bat. JOSU NARBARTE

Gune horren gainetik dago bigarrena, 750 metroko garaieran; aldapa luze samarra igo behar da hara iristeko. Kareharrizko erliebe zorrotzez inguratuta dago, eta baso artean sakabanatutako aurriek osatzen dute: haitzean egindako ebaketak, betelanak, harrizko hormak eta abar. Bizilagunek Villavieja deitzen diote, hiri zaharra, ondoko herriak Urizaharra euskal toponimoa gorde duen bezala. Hortaz, pentsa daiteke egungo herrigunea sortu baino lehenagokoa dela; Erdi Aroko agiriek aipatzen duten Portiella herria —errege pribilegioz hornitua— baino ezin da izan.

Eta, azkenik, aurreko bi guneen gainetik Zabalateko gaztelua dago, 795 metroko talaia ikusgarri baten gailurrean, eskualde osoaren zaindari. Hura ere Erdi Aroko agirietan aipatuta agertzen da; Iruñeko errege-erreginen esku lehenik, eta Gaztelaren menpe gero. Gazteluak badu, gainera, berezitasun bat: Arabako armarrian agertzen da, herrialdearen historian izan duen garrantziaren lekuko.

Zantzu gehiegi, arkeologoen arretarik ez erakartzeko.

Arkeologiaren argitan

Zabalateko gazteluaren lehen esplorazio arkeologikoak 1990eko hamarkadakoak dira: Javier Fernandez Bordegarai arkeologoak egin zituen. Lan horiek agerian utzi zuten aztarnategiaren garrantzia eta aberastasuna; eta, beraz, 2013an Zanbranako Udalak eta Arabako Foru Aldundiak akordioa egin zuten EHUko Kultur Paisaien eta Ondarearen Unesco katedrarekin, ikerketa integrala egiteko helburuarekin.

Jose Luis Solaun eta Agustin Azkarate arkeologoek 2016an argitaratu zituzten indusketa arkeologikoen emaitzak. Gainera, aztarnategia errestauratzeko eta bisitatzeko moduan jartzeko lanak ere egin zituzten, eta Euskal Herriko aztarnategi musealizaturik ederrenetakoa da gaur egun.

(ID_17876492773615) Zabalate gaztelua, Araban.
Ikusmira ederra dago Zabalateko gazteluko gainetik. JOSU NARBARTE

Aztarnategiaren kronologia da ikerketaren emaitzarik adierazgarrienetako bat. Izan ere, gizakiak aspalditik ibili izan dira inguru horretan; gazteluaren inguruan eta inguruko magaletan, Burdin Aroko zeramika zatiak eta bestelako materialak agertu dira, jatorrizko testuingurutik kanpo izanda ere. Antzinate berantiarreko aztarnak ere badira, Erromatar inperioa desagertu ondoko garaian ingurua berriro okupatu zutela iradokitzen dutenak.

Hala ere, Erdi Arokoak dira benetan giza komunitate baten presentzia egonkorra islatzen duten zantzurik zaharrenak. Gazteluaren eraikuntza zehaztasun handiz datatu daiteke, iturri dokumentalak eta erradiokarbono bidezko datazioak uztartuta. Alde batetik, 1040. urteko agiri batean castrum de Portilla izeneko lekua aipatzen da Iruñeko Gartzia III.a erregeak bere emazte Estefana Foixkoari emandako ondasunen artean. Bestalde, erradiokarbonoak frogatu du hormarik zaharrenak 1020. urtearen ondoren eraiki zituztela. Bi data horien artean sortu zen, beraz, Zabalate.

Gaztelua fase bakarrean eraiki zuten, harrizko eta zurezko elementuak erabilita. Dorre nagusia zuen erdigunea; haren alde banatan, beste bi dorre zeuden, eta, horien inguruan, defentsarako lubakiak, ur biltegia eta garnizioentzako gelak eta sutegiak, burdina lantzeko labea barne.

(ID_17876490596635) Zabalate gaztelua, Araban.
Gazteluaren alde bateko harresia. JOSU NARBARTE

Gazteluaren azpian Portiella herri zaharra zegoen, egungo Villavieja. Oraindik zutik dagoen harresi handi batek inguratzen zuen, ate monumentala eta dorreak barne; han ere erradiokarbono bidezko datazioak egin dituzte, eta, gaztelua bezala, multzoa XI. mendearen hasieran eraikia dela ondorioztatu. Harresiaren barruan Andre Mariaren eliza zaharra ikus daiteke, molde erromanikoen arabera eraikia, gaur egun oso hondatuta dagoen arren. Zabalateko jatorrizko parrokia izan zen, XVI. mendearen erdialdean beheko herriko eliza berrira aldatu zen arte.

Zenbait etxetan ere egin dituzte indusketa lanak. Eraikin xumeak ziren, laukizuzen plantakoak, harrizko zokaloz eta zurezko hormaz osatuak. Pertsonak eta animaliak elkarrekin biziko ziren han, solairu desberdinetan agian. Etxe bakoitzaren inguruan, bestalde, hesiz inguratutako ortu txikiak identifikatu dituzte, lurrari eta emankortasunari eusteko terraza txikiekin egokituak.

(ID_17876492588795) Zabalate gaztelua, Araban.
Gazteluaren barruko eskailerak, igotzeko eta jaisteko. JOSU NARBARTE

XI. eta XII. mendeetan, Zabalate plaza militar garrantzitsua izan zen, eta, horrexegatik, behin eta berriro aldatu zen eskuz: noiz Iruñearen, noiz Gaztelaren menpeko. Joan-etorri horiek 1200. urtean bukatu ziren, Alfontso VIII.a Gaztelako erregeak Araba konkistatzeko kanpaina militarrari ekin zionean; horren ondotik, gotorlekua erresuma horri erantsita gelditu zen, eta rol garrantzitsua izan zuen hartako barne gatazketan. 1288an, adibidez, setio luzea sufritu zuen, Antso IV.a erregearen eta haren iloba Alfontsoren arteko gerra zibila zela medio.

Dena den, muga funtzioa galduta, Zabalate gainbehera motelean sartu zen Erdi Aroaren amaieran. Gaztelua XV. mendean abandonatu zuten behin betiko, garai horretakoak baitira aurrien artean aurkitutako zeramikarik modernoenak. Herriak, berriz, apur bat luzaroago iraun zuen, XVI. mendearen erdialdera arte, baina, azkenean, hura ere abandonatuta gelditu zen, kokapen deserosoak eta higaduraren mehatxuak eraginda. Dirudienez, bizilagunek harrobi moduan erabili zituzten eraikin abandonatuak, mendiaren magalean sortzen ari zen herria eraikitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA