Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria eta txupinera

Francis Diez eta Olatz Agirre: «Ederra da zuregana hurbil daitezela, maitasuna erakuts diezazutela»

Francis Diez Bilboko Aste Nagusiko pregoilariari eta Olatz Agirre txupinerari goxoa egiten ari zaie kargua; besteak beste, herritarrek egin dieten harrera beroa dela eta. «Problema bakarra izango da hortzak ez erortzea hainbeste azukrerekin».

Olatz Agirre txupinera eta Francis Diez pregoilaria Uribarriren txosnaren aurrean, asteazkenean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Olatz Agirre txupinera eta Francis Diez pregoilaria Uribarriren txosnaren aurrean, asteazkenean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
amaia igartua aristondo
Bilbo
2025eko abuztuaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko Konpartsek elkartu dituzte, eta ezin pozago dirudite ustekabe horregatik: elkarrizketak iraun duen bitartean, makina bat aldiz begiratu diote elkarri Francis Diez pregoilari eta Doctor Deseo taldeko musikariak eta Olatz Agirre txupinera eta Txori Barroteko konpartsakideak, barrez hasi dira zenbaitetan kasik aldi berean, eta irribarre amultsuekin erantzun diete bestearen esker hitz goxoei. Agerikoa da ondo moldatzen direla, baina, dudarik balego ere, hainbatetan berretsi dute biek ala biek. Halako konplizitateari esker, samurragoa egiten da sortzen duten espektazioa. Areatzako Gastroguneko karparen babesetik atera bezain pronto hasi baitira argazki eskaerak: Uribarri konpartsaren txosnara dauden ehun metro eskasetan, pregoilaria eta txupinera etengabe desenkusatu behar izan ditu haiek laguntzen dituen Bilboko Konpartsako kideak. «Ezin da, barkatu, guztiei esan diegu ezetz».

Ia ezin duzue txosnetatik atera, mundu guztiak nahi du eta zuekin egon. Nola daramazue?

FRANCIS DIEZ: Ba, egia esan, oso ondo. Ez da arazoa; zoragarria da. Batzuetan, arazoa da ezin dugula mundu guztiarekin argazkirik atera, ez baitugu astirik, leku batetik bestera korrika joan behar dugu eta. Baina problema bakarra izango da hortzak ez erortzea hainbeste azukrerekin...

OLATZ AGIRRE: Nik ere ondo daramat. Ederra da zuregana hurbil daitezela, maitasuna erakuts diezazutela. Ni oraingoz ez naiz argazkiez nekatu.

Eta bestelako nekerik igartzen duzue dagoeneko?

DIEZ: 08:00etan, iratzargailuak jo duenean, neure buruari esan diot: «Ene, apur bat gehiago». Baina, behin Uribarritik [auzoa] jaitsi eta Areatzara heltzen naizenean, energia guztia itzultzen zait.

AGIRRE: Ni iratzargailua baino lehen esnatzen naiz beti. Garbitzaileak lanean hasten dira, eta gertu bizi naizenez... Aurpegian igartzen dut, begi zuloetan, baina gorputzez ondo nago, ez naiz nekatua sentitzen. Baina ahotsa urratua daukat dagoeneko.

Nolakoa da zuen egun bat? Noiz hasten duzue, eta noiz bukatu?

DIEZ: Egunak hamabi ordu ditu. 10:00etan hasten gara, eta 22:00etan bukatzen dugu. Aurrena, Olatzek suziria botatzen du, ni jantzi bitartean [barrez]. Eta egunean zehar hainbat ekintza izaten ditugu: ekintzarik harrigarrienak, kuriosoenak eta diferenteenak. Ez gaituzte aurrez informatzen, konpartsetakoei jarraitzen diegu. Dena antolatzen ari zaizkit: ez dut pentsatu beharrik ere. Uste dut bizioa hartuko diodala.

«Dena antolatzen ari zaizkit: ez dut pentsatu beharrik ere. Uste dut bizioa hartuko diodala»

FRANCIS DIEZ Bilboko Aste Nagusiko pregoilaria
Zuk, Olatz, hamazazpi urte daramatzazu konpartsakide Txori Barroten. Baina zu, Francis, harritu zaitu bertatik bertara ezagutzeak nola funtzionatzen duten Aste Nagusiak eta konpartsek?

DIEZ: Ni gauez ateratzekoa izan naiz, batez ere; su festaren ostean. Noski, ezagutzen nituen konpartsak, baina gauza batzuekin harritzen ari naiz, ez baitut izan egunez ateratzeko ohiturarik. Aste Nagusi oso ezberdina ezagutzen ari naiz.

Zu ere beste Aste Nagusi bat deskubritzen ari zara, Olatz? Txosnatik urrunago dagoen Aste Nagusia, agian?

AGIRRE: Eraman gaituzten leku batzuetan ni ez naiz inoiz egon. Lehiaketa gastronomikoen sari banaketan, adibidez, egona nintzen, lehiaketetan parte hartzen dut eta; baina aurretik ez naiz inoiz izan igel toka txapelketaren sari banaketan, edo mus txapelketarenean, edo karaokean, edo Basurtuko ospitalera egiten den bisitan.

DIEZ: Txapeldun hutsa da karaokean abesten. Nik uko egin nion abesteari, baina dantzatu nuen.

AGIRRE: Bideoa ez dugu erakutsiko; eder geratu da, baina ez.

Posible da halako zerbaitetarako prestatzea?

DIEZ: Ez du ezertarako balio, baina ni prestatzen aritu naiz. Himalaiara joan nintzen, 5.000 metrora egon nintzen ea globulu gorriak sortzen nituen, eta egunero Artxandan [mendia] korrika ibili naiz. Oso serio hartu dut; lan bat balitz bezala, zentzurik onenean: betebeharra eta debozioa uztartu behar dituzu.

AGIRRE: Ni saiatu nintzen imajinatzen nolakoa izango zen, eta ez da ezer bete. Pentsatzen nuen: «Balkoira ateratzen naizenean, hala egongo naiz, hau egingo dut, hori pentsatu...». Ez du denborarik ematen: rolean sartzen zara, eta, balkoiko unea oso azkarra izateaz gain —niri behintzat hala iruditu zitzaidan—, pregoia laburra izan zen. Aurreko egunean etenik gabe pentsatutako guztia, beldur horiek guztiak... Negarrez hasten nintzen, nerbioen erruz.

Zuretzat, Francis, nolakoa izan zen pregoiaren unea?

DIEZ: Pregoia baino bost ordu lehenago, pentsatu nuen hil egingo nintzela. Bazkarian, hegaluzea kontrako eztarritik joan zitzaidan, eta itotzeko zorian egon nintzen; are, botaka ere egin nuen, goizean goizetik mozkortuta banengo bezala. Tentsio madarikatuaren eraginez izan zen. Ausart plantak egiten ibili nintzen, baina ikaratuta nengoen; gero, bikain joan zen dena.

(ID_15238246) (Marisol Ramirez/@FOKU) 2025-08-20, Bilbo. Aste Nagusia
Diez eta Agirre besotik helduta, asteazkenean, Basurtuko ospitalera egin zuten bisitan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Nola prestatu zenuen pregoia?

DIEZ: Ni inkontziente hutsa naiz. Ez dut ezer prestatzen; baina ikasten dut, hori bai.

Pregoia aldarrikatzailea izan zen. Oro har, Aste Nagusia beti izan da oso aldarrikatzailea...

DIEZ: Tira, aldarrikatzailea... ez hainbeste. Esan nituen gauzekin mundu guztia dago ados, alde batekoak zein bestekoak.

AGIRRE: Eta derrigorrezko keinuak izan ziren, gogoratu beharrekoak. Oso ondo egon zen.

Trajeak laguntzen dizue rola barneratzen? Nolakoa izan zen jantzi zenuten lehen aldia?

AGIRRE: Udaletxean egin genuen aurkezpenerako jantzi genuen lehen aldiz. Zuk ez zenekien horrela jantzi behar zinenik ere... [Francisi begira].

DIEZ: Sekulako beroa ematen du. Tira, agertokietan ohituta nago horrelako gauzetara. Baina trajea birpentsatu egin behar da; kapela honekin, mundu guztia jotzen ibiltzen naiz. Eta ez dago zertan hainbeste izerdi bota: izan ere, trajearekin kozinatzen dugu, dantzatu... Dena egiten dugu.

Hainbat aldiz egin zenion uko pregoilari izateari. Aurtengoa al zen azken aukera?

DIEZ: Aurten, batez ere arrazoi batengatik esan dut baietz: Bilboko festek funtziona dezaten eta munduko onenak izan daitezen, konpartsetako mila lagundik gora daude zoro moduan lan egiten, musu truk. Ni hasi nintzenean pregoilariaren kontuarekin, haiek jada bost hilabete zeramatzaten biltzen eta dena prestatzen. Neure buruari esan nion: «Begira, bada ordua txorakeriak egiteari uzteko; pauso bat eman, eta egin lan apur bat, motel, zure hiriaren alde».

Zuretzat, Olatz, zer garrantzi du txupinera izateak?

AGIRRE: Jakinarazi zutenean aurtengo txupinera Txori Barrotekoa izango zela, neure burua aurkeztu nuen. Konpartsa barruko prozesu bat egin zen, kideek bozkatu zuten, eta ni atera nintzen. Nik, umilki, esan nuen: «Nik txupinera ikusten dut neure burua» [barre egin dute Diezek eta biek, eta pregoilariak berehala gehitu du: «Eta nik ere bai»].

Zergatik nahi zenuen postua?

AGIRRE: Orain lau urte esan izan balidate, zera erantzungo nuen: «Ezta pentsatu ere». Ikusten bainuen zelako joan-etorrian ibiltzen ziren, trajeak ateratzen zien izerdia... Baina, gaur egun, jada ez ditut umeak zaindu behar; ospa egiten dute. Jaietan, batzuetan, nire bikotekideak baserrira joatea erabakitzen du. Eta nik jaietan egon nahi dut. «Bakarrik nago», esaten nuen. «Zer egingo dut?». Bada, txupinera izan.

«Oraindik galdetzen digute presoen argazkien inguruan. Bere garaian epaiketa bat egon zen, eta ebatzi zen ez zela umiliagarria txosnan presoen argazkiak edota izenak ipintzea»

OLATZ AGIRRE Bilboko Aste Nagusiko txupinera eta Txori Barrote konpartsako kidea
2013an izan zen Txori Barroteko aurreko txupinera: Jone Artola. Polemika handia egon zen haren izendapenaren inguruan. Egoera aldatu al da?

AGIRRE: Aldatu? Oraindik galdetzen digute-eta presoen argazkien inguruan... Bere garaian epaiketa bat egon zen, eta ebatzi zen ez zela umiliagarria txosnan presoen argazkiak edota izenak ipintzea. Baina oraindik gai berari bueltaka gabiltza. Guk argazkiak edo izenak ipintzen ditugunean —jada ez dugu argazkirik ipintzen, izenak baino ez—, gure helburua ez da inor umiliatzea.

Aurrera begira, aldatuko al da zuen Aste Nagusia, aurten ezagutzen ari zareten guztia kontuan hartuta?

DIEZ: Ni oraindik ez hausnartzeko fasean nago. Oraingoz ez dago mundurik ez bizitzarik Aste Nagusiaz aparte. Eta esan beharra daukat flipatzen ari naizela txupinerarekin; sekulakoa da. Nik bizitza osoa daramat elkarrizketak egiten; ustez, erraztasuna daukat... Baina alde ederra ateratzen dit. Oso trankil egoten da, eta ez du halakorik bere bizitza osoan egin. Ez dago geldituko duenik. Edozer egiten duela, ondo egiten du...

AGIRRE: Musu bat emango dizut...

Ezinbestekoa da konplizitatea, egun osoan elkarrekin zaudete eta...

DIEZ: Pagotxa da bere ondoan joatea, zorte handia izan dut... Berak ez hainbeste [barrez].

AGIRRE: Nik ere bai...

DIEZ: Tira, tira... Eskertzen dizut [barre algara bat egin du].

AGIRRE: Txupinera izan nahi ez nuen garaian, zera esaten nion neure buruari: «Baina, inoiz izango banintz, Francis nahiko nuke pregoilari». Eta astroak lerrokatu dira; hau zen urtea.

DIEZ: Eskerrik asko, Olatz. [Eta besarkada estu bat emanez bukatu dute elkarrizketa].

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.